Ideia sakonak azaltzeko orrialde askoren beharrik ez duten liburuak, eta bi eleberri mardul
Gaurkotasun beteko bi lan euskaratu ditu Danele Sarriugartek Katakrak eta Txapalarta argitaletxeentzat
Durangoko Azokaren atariko liburu aldi oparoan, euskal sortzaileen lan berrienek erakartzen dute batik bat arreta; zenbait eta 'handiagoa' izena, orduan eta biziagoa interesa. Itzulpenek ere baliatzen dituzte ordea Azokaren hurbiltasunak pizten dituen fokoak, eta horren adibide dira azken asteotan genero ia guztietan argitaratu diren lanak.
Publicidad
Beste hizkuntza batzuetan sortutakoak euskarara -gaztelaniara ere bai- ekartzeagatik nabarmentzen den Iruñeko Katakrak argitaletxeak joan den astean aurkeztu zuen Donostian Eva Illouz soziologo eta idazlearen bi testu -'Arimaren etorkizuna' eta 'Estandar emozionalen sorrera'- jasotzen dituen liburua, Danele Sarriugartek euskaratua. «Eva Illouz zabalpen handia duen autore bat da, sailkatzen zaila da eta sakonki interesgarria», idatzi du hitzaurre argigarrian Patricia Amigot Leache Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak.
1961ean Marokoko Fezen jaio eta umetan Frantziara joan zen Illouzek gaitasun izugarria du sakontasun eta zorroztasun handiz aztertzeko printzipioz transzendentalak ematen ez duten gaiak: maitasunari lotutako mitoak; kosta ahala kosta zoriontsu izan beharra; telesailetan murgilduta bizitzea; adimen emozionala edo dena delakoaren jarraibideei men egitea... Badira, hain zuzen, gure egunerokotasunaren zati diren neurrian bere horretan, duda egin gabe, onartzen ditugun gauzak. Gaur egun Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko Soziologia eta Antropologia departamentuko irakasle den Illouzen ikuspegitik, baina, ez dira ematen duten bezain kaltegabe eta xaloak, haren ustez dena blaitzen duen kapitalismoaren amarru interesatuak baitaude ia horien guztien atzean.
Lehen begi-kolpean, zenbait irakurlerentzat harrigarri samarra izan daiteke aurrneko testuaren izenburua, 'Arimaren etorkizuna'. Bi kontzeptu alderatzen ditu hor Illouzek, arima eta psikea. Bien arteko zazpi diferentziak argitzen doan heinean ikusiko du irakurleak idazlea ez dabilela mundu abstraktuetan... Edonola ere, gaiaren aldetik hurbilagokoa egingo zaie askori bigarren atala, 'Estandar emozionalen sorrera' izenburua duena. Ezohiko ikuspegitik aztertzen du bertan egileak azken hamarkadetan horren modan dagoen 'adimen emozional' tranpatia.
Katakrak-eko editore Hedoi Etxarte eta Danele Sarriugarte bat etorri ziren esatean Illouzek «ideia sofistikatuak modu argian» azaltzeko trebetasun handia daukala. Itzultzailea ere hori egiten saiatu da, eta modu oso irisgarrian ekarri du euskarara orrialde gutxitan (80 orrialde ditu, eta 8 euroko prezioa) asko esaten duen liburua.
Publicidad
%99aren feminismoa
Mamitsua da halaber, eta orrialde gutxikoa, Danele Sarriugartek berak Txalaparta argitaletxearentzat euskaratu duen 'Feminismoa %99aren alde. Manifestu bat' (112 orrialde, 12,50 euro). Azalean azaltzen diren egileak Cinzia Arruzza, Tithi Bhattacharya eta Nancy Fraser badira ere, askoz ere aktibista eta autore gehiagoren atxikimendua du feminismoa gizateria osoaren ardura eta onura dela proposatzen duen ikuspegiak.
Horien aburuz, emakumeen erronka nagusia enpresa eta erakudeetako goi-karguetan gizonezkoek adina postu edukitzea dela dioen 'feminismo liberala' ez da inondik ere gauza «kapitalismo neoliberalaren krisian murgilduta dagoen gizarteari» bidezko erantzunak emateko. Hiru autoreok, prestigio handiko irakasleak hiruak AEBetako unibertsitateetan, hamaika tesi eta proposamen bat bildu dituzte ingelesez duela hilabete batzuk argitaratu zen saiakera labur honetan. Proposamen nagusia, gizartearen %99aren alde dagoen «feminismo ezkertiar, antikapitalista, antiarrazista eta ekosozialistaren» beharra.
Publicidad
Hango eta hemengo nobelak
Itzulpenen atalean, bi eleberri mardul plazaratu ditu azkenaldian Elkarrek. Bata -Leo Perutzen 'Gauez harrizko zubiaren azpian' (316 orrialde, 22,76 euro)- urrutitik eta aspalditik dator. Bestea -Ibon Martín donostiarraren 'Isiltasunaren itsasargia (428 orrialde, 19,50 euro)-, etxekoa da, eta berria du oraindik jatorrizko bertsioa, ondotik beste hiru nobela beltz ekarri dituen 'El faro del silencio'.
Leo Perutz (1882-1957) jatorri austriarreko matematikari eta idazlearen liburua J. M. Olaizolak eta Joxe Mari Berasategik itzuli dute, lau eskutara. Aurkezpenean gogoratu zuten zein dirdiratsua izan zen Perutzen izarra 1918tik 1928ra bitartean eta, Perutz judua izanik, nola itzali zen nazismoak aurrera egin ahala. Hala ere, beti izan dituzte miresle handiak Perutzen lanek, eta honen aurretik badago beste bat euskarara ekarria, 'Bederatzietatik bederatzietara' eleberria. 'Gauez harrizko zubiaren azpian' liburuan biltzen diren istorioak Perutzen jaioterrian gertatzen dira, XVI. mendearen azken urteetako Praga liluragarrian. Lilura hori islatzen dute guztien artean «zinezko eleberri historiko bat» osatzen duten narrazioek.
Publicidad
'Isiltasunaren itsasargia', gaztelaniaz sekulako arrakasta izan duen nobela, Pasaia inguruan dago girotua, Plata Itsasargian zehazki, eta erakusten du edozein tokitan irudika daitezkeela istorio benetan beltzak. Itsasargian bizi den Leire Altuna idazle bilbotarrak eta Ane Cestero ertzainak argitu beharko dute nor ari den Pasaia hilotzez betetzen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión