Kazabon eta Gorrindok gaztetxoak arrantzatu nahi dituzte

Karlos Gorrindo eta Antton Kazabon, atzo Donostian./
Karlos Gorrindo eta Antton Kazabon, atzo Donostian.

Batak 'Bisera gorria' narrazioa plazaratu du, besteak 'Galaxia bat sabelean

FELIX IBARGUTXI

Erein etxeak beste bi liburu publikatu ditu gaztetxoentzako bere Perzebal saileaan: Antton Kazabonen 'Bisera gorria' eta Karlos Gorrindoren 'Galaxia bat sabelean'.

Anton Kazabon oso idazle oparoa da. Ia ehun liburu argitaratu ditu, gehienak haur eta gazte literaturakoak. Oiartzungo Haurtzaro ikastolako irakasle izan zen ia berrogei urtez eta beti saiatu da bere liburuekin ikastetxeetako neska-mutikoengana ailegatzen. «Askotan joan naiz ikastetxeetara nire liburuei buruz hitz egitera, eta horrelako bisita batean esan zidaten genero asko landu ditudala, baina sekula ez dudala misterio eta intrigazko istoriorik idatzi. Halaxe, erabaki nuen horrelako liburu bati ekitea», esan du liburuaren aurkezpen ekitaldian.

Gaur egungo gizartean kokatu du bere 'Bisera gorria', baina lehengo munduko leienda eta sinesmen batzuk txertatuta, hala nola gizotsoarena. Liburuko kontalaria Eneko izeneko mutila da. Hasten da kontatzen bezperan Martina desagertu egin dela; bere neska-lagun kuttuna, alegia. «Nonbaitetik berehala agertuko zela pentsatzen genuen, baina ez zen horrelakorik gertatu. Hilabete igaro da, eta oraindik ez dugu haren arrastorik», dio mutilak aurrerago.

Prosa irakurterraza darabil Kazabonek. «Erdal giroko eskoletan izan naiz nire liburuez hizketan eta badakit nolako hizkuntza maila duten neska-mutiko horiek. Nahi nuke nire liburuek bidea egitea horrelako gaztetxoen artean».

Karlos Gorrindoren 'Galaxia bat sabelean' narrazioak, berriz, Jon izeneko mutikoa du protagonista. Gaixotu egiten da eta horrek hankaz gora jarriko du familia. Liburuak, Gorrindok azpimarratu duenez, gai hau lantzen du: babesa emateak eta hartzeak duen garrantzia. Bestalde, gurasoen eta familiakideen arteko txarto ulertuak eta ezinikusiak ere azaltzen da narrazioan zehar. Eta eskolako 'builling'-a ere azaltzen da.

Karlos Gorrindo Etxeandia (Gernika, 1958) euskara teknikari da ofizioz, eta afizioz kazetari eta idazle. Hiru nobela idatzi ditu helduentzat eta bospasei haur eta gazte literaturakoak.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos