
Secciones
Servicios
Destacamos
«Iragana eta iraganaren itzulera» ardatz edo «leitmotiv» duen zazpi kontakizuneko ipuin-bilduma da Julen Belamunok idatzitako 'Iragan atergabea' (Elkar), narrazioaren pisua eta fokua pertsonaiengan jartzen duena, egilearentzat «gertaera, tramak, giroa» edo bestelako elementuen aurretik «garrantzitsuena pertsonaiek pentsatzen eta sentitzen dutena» delako. Hori bai, gutxi dute ipuinek nostalgia edo balantzetik. «Aspaldiko, duela 40 urteko kontu baten itzulera da, bizirik jarraitzen duten bizipenak dira», azaldu du. Horregatik ere, liburua irekitzen duen F. Scott Fitzgeralden aipua.
Pertsonaien adin-tartea izan daiteke bigarren antzekotasun bat, gazteenak 58 urte eta zaharrenak 88 baititu, baina gainerakoan testu independenteak dira bata bestearekiko. «Gehiago dute atzean aurretik baino», gehitu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. Ildo horretan, zahartzaroarekin batera datozen «gaixotasuna eta heriotza» oso presente dira, bereziki lau ipuinetan. «Baina ez dira gai zentralak, zirkunstantzia bat baizik». Gaiak, lehen bistakoan, serioa eta «iluna» irudi badezake ere, Mendigurenek aurreratu du badela ironia eta umorea, besteak beste «bainuetxean kokatutako ipuinean, protagonista-narratzailea pipertua dagoelako, baina irakurleak bestela irakurriko duelako». Antzekoa gertatzen da 'Iragan atergabea' ixten duen 'Finalistak' ipuinarekin.
Prozesua su motelekoa izan da, aurrez planteamendua edo emaitza zein izango zen oso argi izan gabe. «Momentuan datorkidanarekin sortzen dut, ez dakit oso ondo nondik». Horren erakusle da ipuinetako zaharrena 2009ko azaroan idatzi zuela, badela 2016korik edota berriena, apaiz zaharra protagonista duena, 2023koa dela. «Artxibo bat dut etxean, gauza askorekin. Idaztean gai edo modu batekoak direla ikusiz gero, erreskatatu egiten ditut».
Egilea: Julen Belamuno.
Argitaletxea: Elkar.
Orrialdeak: 196.
Prezioa: 21 euro.
Zazpi kontakizunak iraganak batzen baditu ere, gaiak oso anitzak dira: kostako herri bereziko hilerri bitxian laurogeitaka urteko zulogile edo lur-emaleak institutuko ikasleei jonki bati buruz narraturikoak; 58 urteko gizonak bizitzan zehar hirutan ikusten duen emakumea eta harekin dituen fantasiak; bainuetxeko ustezko baretasunean pizturiko gorroto gorria, ustez bidalitako gutun batzuk direla-eta; tabernako leihotik ikusitakoak eta atzera begira oroitutakoak; semearen zaintza kendu zioten emakume toxikomanoak biloba topatu zuenekoa; erretiratutako apaizak gaztetako paperak, zalantzak eta bestelakoak biltzen zituztenak, berreskuratzeko egindakoak; eta, azkenak, herriko kintoen artean bizirik segitzen duten azken bi lagunen artean sortzen den lehia sorra. Denek dute fikziotik, nahiz eta errealistak diren. «Bitxiak baina sinesgarriak».
Estiloa mintzagai, Mendigurenek «idazle ona» dela iritzi du. «Maiz esan ohi da 'honek izugarri euskara ederra du' eta, horrekin, estilo ona duela esan nahi du. Euskara txukunarekin zenbait jasotzen dira, baina horrek ez du ematen liburu on bat egiteko gaitasuna», gehitu du. Ildo horretan, Belamuno «estilista eta istorio kontatzaile fin-fina» dela esan du.
Hala, egungo literaturan tramak pisu handia duen unean, «bizia, azkarra, freskoa, dinamikoa, ekintza asko dituena bezalako adjektiboak dituena» eta Belamunok «abiadura handiko literatura» bezala kalifikatu duena, bere jarduna «'slow' kultura batetik gertuago» kokatu du. Hori bai, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak segituan gehitu du ez dela «motela». «Bai baliteke, Kontaera lasaia eta patxadatsua da nirea, ez dira gauza gehiegi gertatzen niretzat pertsonaiek pentsatzen eta sentitzen dutena delako garrantzitsua». Biak bat azaldu dira «irakurle lasaia» eskatzen duela liburuak.
Mendigurenek kontatu bezala, 'Iragan atergabea' Belamunoren laugarren liburua da, aurrez kaleratutako bi ipuin-liburu -'Ukabilak eta loreak' (2015) eta 'Hotz industriala' (2020)- eta 'Gaueko zaintzailea (2016) eleberri laburraren ostean. Hala, azaldu du egileak, beste eleberri bat du «kaxoian beratzen».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.