Lapurreta xume izan eta ilunerantz korapilatzen doan istorioa ondu du Jon Arretxek
Touré detektibeaz «atseden hartuz» baina eleberri beltzean, beste gizarte maila bat irudikatu du idazleak, kritika sozial gutxiago eta umore gehiagorekin
Jon Arretxe idazlearen izena estuki lotua egon da Touré detektibearenari hamarkadatik gora, baita bide horretan ondutako lanen estiloari: nobela oso soziala, inplikazio handikoa, mundu marjinalari ahotsa emanez, protagonistak txiroekin -etxegabeek, immigranteak, prostitutak...- eta kritika sozial oso handia eginez. Harekiko «aldatzeko beharrak» bultzatu du orain abentura berri batera -tartean ere kaleratu zuen 'Arrutiren banda' (Erein, 2017) eleberria- eta emaitza 'Txerriak eta loreak' (Erein) eleberria izan da. «Nobela beltzetik atera gabe zerbait ezberdina idatzi nahi nuen eta ia beste muturreraino joan naiz», aurreratu du.
Arbizuko hestebete-lantegi batean gauerdian gertatzen den txistor lapurreta misteriotsua da abiapuntua, eta hortik aurrera umore klabean idatzitako trama beltza dator, oso beltza, erritmo bizikoa, elkarrizketa ugarikoa, «tarantinoar» estetikakoa. Inazio Mujika Ereingo editoreak esan bezala, «lapurreta xumea da hasieran», baina poliki-poliki konplikatzen doa eta «ustekabeko bide ilunak» irekitzen doaz. «Lapurretak pertsonaia arraro eta arriskutsuen arteko kate kriminal aktibatzen du», tartean mafia txiki baino antolatuak. «Nobelak erakusten du zenbat jende mugitu daitekeen gertakari sinple baten atzetik eta elementu arras arrunt batek errealitate osoa iraul dezakeela. Dena intriga galdu gabe».
Hala ere, biek ala biek esan bezala, «berritasun nagusia, pertsonaia interesgarriena» eta eleberria «original» egiten duena Zuriñe Ruiz de Gordoa da, «Down sindrome duen emakumea, judoka ohia eta txapeldun paralinpikoa, indartsua, bereziki zorrotza, bere kabuz eta determinazio handiz» mugitzen dena, Mujikaren esanetan «Touréren maila hartzeko indarra eta etorkizuna duena». «Halako batean enkargu bat jaso eta bide konplexuetan sartzen da, istorioaren bihotzean», adierazi dute.
'Txerriak eta loreak'
-
Egilea: Jon Arretxe.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Orrialdeak: 168.
-
Prezioa: 21,00 euro.
Era berean, Touréren nobeletan ia ardatz nagusia zen kritika sozial gutxiago aurkituko du irakurleak. «Beti hiri handietako auzo baztertuetan zegoen jende zaurgarria eta marjinala zen protagonista, orain zortzi edo 16 abizen euskaldun izan ditzakeen jendea», alderatu du. «Zertzelada batzuk daude, baina irakurlea dibertitzekoa egin nahi nuen, harrapatzen duen eleberria izatea».
Ildo horretan, azala «nahiko esanguratsua» da Arretxerentzat. «Urkatzeko sokaren itxurakoa benetako txistorrekin egina», deskribatu du umorez. Alorrean dokumentatzea izan da pausoetako bat eta, bide horretan, Patxi Goikoetxea bereziki lagungarria izan dela nabarmendu du, «ate guztiak irekiaz eta dena erakutsiz». Libururako noski, tentu handiz ibili da inork ez dezan identifikatu «pertsonaia mafioso» harekin.
Touré 2.0?
Aurkezpena eginda, laster Guadalajara (Mexiko) bisitatuko du eleberri beltzari buruzko topaketa batean izateko. Abenduaren 5etik 8ra, nola ez, Durangoko Azokan izango da, zita oso kuttuna idazlearentzat. «Oso gustura joan ohi naiz, jada 30 urte». Irakurleen iritzia beti interesgarri, aukera baliatuko du 'Txerriak eta loreak' eleberriak duen harrera testatzen hasteko, nahiz eta benetako feedkack-a geroago jasoko duen uste duen, behin irakurleek irakurritakoan. Eta adi, irakurle, etorkizunari begira mugarri izan baitaiteke, batik bat Zuriñe Ruiz de Gordoaren berri gehiago izateko. «Badu potentziala, apur bat Tourék bezala. Harekin ikusi nahi zuen zelako harrera zeukan eta '19 kamera'-k arrakasta izan zuenez, iritzi positiboak entzun nituenez, jarraitu nuen. Honekin antzeko».
Ikertzaile berriaren alde azpimarratu du «behintzat originala» dela, are gehiago egungo nobela beltzean «jada dena asmatua dagoenean: polizia mota guztiak, lehen oso matxistak, gizon oso gogorrekin eta orain ez hainbeste; bikoteka, mutil-neska, biak neskak edo neska bakarrik; etab». Hala, bere garaian txapeldun paralinpikoa izan zen ikertzailea, Down sindromea duena, «ez dut inoiz irakurri». Profila osatzeko eta Down sindromedun pertsonen ezaugarriak ongi ezagutzeko Paz Velasco kriminologoa izan du lagun.
Lekuen kokapenaz, sarri Arretxek lan handiak hartu dituena, oraingoan errazagoa izan da, azken 20 urteetan Arbizun bizi baita eta beste bi giroak, Basauri eta Gasteiz ederki ezagutzen ditu. «Lehenean jaio nintzen eta bigarrenean bizi ikasten nuen bitartean». Hori bai, hemen ere kasualitateak izan du eragina, eleberriaren hasiera idazle kanariar batek eman baitzion. «Arbizun bizi zara, txistor fabrikak daude, zergatik ez dugu egiten lapurreta bat?», esan omen zion.