Leire Bilbao Queretaroko 'Hay Festival' jaialdian izango da

Leire Bilbao Queretaroko 'Hay Festival' jaialdian izango da
Jose Usoz / DV

Etxepare Euskal Institutuak literatur jaialdiarekin duen hitzarmen bati esker euskal idazlea bertan izango da irailaren 7 eta 8an

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Mexikoko Queretaro hirian egiten den 'Hay Festival' literatura jaialdiak beste edizio bat izango du aurten, irailaren 5etik 8ra bitarte. Bertara Leire Bilbao euskal idazlea izan da gonbidatua, Etxepare Euskal Institutuak jaialdiarekin duen hitzarmenaren bitartez, eta bi ekintzatan hartuko du parte irailaren 7an eta 8an.

Irailaren 7an Bilbaok eskainiko duen solasaldia 'Hay Festivalito' atalaren barruan kokatzen da. Atal hau haurrentzako literaturari dagokiona da; hain zuzen, gonbidatua izan den euskal idazleak bereziki jorratu duen literatura mota. Bertan, 'Bichopoemas y otras bestias' izeneko liburuari buruz mintzatuko da Bilbao, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk poesia-bildumaren itzulpena, alegia. Museo Regional-en izango da hitzaldia, goizeko 10:30ean.

Ostera, irailaren 8an, Bilbaok mahai-inguru batean hartuko du parte jaialdiko Sail Nagusian, beste hainbat idazlerekin batera. Bertan izango dira Alys Conran idazle galestarra eta Juan Carlos Franco eta Isabel Zapata idazle mexikarrak. Mahai-inguruaren gida-lanak egiten, bestalde, Eduardo de la Garma idazle mexikarra izango da. Solasaldia Cineteca gunean izango da, 11:00etan. Bi ekimen hauen aurretik, Bilbaok irailaren 6an zehar Queretaroko hainbat hedabiderekin elkarrizketak izateko tartea hartuko du.

'Hay Festival' jaialdia Galeseko 'Hay-on-Wye' herrian sortu zen 1988 urtean, eta hasiera batean, lagun artean literaturari eta arteari buruz eztabaidatzea zuen helburu. Gaur egun, Galesez gain, mundu-mailako hiri ezberdinetan ere burutzen da – tartean mintzagai dugun Queretaron; Cartagenan eta Medellinen (Kolonbia), Arequipan (Peru) edota Segovian –, eta bertara nazioarteko idazle eta pentsalariak joan ohi dira jendaurrean hitzaldi, mahai-inguru edota eztabaidetan parte hartzera.