Borrar
Alaine Agirre, agerraldiaren aurretik. Iñigo Royo
Alaine Agirre | 'Euri eta ateri'

«Hautsi» den pertsona bati buruzko lana fokua «gaixotzen duen sisteman» jarriz

Alaine Agirrek 'Euri eta ateri' lana kaleratu du, maiz haur eta helduen arteko literaturan den «muga edo lubakia» ezabatzen duena

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 16 de junio 2025, 19:35

Barne munduaz hitz egiteko duen «obsesioari» bide emanez, baina orain arteko lanetan egiten duenetik «kontrako bidean», hau da, «sentsazioak barrutik deskribatu beharrean, kanpoko testuinguruak hitzetan jarriz», ondu du Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) 'Euri eta ateri' (Elkar) liburua. Agirrek Lizardi Saria eskuratzen duen bigarren aldia da, lehena Elkarrek 2014an kaleratu zuen 'Hau ez da zoo bat' lanarekin. Hain zuzen ordutik ona izan duen bilakaera mintzagai izanik hasi du hitzartzea Agirrek. «Eraldatu egin naiz 'Euri eta ateri'-k ekarri nau espero ez nuen tokira. Idazketa niretzat beti izan da bilaketa eta deskubrimendua, baina esango nuke testu honetan bereziki egon naizela Dora esploratzailea bezala».

Protagonista egoerak «gain eginda» dagoen Nora Chen da eta irakurleak haren «abentura xumeak eta desbentura galantak» jasoko ditu, hauek sortzen dioten «ezinegona», baina «dramatismo orotik urrun, umorea eta ironia bidelagun hartuta, dotore, fin eta trebe», aurreratu du Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak. «Nora triste eta ilun bizi da, lan gris, burokratiko eta aspergarri bati lotuta, hiri gris eta triste batean». Une horretan «saturazio edo kolapsora» heltzen dela kontatu du Agirrek, «paralisiak» hartzen duela. «Abailduta» dela, «biziberritu» behar duela erabakitzen du eta Mati adiskideari esker «dena utzi eta tunela zeharkatuko» du. Izeba Zendrinaren baserrian «soberako pisuak, geruzak, berunak ezabatuko ditu esentzia berreskuratzeko».

'Euri eta ateri'

'Euri eta ateri'
  • Egilea: Alaine Agirre.

  • Ilustrazioak: Yolanda Mosquera.

  • Argitaletxea: Elkar.

  • Orrialdeak: 68.

  • Prezioa: 17,5 euro.

Pertsonaiari basoan ateak zabalduko zaizkion bezala, idazketa prozesuak deskubrimendutik asko izan du Agirrerentzat, «idazteko beste modu bat» aurkitu baitu, «tonalitate edo kolore gama» berriarekin, nahiz eta lasai aztertuta ikusi du aurretik ere hor zela. «Asko kostatu zait idaztea, hasiera bera hiru-lau bider hasi nuen. Gainerakoa ere horrela joan nintzen ehuntzen, dezenteko antsietatearekin». Emaitzarekin pozik, idazle bezala «oroituko dituen» liburuen artean geratuko dela uste du. Harago joan da Elkarreko editorea, irakurleak aurkituko duena «perlatxoa» dela azalduz.

Testu landuarekin batera, biek nabarmendu eta goraipatu dute Yolanda Mosqueraren lana ilustratzaile bezala. Batetik, Norak duen bilakaera ederki jasotzen duelako kolore eta formen bidez. «Sentsazio eta sentimendu berberetara eramaten dute irakurlea», adieraz du Mendizabalek. «Ez dira testuan azaldutakoa deskribatzera mugatzen, haratago doaz. Gero eta gehiago begiratu, gauza gehiago deskubritzen dira», gehitu du Agirrek. Hala, diseinu taldeari helarazitako asmoek islatu baino, gehiago eman duela eskertu dio. «Itxura naifa du agian, baina irudi bidezko metafora asko daude, literariotik ateratzen da».

Literaturaren «muga eta lubakiak»

Aipatutako bi lanak, argitaratu berri duen 'Euri eta ateri' eta 2014ko 'Hau ez da zoo bat', ez dira noski idazle bermeotarraren bakarrak. Mendizabalek azpimarratu bezala «ibilbide oparoa eta emankorra» izan du bai haur eta gazte literaturan -Lazarillo saria eskuratu zuen 'Nora joan da aitona'- zein helduei -'Karena'- bideratutakoan. Elkarreko editoreak azpimarratu du bi literaturen arteko «muga lausoa» bada ere, batzuetan «lubakia» ere badela eta Agirrek plazaratutakoan «ezabatzen» dela iritzi du. «Agian batzuei harrigarria egingo zaie horrelako testu bat haurrei eskaintzea, baina uste dugu muga lauso horiek zenbat eta gehiago ezabatu literaturaren alde egiten ari garela»

Azkenik, Mendizabalek agerraldia baliatu du Zarauzko Udalari eskerrak emateko Lizardi Sariketa babesteko eta, beraz, haur eta gazte literaturari «ikusgarritasuna» emateko egiten duen esfortzuagatik. «Askotan kexatzen gara ez dugula lortzen edo ez duela nahiko genukeen ikusgarritasuna eta sari honekin garrantzia berezia ematen zaio», iritzi du. Bat egin du Agirrek eta saria eman izanaz gain, epaimahaikideei eskertu die «ipuin hau sentitu zuen moduagatik».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Hautsi» den pertsona bati buruzko lana fokua «gaixotzen duen sisteman» jarriz

«Hautsi» den pertsona bati buruzko lana fokua «gaixotzen duen sisteman» jarriz