Egiazko gertaeretan oinarritutako espioi-istorioa, 1936ko Bilbon

Joanes Urkixok asko idatzi du haur eta gazteentzat, baina hau du helduentzako lehen liburua./
Joanes Urkixok asko idatzi du haur eta gazteentzat, baina hau du helduentzako lehen liburua.

Francorentzat espiatzeagatik epaitua eta afusilatua izan zen Wilhelm Wakonigg eta beste zenbait egiazko zein fikziozko pertsonaia elkartu ditu Joanes Urkixok 'Ekaitza urrun' eleberrian

NEREA AZURMENDI

1936. Bilbo. Gerra Zibilaren lehen hilabeteak. Irailaren 24, eguena. Abenduaren lehena, barikua. Bi egun horiek zedarritzen dituzte Joanes Urkixok (Bilbo, 1955) 'Ekaitza urrun' eleberrian jaso dituen gertakariak. Azken urteetan batik bat gidoigintzara emanda egon den Urkixo (harenak dira, besteak beste 'Lasa eta Zabala' pelikularen eta zenbait animazio film arrakastatsuren gidoiak) literaturgintzara itzuli da aspaldiko partez, helduentzako idatzi duen aurreneko nobelarekin. Haur eta gazteentzako asko idatzitakoa da, baina azken hamarkadan literatur plazatik at egon den idazle, itzultzaile eta gidoigile bizkaitarrak ez zeukan orain arte helduentzako lanik.

Ereinek argitaratu duen eleberrirako Espainiako Gerra Zibileko pasarte bat berreskuratu du, ezaguna izanagatik ikuspegi literariotik landu gabea: 1936ko azaroan, Eusko Jaurlaritzaren menpeko «Bilbo autonomoan», Francorentzat espiatzagatik epaitua eta afusilatua izan Wilhelm Wakonigg austriar jatorriko kontsul-ohi eta negozio-gizonaren eta hura zelatatzea tokatu zitzaion ertzainaren historia.

Gertaerak, esan bezala, ezagunak dira. 2009an, Ingo Niebel historialari eta kazetariak 'Al infierno o a la gloria. Vida y muerte del ex cónsul y espía Wilhelm Wakonigg en Bilbao (1900-1936)' (Alberdania) argitaratu zuen, xehetasun handiz kontatuz Wakoniggen ibilerak eta Bilbon oso ondo errotuta zegoen enpresaburu haren 'traizioa' gauzatu zen testuingu pertsonal eta historikoa. Zeren eta Wakonigg etxekoa balitz bezala mugitzen zen gerraren ekaitza urruti zegoela uste zuen Bilbo hartan; etxekoa zelako, alegia.

1905ean jarri zen bizitzen Bilbon, 30 urte zituela. Meatze-ingeniari titulua besapean zuela heldu zen gazte hura, urte gutxiren buruan, abian jarri zituen negozioen eta Bilboko 'familia on' bateko neska batekin ezkondu izanaren bitartez, 'maila altuko' gizarteko kide bilakatu zen, eta hurbilekoak izan zituen -alabaren ezkontzaren bidez, esaterako- itzal handiko jeltzaleak. Bilbo eta Bizkaiaren zati handi bat matxinatuei aurre egiteko gai izan ziren bitartean (ia urtebete igaro zen estatu-kolpearen eta Bilboren erorketaren artean), frankisten lana errazten saiatu ziren Wakonigg eta beste zenbait, sare bat osatuz, Francorentzat eta Molarentzat espiatuz eta haiei emanaz Agirre lehendakariaren ardurapeko Jaurlaritzaren planen berri. Balio handiko dokumentuz beteta zeraman maleta destruktore ingeles batean ihes egiteko zorian harrapatu eta atxilotu zutenean. Epaiketan bat baino gehiago irten zen haren defentsan, baina kondenatua izan zen, eta biharamunean afusilatua Derioko kanposantuko horman. Auñamendi Entziklopediarako Ingo Niebelek berak idatzitako biografia honetan (gaztelaniaz dago) jakin daiteke gehiago Wakoniggi buruz.

Historiaren aurretik, literatura

'Ekaitza urrun' eleberriaren aurkezpenean, Joanes Urkixok azaldu du urte askoan buruan biraka zebilkion istorioa idatzi duela. Hurbilekoa zuen, alegia, «Wakoniggen ondorengo batekin» ezkonduta dagoelako. Bere familiaren iragana eta bizipenak ere eraman ditu liburura, benetan gertatutakoa osatu duten fikziozko pertsonaien bidez. Nagusia da Gabino ertzaina, Wakoniggen inguruko susmoak piztutakoan hura zelatatzea tokatzen zaion Galdakaoko gaztea, eleberriko protagonistatzat har daitekeena.

«Saiatu naiz pertsonaiak ulertzen, testuinguruaren arabera denek baitituzte arrazoi onargarriak egiten dutena egiteko»

Nobela historikoa da 'Ekaitza urrun' baina, idazlearen hitzetan, literatur lana da batik bat, eta literatura doa historiaren aurretik. Horrek ez du esan nahi ez duela zaindu zuzentasun historikoa. Bi urteko dokumentazio lana dago hain zuzen eleberriaren oinarrian, baina benetan gertatutakoari atxikitzeari baino arreta handiagoa eskaini dio «egiturari eta pertsonaien eraikuntzari». Hala, kontsulatuak-eta bildu zituzten Getxoko Nazioarteko Eremua izenekoa zaintzeko sortu zen 'nazioarteko poliziaren' kide zen Gabinoren pertsonaiak izandako eboluzioa da eleberriaren ardatza. Luze gabe gauzatuko zen 'Ertzaña'-ren aurrekaritzat jo daitekeen EAJren polizia paralelo moduko hartan sartzen denean, «oso inozoa da, baina prozesu oso bat gertatzen da. Hasten da gauzak ikusten eta, azkenean, Gabinoren erabakiek gidatzen dute eleberriaren egitura». Luziano sasianaia komunistak ere badu eragina bilakaera horretan.

Euskara batuan idatzi du eleberria, baina bizkaierari ere eman dio tokia

Irakurleari segituan egingo zaizkio atseginagoak pertsonaia batzuk beste batzuk baino, ia denetarik baitu aukeran. Idazleari ere gauza bera gertatu zaio baina, kasu bakanen batean izan ezik, ez dago 'zintzoen' eta 'gaizkoen' arteko alde oso-oso nabarmenik. «Ez dut neutrala izateko asmorik izan, badudalako nire ideologia, baina saiatu naiz idazten guztiekiko errespetu apur batez, testuinguruaren arabera denek baitituzte arrazoi onargarriak egiten dutena egiteko. Wakoniggek, adibidez, uste zuen erlijioaren, familiaren eta negozioen ikuspegitik, eta Bizkaiak eta Bilbok bizirauteko, onena zela Errepublikaren aurreko egoera berreskuratzea. Horregatik saiatu zen Bilboren erorketa azkartzen», adierazi du.

Garai historiko oso nahasiak kontatzen dituen eleberrian, non egiazko pertsonaien artean azaltzen diren, besteak beste, Telesforo Monzon edo Wakonniggen suhi izan zen Luis Ortuzar, Ertzaintzaren arduraduna, euskara batuaren eta bizkaierarenelkarbizitza-saio moduko bat proposatu du Urkixok. Bizkaitarra izateaz gain «bizkaitarra sentitzen» den Urkixo «aspaldiko euskaldun berria» da, euskarara batuaren bitartez iritsitakoa. Bizkaiera ikasteko astia ere izan du, ordea, eta helduentzako lehen eleberri honetan bere izaeraren zati horren arrastoa utzi nahi izan du, Inazio Mujika Iraola editorearekin batera egin duen ariketaren bitartez. Bizkaitar ukitua lexikoan aurkituko du batik bat bizkaiera urrunekoa duen irakurleak. Asteko egunak, hilabeteen izenak, esamolderen bat... Badaude keinuak, baina ez dute irakurketa oztopatzen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos