Errealitatea abiapuntu izanda, «ispilu» den ipuin-bilduma
Lehen bildumako «iluntasunari» zientzia fikzioa gehitu dio Arrate Egañak, galdera asko planteatuz eta batik bat «emozioak eta trama» jorratuz
Errealitatea abiapuntu izanda, irakurleari «ispilu» eginez eta haren aurrean jarriz, ondu du Arrate Egaña idazleak (Errenteria, 1963) 'Espekulazioak' (Erein) ipuin-bilduma. Fantasiatik edaten badu ere, bere ipuinak ez direla fantastikoak hausnartu du. «'Zer gertatuko litzateke baldin eta...?' galderari erantzuten diote», aurreratu du egileak. Harentzat inportanteak diren gaietan txertatu ditu halakoak, besteak beste «emakume batek hartuko balu mendekua bere esku, edo aurkitu bagenu Berbintzanan harri bat non idazki bat esaten duena han aspaldian euskaraz hitz egin zela», etab.
Uxue Razquin Ereingo editoreak iritzi du zazpi ipuinak «imajinazio handiz» idatzi dituela Egañak eta aurreko bilduman erakutsitako «iluntasunari» oraingoan «beste koska bat, elementu fantastikoetara jotzea», gehitu diola. Hauek, hori bai, «oso ondo barneratuak» daudela argitu du eta, beraz, irakurlea «sinistera bultzatzen» duela. Egileak esan duenez, ez da «kontzeptuen liburua» eta helburu nagusia «emozioak eta trama» garatzea izan da, «pertsonaiekin batera niretzat garrantzitsua».
'Espekulazioak'
-
Egilea: Arrate Egaña.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Estiloa: Ipuin-bilduma.
-
Orrialdeak: 160.
-
Prezioa: 19,5 euro.
Aipatutako emakumeekiko bortizkeria oinarri duen testua «ipuin inportantea» da bilduman eta, uste du, polemika ere ekar dezakeela. «Emakumea ez da hainbeste biktima bezala ikusten, kolpea bueltatu egiten du. Mendeku gisa har liteke hori, ikusiko dugu». Beste ipuin batean «euskal gatazka» zeharka jorratu du, «egun nola ikus daitekeen, pixka bat banalizatua; martzianoak ere badira, baita «entzumenean adimen berezia duen pertsona». Eta espetxea metafora bidez, intsektu bilakatzen den gizakia, «pertsonen deshumanizazioa» islatzeko .
Irakurleak aurkituko dituen zazpi ipuinak «autokonklusiboak» dira, «nahi bezala irakur daitezke» eta «modu independentean» funtzionatzen dute, azaldu du Razquinek, baina bildumak aurkeztutako hurrenkerak garrantzia handia du bientzat. «Nik edonola sartuko nituzke. Uxueren esku utzi dut eta asmatu du», iritzi du egileak. «Sentsazioan eragiten du», azpimarratu du Razquinek.
Hala, Ereingo editoreak xehatu du bilduma batean hasiera eta amaiera garrantzitsuak direla, baina baita «bisagra» lana egiten duten ipuinak ere. 'Espekulazioak' liburuaren kasuan lehenarekin irakurleari «kirrinka» egitea bilatu dute. «Teknologia eta zientziari buruz hitz egiten du, inpaktu gehien lor dezake eta bidea hasteko aukera ona da», azaldu du. Ostean, «luzera, gaia eta sentsazioa» izan ohi ditu irizpide. «Saiatzen gara bidaia bat bezala planteatzen».
Mezuak azaletik
Azkenik, Egañak eskerrak eman dizkio Ereingo lantaldeari. «Liburuaren kudeaketa oso ondo eraman dute. Atera dugu eta oso pozik geratu naiz. Une zail batean harrapatu nau eta asko lagundu naute. Izenburuan ere», gehitu zuen umorez. Besteak beste, hasieran sorta handiagoa zen eta zenbait testu kanpoan geratu dira. «Alboratu ditugu beti bilatzen dugulako ildo edo sentsazio bat, kasu honetan elementu fantastikoak bazeuden, baina sentsazioa bestelakoa zen».
Ildo horretan, azalak berak atentzioa ematen du. Razquinek xehatu duenez diseinatzailearen proposamena izan zen zientzia fikziozko eta literatura fantastikoko liburu askok halakoa zutela ikusirik: izenburua letra handiz, oso letra karratuak futurista balira bezala, etab. «Letrak hondarrarekin batera okertuak daude aluzinazioarekin zerikusia izateko». Era berean, irakurleak ikusiko du zomorro bat agertzen dela. «Pertsonak intsektuak bezala tratatzen direla irudikatzea nahi nuen», azaldu du egileak.