'Iturria', ipuin-bildumaz mozorrotutako nobela
Hamar ipuinek eta horien egilearen bila abiatzen diren bi lagun urtetsuren ibileren kontakizunak osatzen dute Unai Elorriagaren seigarren nobela
Pedro Iturria, han-hemenka ipuinak argitaratzen dituen idazle misteriotsua. Hura bezala 80 urteen bueltan dabiltzan bi adiskide, Soro eta Erroman. Iturria gaztetan ezagutu zuen Sorok, Londresen, ikasle zirela. Gero pista galdu zion. Hiltzera doala jakinik, berrogeita hamar urtez etenda egon den harremana berreskuratu nahi du, aspaldiko adiskidearen -eta akaso zerbait gehiagoren- bila abiatuz.
Aztarna sendorik eta sinesgarririk gabeko bilaketa horretan ume-umetako laguna duen Erramun nahastuko du Sorok, eta elkarrekin abiatuko dira Europan barrena. Iturriaren ipuinak argitaratzen diren herrialdeetara -Danimarkara, Txekiara, Hungariara...- joango dira haren peskizan, Iturriak uzten duen arrasto bakarra tokian tokiko hizkuntzetara itzulita argitaratzen diren ipuin horiek baitira. Bat argitaratu dela jakin bezain pronto, nagirik gabe jartzen da martxan bikote urtetsua. Ipuina euskara itzularazten dute, eta horretan oinarrituta saiatzen dira Iturria topatzen. Behin eta berriro, bien bitartean makina bat pasadizo pilatuz.
Ideia eta pertsonaia horiekin eleberri konbentzional bat egin zezakeen Unai Elorriagak (Algorta, 1972), baina 'Iturria' -Susak argitaratua, Elorriagak ekarri duen seigarrena-, ez da nobela konbentzional bat, «ipuin-bildumaz mozorrotutako nobela bat» baizik. Horrela definitu du egileak gaur goizean Donostiako Tabakalerako Tobacco Days liburu-dendan egin den aurkezpenean. Alboan izan duen Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak esan du «ipuin liburu izatetik oso hurbil dagoen nobela» dela. Nobelaz mozorrotutako ipuin-liburua dela ere esan liteke.
Ipuinak eta haria
Elorriagak azaldu duenez, «lehen txinparta ipuin liburua izan zen. Pentsatu nuen hari bat sortzea denak lotzeko, baina azkenean haria potolotu egin da, eta baditu ipuinek baino orrialde gehiago». Egileak Soro eta Erramunen ibilerak erantsi izan ez balizkio, hamar ipuin bikain jasoko zituzkeen irakurleak. Lopez Ziluagak nabarmendu duenez, ipuin horiek «askotarikoak dira idazkeraren eta gaien aldetik. Badago gai bat, dena den, ipuin guztiak (edo gehienak) zeharkatzen dituena nola edo hala: heriotzarena».
Bi lagunek ere badakite heriotza ez dutela oso urruti, baina ez dira bizi horren zamapean. Aitzitik, bizizale eta adoretsuak dira . Sorok, horrez gain, inolako erreparorik gabe botatzen du gogora datorkiona, haren hitzek eta ekintzek umorez blaitzen dutelarik liburua, batez ere bere neurrira egindakoa ematen duen pertsonaiaren bat -Eszter itzultzailea, kasu- parean tokatzen zaionean. Gustura dago Elorriaga liburua ahozkotasunaren bizitasunarekin aberasten duten pertsonaien arteko elkarrizketekin, nahiz eta ez duen meritua beretzat hartu: «Ez dira nireak, nik pertsonaiak asmatu nituen, eta beraiek sortu dituzte elkarrizketak».
Bikotearen eta horren inguruan mugitzen diren gainerako pertsonaien joan-etorriak eta Pedro Iturriaren ipuinak tartekatzen dituen nobelarekin «irakurlea harritzea» du helburu Unai Elorriagak, harridura sortzea baita berak, irakurle gisa, liburuei eskatzen diena. Horrekin batera, «literaturaren gaineko irakurketatik» ere badu liburuak, editorearen ustez, literaturaz ere hitz egiten baitu, bereziki «egiletzaz, baina idazleen egoaz eta idazleen beldurrez ere».