'Goseak janak' poemariora isuri du Idurre Eskisabelek bere «bizitza paraleloa»

Ezkerretik eskuinera, Susako editore Leire Lopez Ziluaga eta Idurre Eskisabel. /LUSA
Ezkerretik eskuinera, Susako editore Leire Lopez Ziluaga eta Idurre Eskisabel. / LUSA

Kazetari eta irakasle beasaindarrari orain iritsi zaio, «lotsa-galtze prozesu» baten ondotik, aspalditik idazten dituen poemak erakusteko eta partekatzeko unea

NEREA AZURMENDI

Euskal hedabide askotan –Euskaldunon Egunkarian, Berrian, Jakinen, Argian, zenbait irratitan...– aritua da, eta jarraitzen du artikulugile gisa, Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) kazetari eta antropologoa. Azken urteotan, irakasle lanetan dihardu, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. «Arrazoitik eta argudioetatik» idatzi behar izan du kazetari eta iritzi-emaile gisa, eta «egitura aristoteliko zurrunera» egokitzera behartu du irakaskuntzak.

Idurre Eskisabelek bazuen, ordea, gainerako eginkizunengatik ezagutzen zutenei ezkutatu dien «bizitza paralelo bat». Eskisabelek poemak idazten ditu «oso aspalditik, agian beste jardun hori konpentsatzeko»; «ahalik eta gehien urruntzeko» lantzen dituen alorren batzuetan ezinbestekoa duen zurruntasunetik.

Agerikoa ez zen bizitza hori Susaren eskutik kaleratu duen 'Goseak janda' poemariora isuri du. «Lotsa-galtze prozesu» baten ondotik, «iritsi delako momentua»; «plaza libreago bat eskaini nahi izan» diolako bere buruari. Etxeko, adiskide eta lagun ugari inguruan zituela agertu dira astearte honetan Donostian orain arte isileko poeta izandako Idurre Eskisabel eta bere lehen liburua.

Aurkezpenean, Susako editore Leire Lopez Ziluagak 80 inguru poemetan antzematen den «ni poetiko indartsua» nabarmendu du, «kolektiboa ere izan daitekeena», «nortasuna eraikitzearekin zeriusia duten galderei» lotua. Haurtzarotik abiatu eta heldutasunera heltzen den bilduman hainbat urtetan zehar idatzitako poemak jaso dituzte. Ez dago inolako ohar edo ageriko ordena kronologikorik, baina «nahiz eta ez diren modu linealean azaldu, igartzen da denboraren joana». Lopez Ziluagaren hitzak erabilita, zirkulu bat marraztu du poemekin; ehun orrialdera iristen ez den liburuan ireki eta itxi egiten den zirkulua.

Aurreneko poeman, alegia, 'Harrezkero' izenburua duenean, 'arbolatik jaitsi' zen umea mintzo da, amaren eragina oraindik oso presente duena. Azkenaurrekoan, 'Edurnezuriren amarenak' deiturikoan, orduko ume hura, ama bihurtuta, liburuan presentzia handia duen bere alabarekikoez ari da. Lehenengoan berea da inozentziaren galera; azkenaurreko poema luze horretan, alabarenaren lekuko bilakatzen da.

Haurtzaro-mina

Liburuan «barne-poz eta minen katalogoa» egin du Idurre Eskisabelek, baina badago min bat aparteko presentzia duena, baina badago min bat aparteko presentzia duena, bere bizitzan zein bere poemetan: «haurtzaro-mina, oso inportantea, inozentziaren galera den heinean».

Inozentzia bada «besteak begi garbiz eta aurrejuzkurik gabe ikusteko gaitasuna», horren galerak dakar –«pertsonalki, kolektiboki eta politikoki»– «harritzeko, sortzeko, ikasteko, imajinatzeko» abilezia zeharo kamustea. 'Bezpera' hitzarekin bildu duen horixe da «gaurko eta hemengo» izakion ezaugarrietako bat. Beste bat da 'gosea', liburuari batasuna ematen dioten hitz-gakoetako bat. Bizi-emailea da berez gosea, baina neurriz kanpoko bihurtzen denean bilakatzen gaitu «ez bakarrik antropofago, baizik eta autofago, mundufago...» Eta, orduan, gose aseezin horrek jan egiten gaitu.

'Ni'-ak garrantzi handia badu ere, «ni horrek etengabe topatzen ditu besteak; besteekiko harremanak eta besteen eraginak presentzia handia dute» poemarioan, egilearen hitzetan. Lehen pertsonan daude haatik idatzita poema gehienak, eta 'ni' horrek badu gainera Leire Lopez Ziluagak aurkezpenean azpimarratu duen izaera «fisiko, ia organikoa». «'Ni' hori emakumezkoa da, eta horregatik du garrantzia gorputzak. Gorputza da ni unibertsala izateko oztoporik handiena baina, aldi berean, horretara iristeko gorputza erdian jarri behar da», argitu du Ainara Lasaren azalarekin –inurriak fluido itxurako orban gorri batean– oso-oso pozik, eta identifikatuta, azaldu den Idurre Eskisabelek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos