'Haur Besoetakoa' saileko bigarren albuma kalean da

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, komikiaren aurkezpenean./I.E.
Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, komikiaren aurkezpenean. / I.E.

Xabiroi bildumako hamaikagarren zenbakia da 'Haur Besoetakoa: Paristik datorren artista', Unai Iturriaga eta Alex Sanviren «komiki ganberroa»

Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkaria irakurtzen dutenek ondo ezagutzen dute Haur Besoetakoa, mafioso itxura eta jarrerako mutikoa, hainbat zenbakitan joan baitira argitaratzen haren gorabeherak. «Helduen munduak The Godfather (Aitajauna) duen moduan du haurren munduak Haur Besoetakoa», idatzi zuten aurreneko albuma -'Haur Besoetakoa: litxarrerien jauna'- argitaratu zenean.

Bigarrena, 'Haur besoetakoa: Paristik datorren artista', asteazken honetan aurkeztu dute, bildumako beste ale batek, Eider Rodriguezen eta Julen Ribasen 'Santa Familia' albumak, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi duela jakin den egun berean.

Donostiako Komikigunean egin den aurkezpenean izan dira albumaren egileak, Unai Iturriaga bertsolaria eta Alex Sanvi ilustratzailea, Xabiroi komiki aldizkariko zuzendari Dani Fano, eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artola.

Azaldu dutenez, «Haur Besoetakoa komiki ganberroa da, nobela beltz bat, haurren munduan girotua, egia handi eta biribilak kontatzen dituena, mozorrotuta». Bigarren albuma, alderdi horretatik, oso hurbil dago jatorrizko pertsonaietatik eta orain dela lau urte argitaratu zenarekin, baina harrezkeroztik «gauzak asko aldatu dira Haur Besoetakoaren munduan», eta hori igartzen da entrega berrian.

Ihesean ibili da HB, eta itzultzea erabaki du, «ahaztuen zerrendatik irten eta gailurreraino berriro iristea». Litxarrerien jaunari dagokion tokia berreskuratu nahi du kosta ahala kosta, baina ez du erraza izango, besteak beste ez dakielako norekin fidatu eta ez dakielako ondo nondik etorriko zaizkion oraingoan etsaiak eta mehatxuak...

Aurkezpenean gogoratu dute hurbil dagoela Xabiroi aldizkaria 50. zenbakitik, 13 urteko ibilbidearen ostean, gaur egun 13.000 etxetara iristen delarik. Abenduan helduko da hain zuzen muga horretara. Xabiroi komiki aldizkaria Ikastolen Elkartearen Euskaraz Bizi proiektuaren barruan, «gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko bitarteko erakargarria izan zitekeela pentsatuta», batez ere DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Horrekin batera, ekimenak lortu du «euskal komikigintzari erakusleiho handi bat eskaintzea, irudigile eta gidoilariak harremanetan jartzea, eta horientzako sare bat osatzea». Izan ere, «gaur egun, Xabiroiren inguruan dabil euskal komikigintza».

Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak esan duen bezala, «harro gaude emaitzarekin, harro kopuru horiekin, baina bereziki harro ekimen honen bitartez lortu dugunarekin: goi mailako komikigintza euskararen munduari eskaintzea».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos