Lagunez inguraturik 'Galbeahea' poesia-errezitaldia eskainiko du Gotzon Barandiaranek
2024an aurkeztutako liburua oinarri izanda Sanagustin Kulturgunean egongo da 18:00etan
Maitasuna «ardatz eta hari» du 2024an Gotzon Barandiaranek aurkeztu zuen 'Galbahea' poema-liburuak, memoria oso kontuan duena eta, hein batean, bere belaunaldiari eta harekin, belaunaldikideen zein horien sorkuntza lanekin izandako «elkarrizketak transkribatuta» ondua. Esan zuen «orain barrura, orain kanpora» begira idatzi zuela. Ostean azken ildo honi tiraka musikatu zituen, baita audioliburu bihurtu ere. Igande honetan ibilbide oso oparoan beste harri bai gehituko du, Sanagustin Kulturgunean 18:00etan poesia errezitala eskainiko baitu.
Lan honen bitartez Barandiaran «bere niaren eta bere belaunaldiaren artean» kokatzen dela iritzi du, beti «angelu sozial baten bila» eta «begirada kritikoarekin». Horretaz gain, egilearen amaren heriotzari eskainitako lerroek poema-liburua «intermitenteki» zeharkatzen dutela aurreratu du eta, horrekin, «maitasun aitortzari garaiz esan gabekoen mina eransten zaio».
«Hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko, letrazko galbahe bat eraiki du Gotzon Barandiaranek bere hirugarren poema liburuan. Maitasunaz ari da, bere belaunaldiaz, elkarbizitzarako baldintzez, baina baita hildako deserosoez, isilean errepikatutakoez eta harrapatutako kultura baten nekeez ere. Memoria ardatzeko gaia izanik, amaren heriotzak ere zeharkatzen du liburua. Hark berretsi dio poetari, hain justu, galbahearen beharra», nabarmendu du antolakuntzak.
Poesia eta musika uztartuko dituen errezital berezian ez da bakarrik izango, lagun eta sortzaile talde zabal batek lagunduko baitio bidean. Besteak beste, Dinamoa sormen gunea bilgune duten APOA poesia taldeko kideak edota Lander Bilbao, Juanra Madariaga, Josu Landa, Morau, Oier Guillan, Ainara Lasa, Harkaitz Cano, Mikel Elorza eta Ima Ubeda.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.