Borrar
«Jakingura kilikatu eta irudimena» lantzeko bilduma

«Jakingura kilikatu eta irudimena» lantzeko bilduma

6 eta 12 urte bitarteko haurrei bideratuak, euskaratik eta euskaraz sortuak dira

I. Mendia

Jueves, 8 de mayo 2025, 14:29

Kilimak koaderno jostagarrien zazpi ale berri aurkeztu ditu IkasElkar argitaletxeak. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei bideratuak, euskaratik eta euskaraz sortutako oporretako koaderno jostagarriak dira eta «jakingura kilikatu eta irudimena lantzea» dute helburu. Iazko udan kaleratu zituen lehenengo bi zenbakiak, eta aurtengo udarako prest ditu gainerako laurak ere.

Gorka Aranburu, Higinia Garay, Asier Iturralde 'Gaston', Raquel Samatier eta Lotura Films ilustratzaileek hartu dute parte koadernoak egitean. Zehazki 'Nahas-mahas', letra-zopak, hitz gurutzatuak eta hizkuntza jolasak; 'Mingaina dantzan', zotz egitekoak, aho-korapiloak eta hitz-jokoak; 'Joko-moko', matematikako proposamenak (sudokuak, kalkuluak, trukoak, labirintoak...); 'Begiz jo', pertzeptzio bisuala (desberdintasunak aurkitu, elementuak bilatu...); 'Iker dezagun', zientziarekin zerikusia duten proposamenak; 'EskuARTEan', eskulanak, arte hezkuntza, marrazketa, grafomotrizitatea; 'Mugi-mugi', mugimenduarekin zerikusia duten proposamenak (taldeka, bakarka edo familian aritzeko); kantatu eta dantzatu, gorputz erronka bat edo soka-saltoan ibiltzeko kantak.

Euskararen ezagutza eta euskal kultur transmisioa indartzea dute helburu, oporretan ere euskaraz jolasteko eta gozatzeko gonbidapena eginez. Gainera, ikasturtean zehar landutako gaietan sakontzeko aukera eskaintzen dute (matematika, gizarte eta naturaren zientziak eta hizkuntza), modu erakargarri eta jostarian.

Lehenengo lau koadernoek egitura bertsua dute; sei atalez osatuta daude, eta atal bakoitzaren hasieran misterio edo enigma bat aurkeztuko zaio irakurleari. Hurrengo orrialdeetan misterioa argitzeko erronkak gainditu beharko ditu han-hemen aurkituko dituen pistak jarraituz. Horrez gain, euskaraz jolasteko esaerak, zotz egiteko formulak, kantuak eta beste topatuko ditu.

Kilimak 5 eta 6 koadernoek, berriz, bestelako proposamena dakarte; gaiak zein estetika 10-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta daude. Atal bakoitza komiki batekin hasten da eta irakurleak komiki bat pausoz pauso sortzen ikasteko aholkuak eta trikimailuak jasoko ditu. Elkarrizketak ere badaude. Besteak beste, dantzariak, zientzialariak, mago bat eta surflari bat ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, denborapasak, esperimentuak eta eskulanak egingo dituzte.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Jakingura kilikatu eta irudimena» lantzeko bilduma