Maitasunak adina kolore dituzten familiak

Bost liburu berri aurkeztu dituzte, bilduma osatzeko. /MICHELENA
Bost liburu berri aurkeztu dituzte, bilduma osatzeko. / MICHELENA

'Familia milakolore' bilduma aurkeztu dute Pirritxek, Porrotxek eta Mari Mototsek, ahalik eta familia eredu gehienei ikusgarritasuna emateko

NAIA BEGIRISTAIN

«Maitasun-harreman adina familia eredu sor daitezke», adierazi du Antxiñe Mendizabalek. 'Familia Milakolore' bildumako bost liburu berri eta karta-jokoa aurkeztu ditu Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsekin batera, Donostiako Elkar liburu-dendan. Modu horretan, orain hamabost urte hasitako proiektua borobildu dute. Azken argitalpenak gehituta, bederatzi familia eredu ditu orain bildumak. Hala ere, egitasmoa amaitu ez dela nabarmendu du Mendizabalek: «Maitasun-harremanak zabaltzen diren heinean areagotzen dira familia ereduak».

Miren Amurizak idatzi ditu liburuetako testuak. Irudiak, bestalde, Julen Tokero ilustratzaileak sortu ditu. Antxiñe Mendizabal arduratu da, azkenik, edizio lanez. 'A.E.I.O.Unai' liburuak harrera-familia bateko bizimodua islatzen du. 'Amona Mari Lutxi' kontakizunaren ardatzean dago, aldiz, zaharren egoitza batean sortutako familiaren istorioa. Haurra adoptatu duen bikote baten bizipenak erakusten ditu 'Paularen Txinelak' liburuak, eta 'Gure Egongela' kontakizunak, bestetik, seme-alabarik ez izatea hautatu duen bikote baten bizimodua azaltzen du. 'Gure Familia' liburuaren atzean, azkenik, «elkar asko, aske eta ondo» maite duen familiaren kontakizuna dago: Pirritxek, Porrotxek eta Mari Mototsek osatu dutenarena, alegia.

Aiora Zulaika 'Pirritx'-ek adierazi duenez, liburu-bilduma errealitateak duen «aniztasunaren isla» da. Hori horrela, kontakizun berriak argitaratzeko premia izango du lantaldeak: errealitatearen antzera, familiak ere «moldagarriak» baitira.