Arestiren haraindiko Aresti, «euskal kulturaren totema»

Asier Amezaga egilea eta Iñaki Aldekoa Erein-eko editorea, liburuaren aurkezpenean./
Asier Amezaga egilea eta Iñaki Aldekoa Erein-eko editorea, liburuaren aurkezpenean.

Asier Amezagaren 'Inor ez delako profeta bere mendean. Gabriel Aresti egunean' saiakera argitaratu du Ereinek

NEREA AZURMENDI

Donostian, Polloeko hilerriaren atzealdetik Lauaizeta ikastolaren pareraino doa Gabriel Aresti pasealekua. Bilbon hiribide bat du, Txurdinaga auzoan. Gasteizen daukan kalea motza den arren, konpainia ederrean dago; Ignacio Aldecoa, Gabriel Celaya, Blas de Otero, Miguel Hernández edota Ángela Figuera Aymerich ditu auzokide. Baditu bere izenean ikastetxeak, euskaltegiak, literatur sariak...

Arestiren emaria, alegia, ez zen agortu 1975ean, artean 42 urte bete gabe, hil zenean. Bizirik irauteko gaitasun handia erakutsi duten literatur lanen eta bestelako ekarpenen eragin soilera ere ez da mugatu haren itzala. Beste zerbait bilakatu da Gabriel Aresti, gutxi batzuek erdiesten dutena lortu du «behin eta berriro azaleratzen den» poetak.

Mundu honetan 1933ko urriaren 14tik 1975eko ekainaren 5ra egon zen Gabriel Aresti Segurola ezagutzeko badaude biografiak. Besteak beste, Susa argitaletxeak 2000. urtean argitaratu zuen Anjel Zelaietaren 'Gabriel Aresti' lan bikaina. Arestiren poesia ezagutzeko ere lan ugari daude. Besteak beste, sarean eskuragarri dagoen 'Iharduna eta zentzua Gabriel Arestiren poesiagintzan', Iñaki Aldekoak 1996an UPV/EHUn defenditu zuen doktoretza-tesia. Beste asko ere (Koldo Izagirre, Joxe Azurmendi, Aurelia Arkotxa, Xabier Kintana, Karmelo Landa, Ibon Sarasola...) aritu dira Arestiren inguruan.

Bilboko poetari buruzko doktoretza-tesi batetik eratorritako saiakera aurkeztu da astearte honetan Donostian; Erein argitaletxeko editore den Aldekoak berak aurkeztu du. 'Inor ez delako profeta bere mendean. Gabriel Aresti egunean' 216 orrialdeko liburua 'Harritik herrira, Gabriel Arestiren paperak euskal kultura eta gizartean, 1954-2014' tesian oinarrituta dago, eta iaz Bilboko Udalak ematen duen Miguel de Unamuno Saria lortu zuen.

Arbuiotik kontsakraziora

Aitor Amezagak azaldu du «Arestiren eraginaren bila» abiatu zela, eta azkenean aurkitu duela«Aresti nola den egina»; nola eraiki den, zer den egungo eta azken hamarkadetako Aresti hori. Aurreneko kapituluan ematen du erantzuna: «euskal kulturaren totema» da.

Aurreneko kapitulu hori 2013ko urriaren 12an abiatzen da, Arriaga Antzokian 'Gabriel Arestiren lekuak' ikuskizuna estreinatu zen egunean. «Bilboko komunitate euskalduna» han da. Koldo Izagirreren testu bat irakurtzen duen Oier Guillanen ahotsak zintzilik uzten ditu 'ahalezko Aresti' baten inguruko galderak, heriotzak erantzunik gabe utzi zituenak.

Arestiren «izenaren eta poemen errepika eta errepliken gaineko hausnarketa» plazaratzen duen saiakeraren lehen kapituluan -solte irakur daitezke, edozein ordenatan- erakusten du nola joan den eraikitzen Arestiren irudi jakin bat. «Euskara batuaren eta euskal literaturaren eraikuntzan» izan zuen eragin nabarmenari gainezarri zaiona, neurri batean.

Irakurtzeko oso atsegina nada ere, aipu, datu eta erreferentzien ugaritasunean igartzen zaio Amezagaren saiakerari doktoretza-tesi bat duela oinarri. Soziologoaren ikuspegitik egina dagoenez, ez da bertan aztertzen zehatz-mehatz zer egin zuen Arestik arlo batean eta bestean, baina ematen da informazio nahikoa aurretik ez zekienak jakin dezan zer eman zion iragan mendeko 60-70 hamarkadetako euskalgintzari Aresti euskaldun berriak.

Trukean jaso zuena ere aipatzen da. Arestiren euskaltzaletasuna bateragarria izan zen erdal idazleekiko eta ideologia ezkertiarrarekiko hurbiltasunarekin. Arrazoi askoz ere konplexuagoak tarteko, luze gabe jarri zizkioten 'komunista' eta 'españolista' etiketak, harai hartako Euskal Herrian batere erosoak ez zirenak. Izan zituen 'konplizeak' - Lur argitaletxearen inguruko Urretabizkaia, Sarasola, Saizarbitoria, Kintana edota Natxo de Felipe eta beste...- baina oro har garai hartako euskal kulturako izen handi gehiago izan zituen parean alboan baino.

Hil eta urte gutxira hasi zen desizoztea, hil osteko aintzatespena, Arestirekiko hurbilketa. Zehaztasun eta zorroztasun handiz deskribatzen du egileak, arbuioen garaia bezala, konsakrazioan amaituko den adiskidetze prozesua ; Arestirik gabeko Arestiren eraikuntza, 'Nire aitaren etxea' poemak izan dituen erabilera eta oihartzun zeharo desberdinetan isla daitekeena.

Eta heldu zen azkenean totem eta marka ('brand') bilakatzeko garaia. Euskal kulturaren totem eta Bilbo hiriaren marka. Azken gai horren inguruan honakoa dio Amezagak: «Bilbo industrialaren gainbeheran, Bilboko Udalak Unamuno, Otero eta Arestirekin osatu du Guggenheim Museoaren konpensazio sinbolikoa».

Hasten den tokian amaitzen da liburua, Arriaga Antzokian, baina kanpoaldean. 2011ko Aste Nagusiaren hasieran, pregoilari izateko hautatua izan zen Kirmen Uribek Arestiren 'Egun da Santi Mamiña' egokitu zuen unean. Momentu hartan, eta beste askotan, «beste elementu askorekin nahasten da Gabriel Aresti, eta haiekin batera eguneratu haren obra».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos