Liburuak ere patxadaz egin, irakurri eta gozatu daitezkeelako
Olatz Mitxelenak biloba-aitona arteko harremana baliatu du 'Su txikian' galderen bitartez hainbat hausnarketa plazaratzeko
Izenburua baino askoz gehiago adierazten du 'Su txikian' (1545) album ilustratuak, Olatz Mitxelenak idatzia eta Irati Egurenek ilustratua. Udane biloba eta aitona Martinen arteko harremana, bi belaunaldien arteko harremana eta bidean alboratu den mundua ikusteko modu bat aldarrikatzetik ere badu. Abiadura bizian doan mundu honetan lasai, mantso, bestela, gauzak ere egin daitezkeela nabarmentzea. Aitona Martinen «ondo egindako gauzen eran hazten dira haritzak eta pagoak: mantso» esaldiak laburtzen du asmo hori.
Mitxelenak xehatu duenez trama «sinplea» da, baina aldi berean «geruza» ugari ditu eta, azkenean, irakurlearen «adinaren eta gogoaren» esku geratuko da noraino sakondu eta hausnartu. Larunbata denez Udane bilobak egun bat igaroko du aitona Martin bisitatzen eta han ikusi eta entzuten dituenekin galdera ugari sortuko zaizkio. Hauek, gainera, ez datoz erantzunda, irakurleak ere bere egin ditzan, horietatik gehiago sor daitezen eta, batik bat, su txiki horren bueltan elkarrizketa eman dadin. «Hausnarketa eragiteko liburua da, ez da itxita emandako zerbait. Suak gonbidapena egiten du begiratu eta horren bueltan jartzera. Geruzaz geruza, galdera galdera, elkarrizketarako eta hausnartzeko aukera» ematea da helburua.
'Su txikian'
-
Egilea: Olatz Mitxelena.
-
Ilustratzailea: Irati Eguren.
-
Argitaletxea: 1545.
-
Orrialdeak:
-
Prezioa: 19 euro.
Prozesua bera ere su motelekoa izan da. 2024an bildu ziren argitaletxeko kideak Mitxelenarekin eta ostean batu zen Eguren. Azaldu duenez «segituan konektatu» zuen proiektuarekin. «Iruditu zitzaidan basoa irudikatzeko zuhaitzen tonu eta forma horretan arakatu behar nuela». Hala, nolabait, Udanek «zuhaitz ibiltari» kutsua du. Mitxelenak esker hitzak izan ditu haren lanarentzat, iritzita ilustrazio «eder hauek istorioa beste puntu batera» eraman dutela.
Joan-etorriko lana izan da Mitxelena eta Egurenen artekoa, «lasai eta gustura» egindakoa. Behin testua jaso zuenean bost elementu irudikatu zituen ilustratzaileak. Lehena, protagonista, Udane, «zuhaitz ibiltari» bezala irudikatu zuena. Bigarrena, aitona Martin, «paisaiaren parte, jakinduria iturri» eta, noski, bien arteko harremana. Horren metafora gisa baliatu du txoria. Hala, Udanek «galdera pila bat dituenean txori gehiago agertzen dira». Zuhaitzetan ere bada bilakaeran batik bat herritik basorako bidean «ezagutza hori» ematen dutenak. Irudiez orokorrean ez direla errealistak onartu zuen, «Olatzek botatzen dituen galderetan hausnarketa sakonagoak egiteko poetikora jotzen dute».
Eta testu hutsetik harago doa Xabi Salaberria 1545 argitaletxeko kideak adierazi bezala liburuak haien lan egiteko moduekin bat egiten baitu. «Bada merkatu eta dinamika bat argitaletxeen munduan, nahi gabe hor sartzera behartzen zaituena eta guk beste begirada batetik eta beste erritmo batan egin nahi dugu lan». Hala, argitaratzeak arnas hartzetik ere izan du eta etorkizunean hala jarraituko nahiko lukete. «Liburuak ostean ere beste poso edo arrasto bat uztea nahiko genuke, poliki-poliki bidea egiten jarraitzea».
Agerraldian azaldu dutenez jada eraman dute haurren irakurle talde batera eta jolasa eman dezakeela ikusi dute. «Okilak zer esan nahi duen irekia utzi dugunez atera ziren gauzak, edo zuhaitzak berak ere: ez da gauza bera pinua, haritza edo pagoa. Eraman daiteke kultura edo hizkuntzara, metaforara».
Azkenik, argitaletxean jada ia ohitura den bezala, argitalpena osatzen duen kantua ere aurkeztu dute. Itziar Ugarte poetak egin ditu hitzak eta Olatz Salvadorrek musika. Laster eskegiko dute bideoa.