«Ilustraziotik ateismora pauso bat baino ez dago»

«Ilustraziotik ateismora pauso bat baino ez dago»
MIKEL FRAILE

Becerro de Bengoa sariaren azken bi edizioetako saiakera irabazleak eman dizkiote argitara Jon Suduperi: 'Ilustrazioa bilobei kontatua' eta 'Ateismoaren aldeko aldarrikapena'

FELIX IBARGUTXII

Euskal saiakeraren azken urteetakoko panorama deskribatu behar badugu, Jon Sudupe Martija (Azkoitia, 1947) izango dugu ezinbesteko izen horietako bat. Pentsamendu modernoari lotutako saiakera lanak idatzi izan ditu batik bat, eta duela gutxi bi liburu plazaratu ditu, biak ala biak Arabako Foru Aldundiak antolatzen duen Becerro de Bengoa saria irabazitakoa: 'Ilustrazioa bilobei kontatua' eta 'Ateismoaren aldeko aldarrikapena'.

Lehenbiziko liburu hori era didaktikoan dago idatzia, Jonek bere benetako hiru bilobentzat idatzi izan balu bezala. Hasiera aldera, hau irakur daiteke: «Izan zen behin, orain dela berrehun urte baino gehiago, optimismoz eta esperantzaz beteriko garai bat, gure inguruan Ilustrazioa edo 'Argien Mendea' deitu zitzaiona. Aldi hartako zenbait pentsalari ospetsuk (Kant, Locke, Voltaire, Diderot...) uste zuen gizakiak sineskeriaren, ezjakintasunaren eta dogmatismoaren ilunpeetan bizi izan zirela ordura arte, euren kabuz pentsatzeko alferkeriaz eta askatasunarekiko beldurrez, beraien arrazoimena juristen, apaizen, medikuen eta gainerako tutoreen eskuetan utzita». «Ilustrazioa beti izango da gauza jakingarria, eta orain modan dagoela esango nuke, Trumpen garai hauetan», esan digu Zumaian bizi den idazleak.

«Eta ilustraziotik ateismora pauso bat baino ez dago», erantsi du 2107ko Becerro de Bengoa saria irabazitako 'Ateismoaren aldeko aldarrikapena' liburuaz mintzatzean. «Ez dakit ateismoaz beste saiakerarik idatzi den euskaraz...».

Tabu oraintsu arte

Atarikoan dioenez, «Euskal Herrian, ateismoa tabu izan da oraintsu arte. Pio Barojak –'Itzeako gizon fedagbeak'– errukigabe egin zien aurka kristau erlijioaren oinarriei 'El cura de Monleón' eleberrian. Baina, oro har, ez da erlijio sinesmenari buruzko gogoeta kritikorik landu. Dena den, sekularizazio prozesua dela medio, gauzak aldatzen joan dira. Orain ateoek badute beren mundu ikuskera askatasunez adierazteko eskubidea. Halere, inor gutxik defenditzen du bere sinesgabezia edo erlijiorik zea jendaurrea. Eskuartean duzun saiakera xume hau ateismoaren aldeko aldarrikapen irmoa da, baina arrazoitua».

Jon Sudupek 1983an irabazi zuen aurreneko saria, Euskaltzaindiaren saiakera saria, 'Karl Marx: Teoria eta politika' lanari esker. 1990ean Irun Hiria saria eskuratu zuen,'Modernitatearen alde' zela eta. Handik lau urtera, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Jon Mirande sariaren jabe egin zen, lana izenburu honen pean argitaratu zutelarik: 'Ilustrazioaren kriseilupean. Argi berri bila Francfurten'. 1996 an Irun Hiria saria irabazi zuen berriz ere, 'Muniberen ametsa: euskaltasuna eta modernitatea'-rekin. Liberalen eta komunitaristen arteko eztabaida sortu zenean, 'Euskaldunak, liberalak eta komunitatezaleak' (1998) saiakera publikatu zuen. Eta Kant hil zela berrehun urte bete zirenean, 'Kant eta uso arina' (2003) plazaratu zuen.

2007an, Chomskyren gramatika sortzailea eta Habermasen pragmatika unibertsala lotu nahi izan zituen 'Hizkuntza ados jartzeko da' izeneko lanean. 2013an, 'Sapere aude. Erlijiotik etikara' kaleratu zuen, erlijiorik gabeko etika laiko baten defentsa eginez. Urte berean, Euskadi saria irabazi zuen 'Oi Europa' saiakerarekin.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos