Las diez noticias clave de la jornada
Laszlo Krasznahorkai, 2025ko Literatura Nobel Saria. EFE

Literatura Nobel Saria gure etxe barruko pantailetan

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 12 de octubre 2025, 12:34

Ostegunean eman zen jakitera, László Krasznahorkai idazle hungariarrari eskaini dio Suediako Akademiak Literatura Nobel Saria. Oraindik ez dugu euskarara ekarria bere lana. Euskarazko Wikipediak bai aipatzen ditu Acantilado argitaletxeak gaztelaniaz plazaratu izan dituen bere nobela ikaragarri deabruzko malenkoniatsu hainbat: Sátantango, Melancolía de la resistencia, Al Norte la montaña, al Sur el lago, al Oeste el camino, al Este el río. Izugarriko artikulu bat ere komentatzen du Entziklopedia Askeak, The New Yorker txit aldizkari gorenak aspaldian argitaratu Madness and Civilization. Bertan, zuzen, zuhur eta zorrotz asko zera esaten da, Krasznahorkairen beraren hitzak eta hausnarketak jasoz, bada, bai, László autore errealista. Errealista oso baina beste sortzaile ugari eta primerakok nola, (Thomas Bernhard, Bolaño, David Foster Wallace…) hungariar sarituak eromenaren ikuspuntutik ikertzen eta aztertzen du errealitate erreal hori…

Publicidad

Ostegunetik hona Behin baino gehiagotan mintzatu da bere esaldi amaigabeez. Egia, esaldi horietako bakar batek atal oso bat bete lezake erraz oso. Komentatu da punturik ez duela erabiltzen. Ez arduratu baina, puntu eza horrek geldo geldo zabaltzen den laba ibai baten itxura ematen die hitzei, sintaxiari, esakune horiei.

Hurbil zaitezte lasai asko Laszloren liburuetara, bertan geratuko zarete betiereko giltzapeturik. Pertsonaia estrainiok inguraturik. Errebelazio, ezuste baten esperoan izango zarete hor, kartzela-aterpe horretan; sekula gertatuko ez den errebelazio baten zain… Tango satánico usnatuz gero, ezingo duzue inoiz aroma usteldu horretatik libratu. Alta, kirats desolatu hori lurrinik gozoena irudituko zaizu hain baita harrigarria Laszlok irakurlea ehizatzeko duen habilidadea.

Hitz egin dezagun Krasznahorkaik duen beste ofizio-afizioaz; gidoiak idaztearena, alegia. Filmin plataforman baduzue bera bezala muga guztietatik at dagoen Bela Tarr herrikideren filmografia kasik osoa, zeinean Laszko kolaboratzaile fidel eta jarraitua izan baita. Zuen etxeko barruko pantailetan Sátantangoren bertsio luze, hotz, garratza ikus dezakezue. Hiru zatitan da eskainia, 7 ordu t´erdi irauten duen esperientzia bada eta, beste ezerekin konpara ez daitekeen esperientzia…

Zuen etxe barruko zinema areto luxuzkoetan eskura duzue Werckmeister Harmóniák. Hor Hanna Schygula aktore apartaren konpainia apartan, infinituaren azalpena emango digute taberna ziztrin batean Belak, Laszlok eta lagun/lankide duten Ágnes Hranitzkyk. Hirira, hiri kolorgera zirkua iristear da. Badakarte, omen, munduko balearik handiena…

Publicidad

Belak eta Laszlok sortutako beste zeluloide piezak dira ikusgai (planu luze, sakon, zabal horiek…) gurean. Esaterako, bere malenkonia existentzial mingarrian ezin ederragorik den El caballo de Turin edo Hungaria zein pertsonaiak amildegiaren ertzean kokatzen dituen La condena…

Sar zaitezte beldurrik gabe aurtengo Literatura Nobel Saria eskuratu duen Laszlo Krasznahorkairen mundu hondorik gabekoan. Erabaki ezazue ere nola sartu, hitzez edo irudiz…

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad