Ingurura begiratzeak sortu dizkion emozioak hiztegi batean bildu ditu Karmele Jaiok
'Harrizko bihotza' liburuan ia 300 hitz aukeratu eta hauen inguruan hausnartu du, «errealitatearen definizio intimo bat egiten dut»
Behin baino gehiagotan pentsatu du Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) hobe dela harrizko bihotz bat izatea, bere amumak esaten zion bezala, «gehiegi ez sentitzeko, zauri eta minetatik babestuago egoteko...». Baina ezinezkoa izan zaio. Ingurura begiratzen duen bakoitzean ezinbestez emozioa pizten zaio barruan, eta hori gertatzen zaion bakoitzean «kontatzeko beharra» sentitzen du, emozio horiek hitz bihurtzeko beharra. Eta hori egin du bere azken liburuan, 'Harrizko bihotza' (Elkar), azken urteetan ingurura begiratzeak sortu dizkion zenbait emozio eta hausnarketa bildu, irakurleak ere senti ditzan eta bihotza ez dakion harrizko bihurtu.
Idazle gasteiztarraren azken lan gehienak ipuin edo nobelak izan dira, baina oraingoan hiztegi bat bezala antolatu ditu liburuan bildu dituen testu laburrak, A-tik Z-tara doazen hitzak jarraituz. Forma hau ematea «sorkuntzaren erdian» erabaki zuela aitortu du Jaiok, biltzen ari zen horri guztiari «beste itxura bat» eman nahi ziolako. «Hiztegietara jotzen dugu beti hitz baten definizioa lortu nahi dugunean, eta idazten dugunean ere, ulertzen ez dugun errealitate bati buruz egiten dugu, eta hor badago anbizio bat erantzun edo definizio bat egiteko. Alde horretatik, idaztea ere bilaketa bat da».
Honela, aukeratutako hitz bakoitzak (280 inguru sartu ditu) hiztegiko definizioa dakar alboan, eta jarraian, idazleari hitz horrek «eragin» diona edo «hitz horren itzalpean» sortu duen testua, lerro bateko aforismo gisakotik orri bateko gogoeta landuagora, noiz arin noiz sakon, batzuetan poetiko eta besteetan zorrotz, umore puntu bat badaukatenak ere badira. «Idazle baten koadernoan dauden gauzak aurki daitezke», aitortu du egileak, hala nola apunteak, oroitzapenak, hausnarketak –idazteari buruzko hainbat–, prosara ekarritako poemak, hainbat tokitan argitaratu dituen iritziak… «nahi izan dudana egin dut».
Munduari begiratzen dion talaia horretatik hainbat gai landu ditu Jaiok. Batzuk bere aurreko liburuetan azaldu dira (harremanak, esangabeko hitzak...), baina oro har «nire egungo bizitzarekin zerikusia duten hainbat gauza jasotzen ditu liburuak, nire begiradatik. Errealitatearen definizio intimo bat egiten dudala esan daiteke». Horregatik, beste liburuetan baino «ageriago» agertzen dela uste du, «nire begirada hor dagoelako, fikzioaren estalpe hori gabe».
'Harrizko bihotza' «oso libre» idatzi duen liburua dela onartu du Karmele Jaiok, «bilaketan eta jolasean ibili naiz nola antolatu», eta gonbita luzatu die irakurleei liburua «libre irakurtzeko», izan ere testu solteak izatean bakoitzak nahi duen eran irakurtzeko aukera eskaintzen du, «zatika, edo edozein letratik hasita».