Gabriel Arestiren ondarea, bizi-bizirik
EHUko bost ikastegietako ikuspegi, diziplina eta jatorri akademiko anitzak dituzten 35 irakasle eta ikaslek hartu dute parte
Hil zela 50 urte igaro badira ere, Gabriel Arestiren (Bilbo, 1933) ondarea bizi-bizirik da eta urteurrena baliatuta ez dira gutxi antolatu diren omenaldiak edo gauzatzen ari diren egitasmoak. Horien baitan heldu da EHUk argitaratu duen 'Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025' liburu kolektiboa, idazlearen lanaren gaurkotasuna aldarrikatzen duena. «Euskal literaturako figura esanguratsuenetako bat izan zen, idazle eta poeta gisa ez ezik, euskara batuaren aldeko ekintzaile nekaezin gisa ere», nabarmendu dute agerraldian.
Liburuan EHUko bost ikastegietako ikuspegi, diziplina eta jatorri akademiko anitzak dituzten 35 irakasle eta ikaslek hartu dute parte: Bilboko Hezkuntza Fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Letren Fakultatea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea eta Arte Ederren Fakultatea. «Pertsona desberdinak elkartu gara eta genero literario, komunikatzeko modu, ikertzeko bide eta gogoeta egiteko era desberdinak elkartu nahi izan ditugu liburuan» gehitu du Patxi Juaristik, Gabriel Aresti Katedraren zuzendariak eta liburuaren koordinatzaileak.
Hitzartzeetan kontatu bezala, Arestiren lanek justizia soziala, hizkuntza-eskubideak eta euskalduntasuna jorratzen zituzten eta kaleratu berri duten obraren asmoa idazlearen mezuek gaur egungo gizartean duten balioa eta gaurkotasuna nabarmentzea da. Hala, euskal komunitatea, euskal kultur sistema eta euskal literatura indartu beharrari buruz hitz egiten du. «Arestik euskal kulturaren eta literaturaren bide zaharrak hobetu zituen eta bide berriak bilatu. Horregatik, hain zuzen ere, ez du gaurkotasunik galdu. Gabriel Aresti oso ondo lotzen da gaur egun euskal kulturaren baitan ditugun kezkekin», goratu du Juaristik. Ildo horretan beste helburuetako bat Arestiren irudia eta obra belaunaldi berriei gerturatzea da.
Liburuan Arestiren idazmakinaz, bere errealismo sozialaz eta iruditeria poetikoaz hitz egiten da, hala nola 'harria', 'mailua', 'etxea', 'H letra' edo 'Bilbo' bezalako sinboloen bidez. Horrez gain, Irudigintza Saileko artisten marrazkiak, ilustrazioak, komikiak... ere jasotzen ditu argitalpenak, Gabriel Arestik garaiko artistekin izan zuen harreman estua gogoratuz.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.