Borrar
Urgente La carrera de Fórmula 1 con el campeonato en juego, en directo
Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga. MICHELENA

«Euskara eta feminismoa lotuko dituzten ekimen mistoak behar dira»

Bi borroka eremuen arteko kidekotasunak eta aliantzen onurak landu dituzte Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek 'Trikua esnatu da' liburuan

Lunes, 25 de noviembre 2019, 20:33

Comenta

Hiru borroka uztartzen dituen Angela Davisen 'Emakumeak, arraza eta klasea' Danele Sarriugartek euskaratutako liburuarekin abiatu zen 2016an Jakinen eta Elkarren ekimen partekatu gisa sortu zen Eskafandra bilduma feminista. Susak sustatzen duen Lisipe bildumako zazpigarren alearen lehen kapituluak honako izenburua du: 'Angela Davis, feminista eta aktibista beltza delako, euskaltzalea da'.

Harreman zuzena dute bi lan horiekin Lorea Agirre Dorronsorok (Beasain, 1968) eta Idurre Eskisabel Larrañagak (Beasain, 1970). Eskafandra taldeko kideak dira eta Lisipe bildumako zazpigarren ale hori idatzi dute: 'Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara' liburua. Feministak eta euskaltzaleak dira. Militanteak eta ikertzaileak. Feminismoaren eta euskalgintzaren arteko harremana euren izaeran eta bizipenetan txertatuta dute, eta ikertzailearen lanabesekin aztertu dituzte arlo bietako «diskurtsoak eta praktikak».

Azken urteotan beste formatu batzuetan –hitzaldiak, artikuluak, mahai-inguruak...– elkarrekin landu duten gaia 141 orrialdeko liburura ekarri dute, eta batera aurkeztu dute Donostian, alboan bildumako editore Jule Goikoetxea eta parean ikasle talde zabala zutela.

«Gaur eta hemen, emakume izateak eta euskaraz bizitzeko hautua egiteak bazterrean kokatzen zaitu», esan du Idurre Eskisabelek, nabarmenduz «aspalditik eta modu askotan» landu den generoaren eta hizkuntzaren arteko harremanak, gurean, elementu bereizgarri bat duela: «Euskara bi hizkuntza hegemonikoren azpian egotea». Hortaz, modu bertsuan pairatzen dute mendekotasuna emakumeek eta euskaldunek. Emakume euskaldunentzat bikoitza da zapalkuntza, horri aurre egiteak eskatu ohi duelarik «militantzia bikoitza, askotan paraleloa». Funtsean, bide paralelo horiek bateratzea edo hurbiltzea proposatzen du izenburua Bernardo Atxagaren poema batetik hartu duen liburuak.

Partekatzeko asko

Bi zati bereizi zituen liburuan Lorea Agirrek: «Batean menderakuntza prozesuak aztertzen dira, eta bestean askapen bideak». Izan ere, «euskara eta emakumeak berdin menderatzen direla ikusi dugu», eta antzeko mekanismoen bidez 'naturalizatu' dira emakumeen eta euskaldunen bazterketa dakarten jarrera eta joerak. Era berean, arlo batean edo bestean borrokatzeak antzeko ordaina du: «Feministak feminaziak gara, eta euskaraz bizitzeko hautua egun dugunok, berriz, inposatzaileak, talibanak», adierazi du Idurre Eskisabelek.

Lorea Agirrek beste errealitate bati erreparatu dio, eta azaldu du oso adierazgarria dela euskara kosta ahala kosta gatazkatik atera nahi izatea eta zaintzarekin eta maitasunarekin lotzea. Horrek, besteak beste, «diskurtsoaren feminizazioa» ekarri du. Baina badaude berri onak: euskalgintza mugimendu sendoa da, bide oparoa egin duena, eta feminismoa ere bai. Asko lor dezakete elkar hartuta.

«Erdigunean zaintza jarriko duen gizarte justuago baten bidean, aliantzak behar dira euskalgintzaren eta feminismoaren artean, asko dutelako elkarri eskaintzeko eta kontatzeko eta elkarrengandik ikasteko». «Intersekzionalitate» hori gauzatzen joateari «koherentea, logikoa eta urgentea» deritzo Lorea Agirrek. Azken urteotan bi eremuetatik ari dira urratsak egiten bide horretan, baina jarraitu behar da «euskara eta feminismoa lotuko dituzten gune, praktika eta ekimen mistoak» sortzen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Euskara eta feminismoa lotuko dituzten ekimen mistoak behar dira»

«Euskara eta feminismoa lotuko dituzten ekimen mistoak behar dira»