2.623.361 liburu-mailegu 2018 urtean

2.623.361 liburu-mailegu 2018 urtean
irekia.eus

Eva García Sáenz de Urturi, Dolores Redondo eta Uxue Alberdi idazleenak izan ziren erabiltzaileek gehien eskatutako liburuak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskadiko herritarrek iazko urtean zehar 2.623.361 liburu hartu zituzten maileguan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegietatik. 300 liburutegi baino gehiagok osatzen dute sarea, eta jada 997.382 erabiltzaile ditu.

Euskadiko herritarrek iazko urtean zehar 2.623.361 liburu hartu zituzten maileguan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegietatik (EAEko 300 liburutegi baino gehiago), eta, horrekin batera, 57.189 liburu digital hartu zituzten eLiburutegiaren bidez.

Zifra horiek egiaztatzen dute liburu digitalen maileguek nabarmen egin dutela gora aurreko urtekoekin alderatuta, eta finkatu egin dela liburutegien sarearen bidez egiten den inprimatutako liburuen mailegua: aurreko urtean baino 11.727 liburu digital gehiago utzi ziren maileguan (% 25 gehiago) eta 17.000 liburu gehiago paperean (% 0,65).

Era berean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak 41.127 erabiltzaile gehiago izan zituen 2018an, eta 997.382 erabiltzaile zituela amaitu zuen urtea (EAEko bi biztanletatik bat, ia-ia); horietatik 29.134 eLiburutegiaren erabiltzaileak ere badira (2018an 7.000 irabazi zituen eLiburutegiak).

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea batez ere Euskadiko udal-liburutegiek osatzen dute, nahiz eta zerbitzu horretan integratuta badauden udal-titularitatekoak ez direnak ere (Eusko Jaurlaritza, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma…).

Une honetan 205 udalerritan kokatutako 300 liburutegi baino gehiagok osatzen dute. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegiek 2018an beste 120.574 titulu izan zituzten, eta, ondorioz, katalogoan 1.195.780 titulu dituzte. Halaber, Sare horretako liburutegiek urte amaieran 6.648.491 ale zituzten, aurreko urtean baino 275.156 gehiago.

Kontuan hartuta liburutegi horiek sarean funtzionatzen dutela eta erabiltzaileek katalogo bateratu bateko titulu guztiak eskuratu ditzaketela, 2018an 96.559 liburu bidali ziren liburutegi batetik bestera, aurreko urtean baino 10.000 gehiago.