Mapa moduko bat, «irudikatzeko zer den bizitzea gaur eta hemen»

Iñigo Astiz, aurkezpena egin den Donostiako Pandora tabernan./MICHELENA
Iñigo Astiz, aurkezpena egin den Donostiako Pandora tabernan. / MICHELENA

'Analfabetoa' poema liburuan historiaurreko gizakiek utzitako testigantza eta XXI. mendearen erretratu «apabullantea» lotu ditu Iñigo Astizek

N. AZURMENDI

Orain dela 13.000 urte, Ultzaman, norbaitek inguruan ikusten zuena marraztu zuen harri batean: animaliak, mendiak, ibaia... Arraitz herriko Abauntz kobazuloan aurkitu zuten harri hura 1996an, eta arkeologoek ondorioztatu zuten mapa bat zela; ezagutzen den maparik zaharrenetakoa. Iñigo Astiz ultzamarra da, eta uste du mapa hura marraztu zutela ondorengoei erakusteko «nolakoa zen bizitza momentu eta leku hartan, orduan zituzten tresnekin».

2012ko 'Baita hondakinak ere'-ren ostean, bigarren poema liburua argitaratu du Astizek, 'Analfabetoa', Susaren eskutik oraingoan ere. Eta aspaldi-aspaldiko arbaso hura ekarri du liburuaren lehen ataleko poema bakarrera: 'Norbaitek mapa bat marrazten du Arraizko kobazuloetan duela 13.660 urte'-ra. Berak beste horrenbeste egin du, «hiztegi ezinbestean diferente batekin», triptiko itxurako liburuaren hirugarren ataleko poema bakarrean: 'Hogeita bat'-en.

«Ni ere saiatu naiz mapa moduko bat egiten etorkizun direnek irudika dezaten zer ben bizitzea orain eta hemen», azaldu du liburuaren aurkezpenean. 'Hogeita bat', 2017an idatzia, «apabullante»-tzat jo du Susako editore Leire Lopez Ziluagak. Oso luzea da, irakurleari arnasa hartzeko tarte bakanak eskaintzen dizkiona, markaz, aipuz, erreferentziaz, izenez eta zenbakiz betea; osagaiz lepo.

Idazleak berak esan bezala, alegia, «nola deskribatu XXI. mendea apabullantea ez den modu batean?». Arraizko grabatzaileak natura deskribatu zuen, hura zelako bere mundua. Astizek askoz ere gauza gehiago ekarri behar izan ditu bere mapa poetikora, askoz ere konplexuagoa baita gaur mundua. «Munstro eta gauza eder guztiak» jasotzen saiatu da, errealitate gordinenak ezkutatu gabe baina, hala eta guztiz ere, «ospakizun tonu» batean, zoriona beti delako posible, nahiz eta posible den zorion bakarra izan «zirrikituetan aurkitzen den zorion konplexua».

Ez da ahalagindu, ordea, bizitzea tokatu zaion eta deskribatzea erabaki duen mundua esplikatzen. Aitzitik, «ez ulertze sentsazioaren bilaketa konszientean» murgildu da, gogoko edo hurbileko dituen poeta eta artistekin solasean maiz. 15.677 urteko arku zabal horren erdian liburuaren bigarren atala dago, denetariko gaien inguruko 39 poemaz osatua. Multzo horretakoa da hain zuzen 'Analfabetoa', liburuari izena ematen diona. Bildumako poema zaharrenak duela zazpi urtekoak dira, aurreneko liburua argitaratu eta berehala sortuak. Azkena, berriz, proiektua osatutzat eman zuten egunean idatzi zuen. Inprentako lanak geldiarazi behar izan zituzten poema libururatu ahal izateko.

Temas

Euskera