Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa aurkeztu du Euskaltzaindiak

Aurkezpen ekitaldiko irudia./Euskaltzaindia
Aurkezpen ekitaldiko irudia. / Euskaltzaindia

200 hitz-familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera sortu dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskaltzaindiak Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu du uztailaren 3an, Bilboko egoitzan. Uztailaren 4ean, berriz, ikertzaile eta hizkuntzalariei lanabes berria erakustea helburu duen mintegia antolatu dute.

Izan ere, EHHE euskararen historia aztergai duten ikertzaileentzat idatzia da, batez ere; gainerako filologo eta hizkuntzalariek nahiz hizkuntza-zaletasuna duten askok aurki lezakete, halere, bere intereseko ezagutzarik alor horretan. Joseba Lakarra, lantaldearen koordinatzaileak, adierazi duen moduan «hitzen ikerketan inplikaturiko alorretan urrats sendoak emateko lanabesa izatea du helburu. Asmo zabalago horren barnean, hurrengo urteotan zabaldu eta gainditu nahi genukeen EHHE-200 hau zati txiki baina garrantzitsua iruditzen zaigu».

2009ko Barne jardunaldietan hartu zuen Euskaltzaindiak Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa abiatzeko erabakia. Horretan aritu da 2010eko hasieratik Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osatu lantaldea, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean; azken bizpahiru urteotan Gabriel Fraile eta Koro Segurolaren laguntza ere izan dute.

Lantaldearen koordinatzaileak zehaztu duenez, «hizkuntzaren barne historia aplikatua baizik ez da, hots, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena baino ez. EHHEra bidean ez da osotasunik bilatzen eta are gutxiago orain amaitzen den lehen garai honetan; ordea, bai itxaroten dugu hiztegi modular handi horren oinarriak ahalik sendoena finkatzea».

EHHE osatzeko jarraitu dituzten irizpideak ere argitu ditu Lakarrak: «Hitzen hedadura geografiko zahar eta berria, lekukotasunen kantitate eta kalitate historikoa, haien antzinatasuna protohistorian eta historiaurrean, oinarrien emankortasun lexiko eta morfologikoa, hitzon inguruan sortutako bibliografiaren kantitatea eta kalitatea… Hori dena izan dugu kontuan».

Era berean, ekoizpenean erabaki markagarria izan da hitzak familiaka antolatzea —ez sarrera solteka, hiztegi arrunt edo ezagunenetan bezala—, «etimologia azterketetan (batez ere geruzarik zaharrenetan) hitz-familiak baitira ikerketaren unitate eta abiapuntu nagusi». Horrenbestez, 200 familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira, 100 inguru ondare zaharreko oinarriekin eta beste horrenbeste mailegatuekin. EHHE-200eko hitz-familia bakoitzaren batez besteko sarrera kopurua, beraz, 13koa edo da.

Hizkuntzalari eta adituentzat mintegia

Jose Antonio Pascualek (RAE), Reina Bastardasek (Universitat de Barcelona), Joakin Gorrotxategik (euskaltzain urgazlea, UPV/EHU), Joseba Lakarrak (euskaltzain osoa, EHHE-200 egitasmoko koordinatzailea), Iñaki Segurolak eta Julen Manterolak (EHHE-200 egitasmoa) parte hartuko dute bertan, hurrengo helburuarekin: EHHE egitasmoaren eta, bereziki, EHHE-200 argitaratu berriaren —hots, honen izaera, helburu, metodo eta lorpen garrantzitsuenen gehi ondoko urteotarako asmoen— aurkezpen orokor bat egitea.