'Kezko bola batek itoak birikak', (H)ilbeltzak sustatutako lehen nobela

'Kezko bola batek itoak birikak', (H)ilbeltzak sustatutako lehen nobela
LUSA

Itzultzaile eta irakurle gisa ondo ezagutzen duen genero beltzean murgildu da Miel Anjel Elustondo bere aurreneko eleberrian

N. AZURMENDI

Ertz askotatik heldu izan dio idazketari Miel Anjel Elustondok (Azpeitia, 1958). Kazetaritza landu du, elkarrizketatzaile gisa batik bat, Argia aldizkarian, Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan eta beste zenbait euskal hedabidetan. Irakaskuntzan, gidoigintzan eta itzulpengintzan ere aritua da, eta baditu hainbat liburu argitaratuta, ezagunenen artean daudelarik AEBetako euskaldunen artean egindako egonaldi luzeen emaitza diren 'Western Basque Festival' (Susa, 2007) eta 'William A. Douglass, Mr. Basque' (Pamiela, 2011).

Aurreneko eleberria ekarri du orain, 'Kezko bola batek itoak birikak'. Txalapartak argitaratu du, eta euskarazko literatura beltza sustatzeko asmoz Baztango Udalak antolatutako (H)ilbeltza bekaren aurreneko emaitza da. Izan ere, nobela beltzari atxikitako astearen inguruan sortutako bekak sormena eta itzulpena txandakatzen ditu, eta sormenari emana izan zen aurreneko edizioa, 2017koa, Elustondok irabazi zuena. Aurten ere hala tokatzen da, eta maiatzaren 10era arte dago zabalik proposamenak bidaltzeko epea.

Hilketa bat eta gizarte kritika

'Kezko bola batek itoak birikak' aste honetan aurkeztu du Donostian Miel Anjel Elustondok. «Gauza askok eraman naute liburu hau idaztera», esan zuen aurkezpenean. Besteak beste, Jim Thompsonek. Irakurlearengan arrasto bizia uzten duen idazle eta gidoigile estatubarraren hiru liburu ('Hiltzailea nire baitan', 'Amorruaren ume' eta 'Litxarreroak'), ditu euskaratuak Igela etxearentzat, eta irakurle bezala ere oso gogoko du Thompson.

Edonola ere, beste zerbaitetan zebilen Elustondo bekaren berri eman eta proposamen bat aurkeztera animatu zutenean. Egin zuen zirriborro moduko bat, igorri zuen, hautatu zuten eta, pozaren ondoren, lana amaituta emateko data hurbildu ahala, estutasuna heldu zen. Aurkezpenean, lausotan bezala utzi zuen eleberriaren gaia, laburpen eta sinopsi argigarrietatik urrun. «Hilketa bat eta gizarte kritika» uztartzen dituen nobela «kostata» idatzi duela adierazi zuen. Aurkezpenek eragiten dioten urduritasuna ere ez zuen ezkutatu. «Bertigoa. Izua eta ikara».

Baztan badago eleberrian, eta Baztango mintzoa ere bai. Baina batez ere daude «gurutzatzen diren bideak eta gurutzatzen diren munduak». Guatemala, Dakota, Iruñea... Protagonista, «beharbada», emakume bat da, Helena, Iruñetik Guatemalara doana. Alderantzizko bidaia egingo duen sikario bat ere badago. Erakusten duena, besteak beste, «hemendik kanpoko jendeak beste modu batera ikusten duela mundua». Fikzioa da dena, gezurra, baina ustelkeriaz idazten zuenean ez zegoen egiazko ustelkeria kasuetatik –CAN kasutik, esaterako– horren urrun. Dena gezurra izan arren, fikzioa, nobela beltzak baduelako errealitatera hurbiltzeko gaitasun ikaragarria.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos