Literatura eta politika uztartu ditu Hasier Arraizek etorkizunera begira idatzitako saiakeran

Hasier Arraiz, ostegun honetan Donostian. /MORQUECHO
Hasier Arraiz, ostegun honetan Donostian. / MORQUECHO

«Oraindik existitzen ez den mundu baten paisaia narratiboen bila» abiatu da, Ereinek argitaratu duen 'Maitasun keinu bat besterik ez' liburuan

NEREA AZURMENDI

2016an aldendu zen politikagintzaren lehen lerrotik Hasier Arraiz (Gasteiz, 1973). Eusko Legebiltzarretik, EAEko Auzitegi Nagusiaren gaitasungabetze zigorrak behartuta. Sorturen presidentetzatik –uko egin zion berriro hautagai izateari– berak hala erabakita. Orduz geroztik agerraldi politiko oso gutxi egin ditu. Gehiago murgildu da politikagintzari erabat emanda zegoenean ere garrantzi handikoa zuen literaturan. «Literatura izan da beti nire babesgune pertsonala, nire pasioa», esan du Donostian, 'Maitasun keinu bat besterik ez' liburuaren aurkezpenean.

Izenburua ikaskide izandako Kirmen Uriberen 'Bisita' poematik hartu duen saiakeraren aurkezpenean, Gasteizko Letren Fakultatean Filologia ikasi zuen Arraiz literaturzalea azaldu da Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoaren ondoan. Militantzia politikoari oso gazterik atxiki zitzaiona ere bai, literatura eta politika uztartu baititu estreinako agerraldi literarioan. «Liburu aberatsa» osatu du, Aldekoaren ustez.

Literaturari dagokion atalean bere belaunaldiko idazleei erreparatu die, iragan mendeko 70eko hamarkadan «hautsita zegoen gizarte baten alde batean edo bestean» jaio zirenei. Hurrengo hamarkadako pare bat ere bildu ditu 'euskal narratiba garaikidearen idazle belaunadi berria' deituriko taldera. Hainbat ezaugarri partekatu –testuei zein testuinguari dagozkionak– zehaztu ondoren, ataltxo banatan aztertu ditu Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Mikel Peruarena Ansa, Unai Elorriaga, Ixiar Rozas, Karmele Jaio, Ur Apalategi, Lander Garro, Uxue Alberdi eta Katixa Agirre. Atal propioa du Arraizen ustez belaunaldi berriaren bidegiletzat jo daitekeen Kirmen Uribek.

Paradigma berria

Horien guztien merezimendu literario ukaezinak ez dira, ordea, Hasier Arraiz hamaikakoa osatzera eraman duten balio bakarrak. «Idazle horiek zalantzan jartzen ari dira aurrekoa, paradigma literario berriak sortzen ari dira, mundu berri bat eraikitzeko proposamenak egiten». Azken batean, liberalismoaren laguntzaile eta morroi bilakatu den «posmodernismoa kuestionatzen eta eraldatzen, euskal ikuspegitik».

Hor txertatxen da bigarren zatia, 'Oraindik sortu ez den mundu berriaren paisaia narratiboen bila' izenburua duena. Hasier Arraiz ez da bakarrik ari Euskal Herri barneko kontuez. Euskal Herriak mundu zabalean izan dezakeen, izan beharko zukeen, tokiaz ere ari da. Beste herrialde batzuez ere bai, denak baitabiltza «mundu zahar-berrian» toki bila.

Euskal Herriak, baina, baditu sendatu edo orbaindu beharreko zauri berariazkoak, eta zentzu horretan ezinbestekoa du «bakea eta elkarbizitza eraikitzeko narratiba». Liburuan dio ETAk armak behin betiko alde batera uzteko erabakiaren berri eman zuenean hasi zela kontakizunaren lehia, 2011ko urriaren 21ean.

Zazpi urte eta erdi igaro dira harrezkeroztik, baina bizirik dirau lehiak. Erraz asko irekitzen dira ondo itxi gabeko zauriak, nonahi antzeman daitezke oraindik hondakinak, hainbat urtez bizitakoaren aztarnak. Eta ziklo hartan jarraitzen dute, nahita edo ezinbestean, hainbat herritarrek.

«Indarkeriak zubiak hautsi zituen; autokritika eta enpatia behar dira zubiak eraikitzeko», esan du Arraizek. Narratibak ere badu bere egitekoa eraikuntza lan horretan, liburuaren azalean agertzen dena bezain sendoak diren zubiak nahi badira, behintzat. Izan ere «narratiba erabil daiteke lehia areagotzeko edo zubigintzarako». Bigarren aukera hori hobetsi du Arraizek, uste duelako ezinbestekoa dugula «euskal gizartea eta euskal nazioa kontatzeko modu berri bat», ez bakarrik barnera begira, baizik eta adierazteko nola egon nahi dugun munduan. Behar dugu, Arraizen ustez, idazleen ekarpenak aberastu dezakeen «kontakizun aspirazional partekatu eta integratzaile bat».

Temas

Euskera