«Istorioaren gibelean, beti, borroka armatuaren aukera, itzala, kondena»

Pako Aristiren bosgarren nobela, aurrekoak bezala, Ereinek argitaratu du. /MÓNICA RIVERO
Pako Aristiren bosgarren nobela, aurrekoak bezala, Ereinek argitaratu du. / MÓNICA RIVERO

'Rosa itzuli da' obrarekin bueltatu da Pako Aristi azken bi hamarkadetan alboratuta zeukan nobelagintzara

N. AZURMENDI

1985etik 1998ra, lau nobela argitaratu zituen Pako Aristik, Ereinekin. Ia segidan etorri ziren 'Kcappo. Tempo di tremolo' (1985), 'Irene, tempo di adagio (1987) eta 'Krisalida' (1990). 1963an jaiotako sortzaile urrestillarraren trilogiak oso harrera ona izan zuen. Hura itxi eta zortzi urtera, 1998an, 'Urregilearekin orduak' argitaratu zuen.

Geroztik asko idatzi du -lau poema-liburu, hiru artikulu-bilduma, narrazoiak, hiru saiakera, ehunka artikulu...-, baina nobelarik ekarri gabe egin ditu hogei urte. «Errealitatea hobeto ezagutzeko beharrak» bultzatuta, gehiago jo du gogoetara. Jakin nahi zuen, esaterako, «indar harremanek nola eragiten dioten hizkuntzari, literaturari; zer ikusarazten duen indarra daukanak, eta zer ezkutatzen».

'Rosa itzuli da'-rekin bueltan da Aristi nobelagilea, Ereinen eskutik oraingoan ere, «55 urte nobela idazten hasteko oso adin ona» delakoan. Fikziozko lana izanda ere, gertatutakotik eta idazleak azaldutako gogoeta-ildoetatik asko du eleberriak. Protagonista nagusia Rosa Ugartemendia Sarobe da; ETAko kidea; 560 urteko kartzela zigorra zuena; Parot doktrina baliogabetu izanaren ondorioz kalera irten dena, 25 urteko kartzelaldiaren ondoren.

Rosa herrira itzultzen da, amarengana, aspaldiko lagunengana... eta ezer gutxi gelditzen da espero edo irudikatzen zuen hartatik. Rosak berak ematen du horren berri, lehen pertsonan idatzitako liburuan: «Hogeita hamar urteren ondoren Sagastumera itzuli nintzenean, kalean agurtzen nindutenen erdiak, edo gehienak, ez nituen ezagutzen, eta antzerko obra bateko protagonista sentitu nintzen».

Aristik liburuaren aurkezpenerako prestatu zuen testuan irakur daitekeenez, preso ohiek errealitatearekin izandako talkak hauspotu zuen Parot dokrina baliogabetu zutenean piztu zitzaion txinparta, eta harexek eman zion eleberria idazteko azken bultzada. Suren bat ere piztuko du agian, gurean horren ugariak diren «gai delikatu» horietako batean sartu baita nobelagilea.

«Amortizatuak»

Rosa eta, hura bezala, kartzelaldi luzeen ondoren herrira itzulitakoak «estigmatizatuak sentitzen nituen, eta hala sentitzen ziren haietako asko, proskritoak, ezkutuka egiten zizkieten omenaldiak...». «Politikako hitz zatar» bat baliatu zuen pertsona horien egoera azaltzeko: «amortizatuak». Presio haietako batzuk ezagutzen zituen, eta atera zirenen artean «baziren nik harreman epistolar luzea izandako beste batzuk». Bizipen eta gogoeta horietatik sortua da 'Rosa itzuli da' honetan kontatu duen istorioa, «historia kolektiboa izan arren lehenengo pertsonako ahotsaren intimismoaz» kontatuta dagoena.

«Jar ditzala irakurleak egokiak iruditzen zaizkion etiketak»

Rosaren ahotsa sendoa da, irmoak haren planteamendu eta baieztapenak, gogorrak salaketak. Presentzia handia du, edonola ere, Iñaki Aldekoa editoreak nabarmendu zuen «alde humanoak», amarekiko harremanak, maitasunak... Pako Aristik esan zuen 'Rosa itzuli da' dela «iraganaz betetako oso gaur egungo nobela bat». Eta nabarmendu zuen bi ertz horiei lotuta eustearen garrantzia, batez ere badaudelako «guk ezer ez ulertzeko interesa duten instantziak, bi ertzak aldentzen» saiatzen direnak etengabe.

«Memoriari buruzko nobela» ere bada, eta «thriller politiko bar, arduraz diharduena, hartutako erabakien ondorioez», ametsen eta idealaren paraderoaz... Baina, Aristik idatzi bezala, «istorioaren gibelean, beti, borroka armatuaren aukera, itzala, kondena». «Jar ditzala irakurleak egokiak iruditzen zaizkion etiketak», esan zuen, «susmo batekin» amaituz: «Hainbeste hamarkada iraun duen zerbait ezin litekeela terrorismo hutsera laburtu, bere aurretik zeuden menderakuntza baldintzarik gabe ezin dela esplikatu».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos