Jaio eta Meaberen nobela bana ingelesera itzuli dituzte

Jaio eta Meaberen nobela bana ingelesera itzuli dituzte

'Amaren eskuak' eta 'Kristalezko begi bat' Galeseko Parthian argitaletxe independenteak argitaratu ditu ditu, Europako emakume idazleei emandako sail baten barruan

Karmele Jaioren aurreneko eleberria, 2006ko 'Amaren eskuak', Igartza Saria eman ziona, eta Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' (2013) ingelesera eraman berri ditu Parthian Galeseko argitaletxe independenteak, 'Her Mother's Hands' eta 'A Glass Eye' izenburuekin.

Biak daude argitaletxeak PEC (Parthian Europa Carnivale) deitzen duen egitasmoaren barruan, non sei herrialdetako zortzi idazleren lanak -denak dira emakumeak- dituzten. Euskal Herria, Errumania, Eslovakia, Alemania, Turkia eta Galeseko idazleok argitaletxearen ustez munta handikoak diren gaiei buruz aritu dira; gai unibertsalak, nahiz eta hurbilketa egin hizkuntza, herrialde eta kultura desberdinetatik. «Gaur egungoko emakume idazle talentudunenen» lanak bildu dituzte, alegia, 2015eko udalerrian abiatu zen bilduman.

Ekimena berria izan arren, badituzte ia hamar liburu kalean edo itzulpen fasean, eta datorren urtean argitaratuko direnen inguruko eztabaidan dabiltza orain. Liburu hauen itzulpenak egiteko Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jaso du argitaletxeak, eta egitasmoak Etxepare eta Literature Across Frontiers erakundearen eskutik duela bi urte Euskal Herrira egindako bisitan du jatorria. Hain zuzen ere, Euskal Herrian sortutako lanak beste hizkuntza eta kultura batzuetara eramatea da Etxepare Institutuaren egitekoetako bat. 2016an, Donostiako Kultur Hiriburutzarekin batera, 'Itzultzaile berriak' egitasmoa gauzatu zuen; berak banatzen ditu garai batean Jaurlaritzaren Kultura Sailaren ardurapean zeuden euskal literatura beste hizkuntzatara itzultzeko laguntzak, eta 2015.ean Itzulpen Saria sortu zuen, Laboral Kutxarekin batera.

Kristin Addis eta Amaia Gabantxo

Karmele Jaioren 'Amaren eskuak' «azken urteetan euskarazko narratibak eman duen liburu arrakastatsuenetakoa da». Ingelesezko azalean nabarmentzen den moduan, hainbat sari irabazitakoa da, horien artean English PEN Award. Laburpenal dioenez, «Nerea du protagonista. Kazetaria, gaztea, alaba txiki baten ama. Bere bizitzaren oreka eskasa guztiz apurtuko da egun batetik bestera bere ama amnesiaz jota erietxera eramaten dutenean. Amaren historia ezkutuak jakingo ditu bertan». Mireia Gabilondok pantaila handira eraman zuen istorioa eta Donostiako Zinemaldian eman zen estreinakoz. Abuztuaren 19an Jaio liburuaz mintzatuko da Edinburgoko Nazioarteko Liburu Azokan, Brian Conaghan idazlearekin solasean.

Itzulpena Kristin Addisek egin du. Eskarmentu handiko itzultzailea da, euskaratik ingelesera zuzenean itzultzen duen jatorri ez euskalduneko bakarretakoa. Euskal Herrian hainbat urtez bizitakoa, gaur egun AEBetako Iowan bizi da. Addisek, besteak beste, Lourdes Oñederra, Arantxa Urretabizkaia eta Harkaitz Canoren lanak ingeleseratu ditu.

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberriko protagonista ere emakumea da. «Maite-laguna uzteak eragindako minetik ihesi, bolada baterako Landetara (Frantzia) joango da. Eta han, idazten hartuko du sosegua, bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari, idazkuntzaren zentzuari buruzko gogoetak paperera ekarri ahala», dio laburpenak. Hiru Euskadi Sari irabazitakoa da Miren Agur Meabe eta hamaika liburu argitaratu ditu, poesia eta haur eta gazte literatura barne.

Meaberen eleberria Amaia Gabantxok itzuli du. Addisen alderantzizko bidea egin zuen Gabantxok: Euskal Herrian jaio, elebidun hazi eta gaztetan bereganatu frantsesa eta ingelesa. Ingeles eta Irlandar literatura ikasi zituen Ulster-eko Unibertsitatean, nota onenak lortuz nahiz eta gelako atzerritar bakarra izan. Gero, Norwicheko East Anglia Unibertsitatean egin zituen itzulpelgintza ikasketak, euskaratik ingeleserako itzulpenen arloan aitzidari eta erreferente bilakatuz. Zenbait beka eta sari lortu dituen Gabantxo irakasle, kantari eta idazle ere bada, ipuinak idazten eta jendaurrean irakurtzen dituela, ingelesez.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos