Borrar
Nerea Loiola idazlea, iazko Durangoko Azokan. Félix Morquecho

Nerea Loiola

'Moko Koko eta sekretu sakratua'
«Liburu hauen istorioan aurrera egiteko, batzuetan haurrak erabaki bat hartu behar du»

Nerea Loiola idazleak 'Moko Koko eta sekretu sakratua' izeneko ipuin fantastikoa kaleratu du, haurrek argibideei jarraituz irakurtzeko ipuina

Iraitz Urkulo

Larunbata, 1 azaroa 2025, 11:07

Comenta

Nerea Loiola Pikaza (Deba, 1985) haur eta gazteen artean arrakasta itzela izaten ari diren 'Eskapu Txiki' eta 'Eskapu' bildumetako liburuen idazlea da. 80ko hamarkadan sekulako ospea izan zuen 'Aukeratu zure abentura' bilduma inspirazio hartuta, bere istorioetan aurrera egiteko, irakurleek erabakiak hartu edo enigmak ebatzi behar dituzte eta, horien arabera, orrialde batera edo bestera jo. Izan ere, lan hauen bereizgarria da abentura bakarrak hamaika aldaera dituela.

Erein argitaletxearen eskutik, 'Moko Koko eta sekretu sakratua' izeneko ipuin fantastikoa kaleratu du berriki, Ivan Landaren marrazki koloretsuekin, 8 eta 10 urte bitarteko haurren gozamenerako.

– 80ko hamarkadan gaztetxoen artean hain arrakasta handia izan zuen 'Aukeratu zeure abentura' bilduma hartu duzu eredu 'Eskapu Txiki' eta 'Eskapu' bildumak sortzeko.

– Bai, horrela hasi zen dena, duela bost bat urte, nire seme zaharrenaren lagun bat ikusi nuenean gaztelaniazko 'Elige tu aventura' bildumako liburu batekin. Berehala etorri zitzaizkidan gogora nik 80ko hamarkadan irentsi nituen 'Aukeratu zure abentura' guztiak. Ohartu nintzen euskaraz azken 40 urteetan inork ez duela halakorik egin, eta 'Eskapu' bildumarekin hasi nintzen. 'Eskapu Txiki' bildumako liburuak gerora etorri ziren.

– Nolako harrera izaten ari dira 'Eskapu Txiki' eta 'Eskapu' bildumetako liburuak? Gaur egungo haur eta gazteek ere gustuko dituzte?

– Hasieratik harrera bikaina izan dute, eta esan daiteke euskal haur eta gazte literaturako bestsellerrak direla. Gaztetxo askok, bildumako liburu berri bat eskuratu bezain pronto, hurrengoa eskatzen didate. Durangoko Azokan ere behin eta berriz gertatu zait: liburu berria erosten dutenek hurrengoaren bila jotzen dute segidan. Idazten hasi nintzen gure literaturan hutsune hori sumatu nuelako, eta garbi dago asmatu dudala.

– Liburu hauen bereizgarria da irakurleak argibide batzuei jarraitu behar diela istorioan aurrera egiteko.

– Liburu hauetan irakurlea beti da abenturaren protagonista, eta istorioan aurrera egiteko, batzuetan irakurleak erabaki bat hartu behar du: bi edo hiru bide, egoera edo erantzunen artean aukeratuz. Beste batzuetan, berriz, liburuaren zein orritan jarraitu jakiteko kode bat beharko du. Kode horiek enigmen bidez ezkutaturik daude liburuan, irakurleak berak aurkitu beharreko arrasto gisa.

– Zure ipuinen xarma ez datza soilik orrialde batetik bestera saltoka eta modu desordenatuan irakurtzean. Liburu bakoitzak istorio beraren hamaika aldaera dakartza.

– Bai, hala da: hartzen diren erabakien arabera istorioa aldatzen da. Baina 'aukeratu zure abentura' egitura izateaz gain 'ihes-liburua' ere badenez, irakurlearen erronka nagusia bide zuzena edo desiragarriena topatzea da. Izan ere, bide 'okerretan' gertatzen denak ez du izaten ia inoiz amaiera atseginik.

«Gaztetxo askok, bildumako liburu berri bat eskuratu bezain pronto, hurrengoa eskatzen didate»

– Letra-tamainaren eta tipografiaren aldaketa ugariek eta kolore biziek argi uzten dute liburuen asmo ludikoa. Funtsean haurrek irakurtzen ederto pasatzeko bildumak dira, ezta?

– Niretzat irakurtzea beti izan da gozamena, eta idazten dudanean hori bera transmititzea da nire helburua, haur, gazte zein helduentzat. Literaturak gauza gehiago ere eskaintzen ditu, eta horien peskizan nabil beti; baina abiapuntua garbia da: liburua zabaltzen duen irakurlea berehala harrapatuta sentitzea.

Abentura berria

– 'Moko Koko eta sekretu sakratua' lan berrian, irakurlea bera da protagonista. Izan ere, testua berari zuzentzen zaio, singularreko bigarren pertsonan idatzi baituzu.

– Bai, hala da: 'Eskapu' liburu guztietan gertatzen da hori. Protagonista beti da irakurlea bera, eta horri esker pertsonaia eta egoera mota askotarikoak gorpuzteko aukera du. Horregatik narratzaileak zuzenean zuzentzen dio hitza irakurleari, interpelatuz eta istorioaren parte aktibo bihurtuz. Uste dut hori ere badela irakurleek liburu hauek hain gustuko izateko gakoetako bat.

– Ivan Landaren ilustrazio koloretsuak ere protagonistaren ikuspegitik eginak daude, liburuaren azaletik bertatik hasita.

– Ivan Landa ilustratzaile bikaina da eta intuizio aparta du. Berarekin lanean hasi nintzen unetik ohartu nintzen ederki konponduko ginela. Gainera, berak maketatzen ditu liburuak eta berak egiten ditu bai azala, bai ilustrazioak; horrek balio erantsi ikaragarria ematen dio obrari eta berezko nortasuna gehitzen dio bildumari.

– Abentura fantasiazko mundu batean kokatu duzu.

– Fantasia literarioa bizitzaren parte da, gure egunerokoari zentzu eta sakontasun berria emateko bidea. Ezinbestekoa da, errealitatea ulertzen laguntzen duelako eta gure beldur, amets nahiz desirak irudikatzeko aukera ematen duelako.

– Kontakizun dibertigarria izan arren, protagonista tragedia betean irudikatu duzu: gurasoen heriotza gainditzeko ahaleginean.

– Istorioaren abiapuntua hori da: protagonistak gurasoak galdu ditu eta doluaren ukazio fasean dago, dena lehen bezala izatea nahi du, nahiz eta hori ezinezkoa izan. Tamalez, azken urteetan haurrentzako fikzioan gehiena oso 'Disney' da, baina bizitza ez da horrelakoa. Eta literaturak ere egin behar dio lekua horri.

«Fantasia literarioa bizitzaren parte da, gure egunerokoari zentzu berria emateko bidea»

– Inork ez dezala pentsa, haurrei zuzendutako ipuina bada ere, amaiera guzti-guztiak zoriontsuak direnik...

– Ez dakit zein unetan erabaki zen haurrentzako literaturak derrigorrez zoriontsua izan behar zuenik. Azken batean, literatura bizitza ulertzeko modu bat da, eta bizitzak argiak zein ilunak ditu. Ez diegu haurrei inolako mesederik egiten errealitate hori ukatzen badiegu.

– Pertsonaia harrigarriak sortu dituzu, zein baino zein bitxiagoa: dortoka margolari bat, musker betaurrekoduna, ornitorrinko bat errege...

– Esan behar dut pertsonaia horiek ez ditudala nik asmatu: nire seme zaharrenak aurkeztu zizkidan duela ia hamar urte. Herriko literatura lehiaketa baterako ipuin bat sortu zuen, eta han jaio ziren dortoka margolaria, musker betaurrekoduna eta ornitorrinko erregea. Nik nire ipuinetara 'bidaiatzeko' gonbita egin nien, eta pozik onartu zuten.

– Hizkuntzarekin ere jolastu zara. Adibidez, pertsonaietako bat errima bidez mintzo da. Eta errima baliatu duzu enigma askoren laguntza-oharrak idazteko.

– Hizkuntza ahazturiko jolastoki erraldoia da. Hizkuntzarekin jolastea oso dibertigarria izan daiteke, eta errima jolas aukera bat besterik ez da. Idazten dudanean, beti saiatzen naiz irakurleei leiho desberdinak zabaltzen, liburua itxi ondoren ere nora jo izan dezaten, ez daitezen nik sortutako orrialde horietan kateaturik geratu.

– Baduzu aurrerantzean bi bildumak elikatzen jarraitzeko asmorik? Dagoeneko istorio berriak dituzu buruan? Zerbait aurreratzerik bai?

– Bai, noski. Nik halako liburuak idazten gozatzen jarraitzen dudan bitartean, bai 'Eskapu' bildumarekin bai 'Eskapu Txiki'rekin segituko dut. Une honetan 'Eskapu' bildumako laugarren liburua maketatzen ari gara, 'Oraire', eta azaroaren hasieran argitaratuko dugu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Liburu hauen istorioan aurrera egiteko, batzuetan haurrak erabaki bat hartu behar du»

«Liburu hauen istorioan aurrera egiteko, batzuetan haurrak erabaki bat hartu behar du»