Haurtzaroan beldurgarri zen Garaio mamua, paperera
Ikerketa lan sakona eginda idatzi du Xabier Montoiak 'Lautadako mamua' (Elkar) eleberria
«Ona ez bazara Garaio etorri eta eraman egingo zaitu». Urte luzez, belaunaldiz belaunaldi gurasoek seme-alabei esandako esaldi-mehatxua buruan, beldurtzeko bota ohi zutena eta dokumentazio lan itzela eginda, ondu du Xabier Montoiak 'Lautadako mamua' (Elkar) eleberria. «Ez dut uste egun egungo gurasoek horrelako mehatxuek egingo dutenik, baina ni haurra nintzela gure amak egiten zigun anaia eta bioi jan nahi ez genuen edo gustuko zerbait egiten ez genuenean. Nik buruan izan dut txikitatik Garaioren izena, nahiz eta ez jakin zer egin zuen».
Zalantza eta jakin-min hori argitze aldera hasi zen arakatzen interneten Juan Diez de Garaiorekin topo egin zuen arte, 'serial killer' deiturikoetako bat. Irakurleak agian ezagunago izango du Sacamantecas. «Hor dago nobelaren arrazoia, hazia, haurtzaroko oroitzapen horretan». Montoiak esan bezala, kasu oso famatua izan zen eta oihartzuna erdietsi zuen, besteak beste, Londres, AEB eta Pariseko hedabideetan. Hala, literaturan ere izan zuen isla, esaterako Ricardo Becerro de Bengoa idazleak egindako kronikan, baina hura «aurreiritziz eta estereotipoz josia» dagoela argi izanda tonu hartatik urruntzea izan du helburu. «Oso tonu morala du, kontaketa zehatza eta soila egin behar nuela ikusi nuen, psikologismo eta iritzitan sartu gabe, ez nion irakurleari esan nahi zer pentsatu behar duen».
'Lautadako mamua'
-
Egilea: Xabier Montoia.
-
Argitaletxea: Elkar.
-
Orrialdeak: 112
-
Prezioa: 13 euro.
Estilo hori erabilita nobela historikotik baino beltzetik gertuago kokatu zuen Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, «nahiz eta ikerketarik ez dagoen. Hasieratik ikusten dugu hilketak egiten dabilena nor den».
Ikerketa lan sakona egin badu ere, Montoiak argi utzi zuen ez duela ulertu «nola funtzionatzen zuen Garaioren buruak». Hil zituen pertsona guztiak emakumeak ziren, «baina ez zuen patroi argirik jarraitu. Hilketa guztietan ez zen bortxaketarik egon, batzuetan ritualak jarraitu zituen eta besteetan ez». Hori gutxi balitz, garaiko lekukotzak ere oso ezberdinak dira. «Hilketei buruz eman zituen arrazoiak juizioko paperetan jaso ziren, baina hauek ez datoz bat bere alabari edo ezagutzen zutenei eman zizkienekin. Historikoki ez dago batere argi». Nabarmendu zuen, hori bai, Becerro de Bengoaren kronikez gain «Tomas Salvador idazle falangistak 'Cuerda de presos' liburuan epaitzera Palentziatik Gasteizera eraman zutela dio bertan, baina hori asmazioa da».
Liburu «ezberdina»
Mendigurenek oroitu bezala 2023an bete ziren Montoiak 'Anfetaminak' poesia-liburua argitaratu zuenetik 40 urte. Ordutik ibilbide literario oparoa izan du poesian, ipuingintzan zein nobelan hainbat lan argitaratuta eta horietatik «ezberdina» dela iritzi du Elkarreko editoreak. Batetik, istorioa kokatzeko lurraldeagatik. «Araba ez da gehiegitan azaldu bere literaturan -'Gasteizko hondartzak' ipuin bilduma salbuespen- eta hemen bai».
Era berean, aroa ere berritasuna izan da, idazle gasteiztarraren lan gehienak XX. mendekoak direlako eta 'Lautadako mamua' XIX. mendean girotua delako. Noski, bolada horretakoa zelako Garaio. «Hiltzaile baten istorioa kontatzera dator, oinarri historikoak dituena». Egileak ñabartu du pertsonaien erdiak asmatuak direla eta besteen izen-abizenak benetakoak direla.