Itsas giroko kontakizunetara itzuli da Patxi Iturregi

Patxi Iturregi, Donostiako Elkar dendan. /
Patxi Iturregi, Donostiako Elkar dendan.

Atze-oihal gisa Bilboko itsasadarra eta Lehen Mundu Gerra dituzten hamabi ipuin bildu ditu 'Ur biren artean' liburuan

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDI

Erretiroa hartu duen arte, jaioterriko euskaltegiko irakasle izan da Patxi Iturregi (Laudio, 1952). Nautika ikasitakoa da, baina, eta merkantzia-ontzietan ibilitakoa. Lehorrean jaio eta bizitako itsas gizona, aurreneko liburua berrogei urteak ondo beteta zituela argitaratu zuena.

Itsas giroan ekarri zuen aurreneko ipuin liburu hura 1996an, askok gogoan duten 'Haize kontra'. Harrezkeroztik argitaratu dituen bi liburuetako ipuinek beste mundu batzuetara eraman dituzte irakurleak, baina hamabi ipuin biltzen dituen 'Ur biren artean' (Elkar) lanarekin itsas girora itzuli da Iturregi. Aurreneko hari segida eman dio, eta itsasoren inguroko trilogia baten bigarren urratsa izan daitekeela ere aurreratu du, ostegun honetan Donostian egin duen aurkezpenean.

Nabarmendu du, halaber, 'Ur biren artean' ez dela ipuin-bilduma soila, ipuin liburua baizik, baduelako kontakizun denak elkar lotzen dituen hari bat. Hiru hari, akaso lau. Aurrenekoa giroa da, ipuin guztiak itsas girokoak baitira; bigarrena da garaia, Lehen Mundu Gerra, eta hirugarrena gertalekua, kontakizun gehienak -12tik bederatzi- Bilboko itsasadarrean gertatzen baitira. Laugarren elementu bateratzatzailea izan daiteke idazlearen begirada, intentzioz betea, konplikazio handirik gabeak diruditen ipuin klasiko eta abentura kutsukoei geruza ugari erantsi dizkiena. «Mota desberdinetako irakurleak asetzeko», esan du egileak.

Dokumentazio-lan handia

Errealistak eta egiantzekotasun handikoak dira ipuinak baina, benetako gertakarietan oinarritutako bi izan ezik, erabat asmatuak dira, fantasia oso ondo dokumentatuak. «Dokumentazio-lan handia egin behar izan dut liburua idatzi aurretik, nahiz eta informazio horretatik guztitik kopuru txiki bat baino ez agertu istorioetan, baina idazleak, ume txikiak bezala, segurtasuna behar du bere lehenengo pausoak ematean», adierazi du kazetarien aurrean.

Kasu honetan, aurreneko pausoa izan liburua irekitzen duen ipuina izan zen, 'Erri Bero (gertakari historiko baten gaineko aldaera)'. 'Erri Bero' ontzia existitu zen, alegia, Bilbon matrikulatutako goleta bat zen. Egiteko bitxia esleitu zioten: alemanek armagintzarako ezinbestekoa zuten wolframioa garraiatzea, Kanariar uharteetan zain izango zuten itsaspeko bati egiteko entrega. «Komiki baterako edo pelikula baterako» egokia iruditu zitzaion istorio horren arrimura sortu zen proiektua, eta ipuinak idatzi ahala ikusi zuen «liburua bazetorrela».

Aurreneko horren haritik etorri diren gainerako hamaika ipuinek marrazten dute «duela mende bateko bilbotar gizartearen erradiografia edo erretratu xumea, herritarren nahiak, ametsak, gatazkak eta sentimenduak azaleratuz, baina beti fikzioaren aldetik», literatura baitu helburu, irakurlea «hunkitzea, dibertitzea, pentsaraztea eta parte hartzera gonbidatzea».

Kontakizun ia denak fikziozkoak izan arren, sinesgarritasun nahiak eta dokumentazio-lan joriak Espainia ofizialki neutralean kokatutako Lehen Mundu Gerrako Bilbo nolakoa zen ulertzen ederki laguntzen dute. Germanofiloen eta aliatuen aldekoen artean polarizatutako hiri kosmopolita, espioiez eta negozio argi eta ez horren argiek erakarritako denetariko jendez betea... Gerraren kontura sekulako fortunak egin zituztenek eta baldintza izugarri gogorretan bizi ziren langile txiroek partekatzen zuten hiria, «liburua inguratzen duen marko historiko argi-iluna eta kontrastez beterikoa».

Temas

Euskera