Itsasoak xuxurlatutako poemak, bederatzi urteko isilunea eteteko

Pello Otxoteko. /JOSEMARI LÓPEZ
Pello Otxoteko. / JOSEMARI LÓPEZ

'Itsas biziminak' liburua argitaratu du, Balea Zuria argitaletxearen eskutik, Pello Otxoteko poeta irundarrak

N. AZURMENDI

Irakurle gutxi izanagatik, poesia ez dago hilzorian. Horixe esan du Felipe Juaristik, beste gauza askoren artean, Pello Otxotekoren 'Itsas bizimina' liburuaren aurkezpenerako prestatutako testu ederrean. Poetak ezkutuko altxorren bila dabiltzan piratak direla ere esan du, baieztapen biak berretsi dituen aurkezpen ekitaldian. Poesia bizi-bizirik dagoela erakutsi du hain zuzen beste behin Balea Zuriak ekarri duen liburuak, eta pirateriaren eremu naturalean murgildu da bete-betean egilea, itsasoan.

Literatur kritikan eta itzulpengintzan ere ibilia den Pello Otxotekok (Irun, 1970) bost poema-liburu argitaratu zituen 1999tik 2010era bitartean. Isildu zen orduan, baina ez zion utzi sortzeari, eta plazara itzultzea otu zitzaionean ikusi zuen «itsasoa zela idatzita neuzkan poemen 'leit-motiv' nagusia».

Itsasozalea da irundarra, eta oso gogoko du itsasbazterrean ibiltzea, kresaletan blaitzen. Horrenbestez, «itsasotik dator poemen arnasa», «itsasoa irentsi» zuelako, eta poemetan isuri. Hala ere, poemak ez dira berariaz sortuak itsasoa ardatz duen proiektu baterako. Berez joan dira elkartzen eta hurbiltzen, arnasa bera partekatzen zuten heinean.

Edertasuna, sakontasuna, isiltasuna

Aritz Gorrotxategik eta Juan Ramon Makusok bezala Otxotekorekin Balea Zuriaren abentura partekatzen duen Felipe Juaristik hainbat ezaugarri nabarmendu ditu Otxotekok azken urteotan idatzi dituen poemetan (lehenagokoren bat ere berreskuratu du libururako): edertasuna, egiarekin parekatu duena; sakontasuna, «poesiari beste koxka bat» ematen dion zera hori, «arina eta azalekoa besterik» ikusten ez den garaiotan, eta isiltasuna, babes gisa ulertua.

Isiltasuna maiz aipatzen du liburu honetan «eguneroko kontuen bitartez arazo metafisikoak» lantzen dituen poetak. «Isiltasunak hitzak baino gehiago daki eta gehiago dirau» idatzi du, esate baterako, 'Isiltasunaren dohaina' poeman.

Gaietako bat dela esan daiteke, gai ugari ukitzen dituen liburuan. Egileak berak aipatutakoen artean, «bizitza, ezina, misterioa, heriotza, misterioa...». Literaturako eta bizitzako gai nagusiak, alegia, maiz egunerokotasunari lotutako pasarteen bidez emanak, erreferentzia eta aipu ugari lagun.

Gai potoloen inguruan badihardu ere, 'Isas bizimina' ez da inondik ere liburu kopetilun eta solemnea. Aitzitik, «bizitzari kantu bat da». Izenburuak iradokitzen duen bezala, «heriotza asko aipatzen bada ere, bizimina da nagusi, bizitzeko gogoa, bizitza delako garrantzitsuena», eta bidelagun egokienak «umorea, poza eta esperantza». Hortaz, poesiaren bidezko «edertasun printzen bilaketa» ere baden ariketak partekatu nahi du «bizitzarekiko eta itsasoarekiko jarrera baikorra».

Azal eta kontrazalean Imanol Larrinagaren bi lan dituen liburuak atalak ere bi ditu: 'Langarra sahiestuz' eta 'Harizko argia'. Bietan tartekatzen dira poema oso laburrak –«HARRIA eta denbora bateraezinak dira espazio ezberdina partekatzen dutelako»–; laburrak, eta luze samarrak. Laburretako zenbait azken orduan sortu zituen, liburua osatzeko. Luzera eta mota desberdinetako poemek liburuan duten hurrenkera ez da ausazkoa. Horrela paratu dira «irakurleari arnasteko bidea emateko».

Temas

Euskera