Borrar
Luxuaren alde ilunera garamatza Maria Garrastazuren bigarren bidaiak

Luxuaren alde ilunera garamatza Maria Garrastazuren bigarren bidaiak

'Distira eta alderantzia' argitaratu du Joxean Agirrek, 1920ko hamarkadan Parisen girotua, irakurleek 'Ispiluak eta itsasoak'-en ezagutu zuten argazkilaria eta migratzaile zuberotarren komunitatea protagonista dituena

nerea azurmendi

Jueves, 25 de febrero 2021, 14:53

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

«Helduentzako nobela konbentzional» eta konplexu biren arteko tartea, bat bukatu eta hurrengoari heldu arteko hilabete horiek, «oso deserosoak» egiten zitzaizkion Joxean Agirre Odriozolari (Azpeitia, 1949). «Etxe aldaketa bat bezalakoa iruditzen zitzaidan. Batean dena ezagutzen zenuen, baina bestean dena zegoen eraikitzeko», gogoratu du ostegun honetan, 'Distira eta alderantzia'-ren aurkezpenean, ezinegon horri aurre egiteko bururatu zitzaion erremedioaren adibide baita Elkarrek argitaratu duen liburua.

Hain zuzen ere, nobela arteko hutsune-sentsazio hori betetzeko edo baretzeko 'nobelatxoak' idaztea otu zitzaion, halaxe kalifikatu baitu idazleak berak Elkar-eko editore Xabier Mendigurenekin batera aurkeztu duen 76 orrialdeko liburua. «Pentsatu nuen izan zitekeela bide bat nobela sinpleagoak egiteko», azaldu du, lan horietarako baliatzen duen abagunea aipatzean.

Tartekatze sistema horren arabera, 2017ko 'Goldsmithen ikaslea' eta iazko 'Nobela errealista bat'-en artean idatzia izatea tokatuko litzaioke Maria Garrastazu protagonista duen bigarren lan honi, 'Distira eta alderantzia' 2018ko 'Ispiluak eta itsasoak'-en segidatzat har daiteke. Hurrengo bat ere izango da, trilogia bat baitu buruan Joxean Agirrek, eta oso aurreratuta hirugarren zatia.

Maria Garrastazuren lehen bidaia kontatzen zuen aurreneko 'nobelatxo' hura amaren omenez idatzi zuen. 17 urteko neska bat zen protagonista, idazlearen ama bezala Aizarnako baserritik oso gazterik irten eta Zestoako bainuetxera lanera joandakoa, «Parisen amaitzeko, ispilu-saltzaile».

Oraingo hau hasi egiten da Parisen, iragan mendeko bigarren hamarkadan, Belle Époque betean, Luxenburgo parkean. Literaturan eta beste arlo batzuetan maiz erabilia izan den Kafkaren eta panpina galduta parke batean negarrez zegoen neskatoaren pasadizoa ekarri du gogora Agirrek eleberriaren hasieraz jardutean. 'Distira eta alderantzia'-n, parkean pasieran dabilena Maria Garrastazu da. Lortu du argazkilari bilakatzea, baina «gauetan sentitzen du gurasoen nostalgia», etxetik kanpo dagoenaren herrimina.

Bakarrik eta negarrez dagoen neskato bat ikusiko du. Ez zaio panpina falta, ama baizik. Soineko dotorea darama, baina ez du ematen parkearen inguruko etxe onen bateko alaba, zuberotarrez hitz egiten baitu. Haurraren ama topatzea izango da une horretatik aurrera Maria Garrastazuren egitekoa. Soinekoa eta hizkera izango dira, berriz, bilaketari ekiteko pista nagusiak.

Chanel eta Schiaparelli

Mariaren ahizpak Coco Chanelek Biarritzen daukan tailer batean lan egiten duenez, hari bidaliko dio neskatoaren soinekoaren argazkia, eta haren begi onari esker jakingo du Elsa Schiaparelliren haurrentzako bildumako pieza bat dela.

Izenburuak iradokitzen duen moduan, bilaketak modaren alde distiratsura eta alderantzi gogorrera gerturatuko du Maria Garrastazu. Gaur egun bezala, orduan ere alde batean zeuden luxua eta glamourra, eta bestean «modaren mundu sordidoa», jantzi horiek baldintza oso gogorretan josten zituzten emakumen bizimodu zaila; neskatoaren amarena, besteak beste, «Bellevilleko lantegi batean lan egiten duen sindikalista zuberotarra». Emakumaren jatorriaren haritik tiraka, modaren munduan ez ezik Euskal Herritik Parisera joandakoen munduan ere murgilduko da Garrastazu, zeinak bigarren bidaia bat egingo duen, Parisetik Altzürüküra.

Nobela 'handietan' ez bezala, xumeago hauetan gustatzen zaio Joxean Agirreri «pedagokia politiko» pixka bat egitea. Eta honetan ez dio uko egin «mundua aldatu nahi dutenekiko» miresmena azaltzeari.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios