'Everest: Herri oso bat gailurrean', balentria baten kronika marraztua

Komikiaren azal erraldoiaren aurrean, bakoitza bere izenaren ondoan, Ramon Olasagasti eta Cesar Llaguno./
Komikiaren azal erraldoiaren aurrean, bakoitza bere izenaren ondoan, Ramon Olasagasti eta Cesar Llaguno.

Mendi Film Festivalek, komiki baten eta erakusketa baten bidez, 74ko eta 80ko espedizio entzutetsuen kontaketa sustatu d

M. IMAZ

1980ko maiatzaren 14an heldu zen aurreneko aldiz euskaldun bat mundu mendi altuenaren gailurrera. Martin Zabaleta hernaniarrak eraman zuen hain zuzen Everesten tontorreraino espedizioa osatzen zuten Euskal Herriko 12 mendizaleen eta lagun izan zituzten sherpen ahalegina. Bigarren espedizioa zen hura, 1974k Tximist espedizio famatuak ez baitzuen lortu ikurriña eramatea munduko punturik altuenera. Edonola ere, balentria beraren zati dira bi saioak, porrot egin zuena eta helburua lortu zuena, eta horrexegatik hartu dituzte aintzat biak astearte honetan Bilbon aurkeztu den 'Everest: herri oso bat gailurrean' komikia.

Espedizio horren historia komiki formatuan jaso dute Mendi Film Festivalek eta SUA edizioak argitaletxeak elkarlanean, lehenak sortutako proiektua bigarrenak plazaratuz. Aurkezpena abenduaren 7tik 16ra bitartean egingo den Mendi Film Festivalaren 11. edizioaren atariko gisa egin zen, Bilboko Euskal Museoan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen halaber museoan bertan ikusgai izango den erakusketa. Izan ere, Bilbao Mendi Film Festivalek erakusketa bat ere atondu du liburu ilustratu horretako bineta esanguratsuenekin eta iradokitzaileenekin, espedizioaren nondik norakoak azaltzeko, eta komikiaren prozesua bera erakusteko. Hainbat paneletan jaso dira komikiko bineta ederrenetako batzuk, eta marrazkien bilakaera nolakoa izan den azaltzen da, hasi zirriborro huts zirenetik eta liburuko azken bertsioraino. Urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik.

Egileei dagokienez, gidpia Ramon Olasagastirena (Berrobi, 1972) da eta marrazkiak, berriz, César Llagunorenak (Barakaldo, 1972) dira. Biek dute lotura estua mendiarekin. Llaguno, besteak beste, 'Oxígeno', 'El Mundo de los Pirineos', 'Alpinist', 'Trailrun' eta 'Euskal Herria' aldizkarietarako hainbat marrazki eta bineten egilea da. Ramon Olasagasti, berriz, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian mendiko berriemaile izandakoa eta, besteak beste, 'Mendiminez' (Las Cumbres del alma, gaztelaniaz) liburuaren egilea. «Gure mendizaletasunaren historiako mugarri hau beste era batera kontatzea, historia marraztea izan da haien ahalegina«, azaldu zuten aurkezpenean..

1967ra arte egiten du atzera

Gidoia lantzeko eta egokitzeko, «Felipe Uriartek Everesteko igoera hari buruz idatzitako liburua, espediziokideen testigantzak eta beste hainbat iturri» erabili dituzte egileek. Komikia aurkezteko zabaldutako oharrean irakur daitekeenez, «lehen lerro horien gainean ekin zion César Llagunok aurreneko zirriborroak eta marrazkiak osatzeari. Eta behin gidoia finkatuta, marrazkiek ere bide horri jarraitu diote. Milaka zirriborro egin ditu Llagunok, bineta bakoitzak ezin konta ahala aldaera eta bertsio izan ditu, harik eta azken-azkenekora iritsi arte».

Everesteko igoera honen historia ez da 1980an abiatzen, askoz lehenago baizik. Komikiak 1967ra arte egiten du atzera: urte hartan euskal mendizaleek –tartean 80ko hainbat espediziokidek– hainbat igoera egin zituzten Andeetako gailurretan. 1974ko Everesteko Tximist espedizio entzutetsua etorri zen gero, hainbat oztopo politiko gainditu ondoren. Orduko hartan, gertu izan arren, ezin izan zuten gailurra lortu.

Halaxe iritsi zen 80ko bigarren ahalegina. Kike de Pablo eta Xabier Erro 1979ko abenduan abiatu ziren Gasteiztik, garai hartan materiala itsasontziz bidaltzen baitzen Indiara, eta gero handik kamioietan eramaten Nepaleko mugara. Behin mendian, euskal mendizaleek eta sherpek orpoz orpo egin zuten lan. Zailtasunak, istripuak, etsipen uneak... franko izan zituzten, baina maiatzaren 14an, Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak gailurreraino eraman zuen talde oso baten lana eta kemena, herri oso baten ilusioa eta poza.

Oharrak dioenez, «herri oso bat munduaren gailurreraino eraman zuen igoeraren unerik gogoangarrienak biziberritzen dituzte hala komikiak nola erakusketak. Orduko protagonistetako batzuk joanak dira dagoeneko, eta haien omenezko lekukotza xumea ere badira«.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos