Entzumenetik abiatuta, norabide bikoitzeko lana
Ixiar Rozas idazleak 'Narrugorrik' (Consonni) aurkeztu du, bulnerabilitatea zein fisikotik harago doan biluzdura oso presente dituena
Entzumena, bulnerabilitatea zein biluzdura oso presente izan ditu Ixiar Rozas idazleak 'Narrugorrik' (Consonni) ontzeko prozesuan. Hiruak elkar eta estuki lotu ditu Donostian egindako agerraldian, izan ere Rozasen hitzetan «belarriek ez daukate betazalik» eta, beraz, «biluzik gaude ere entzuten dugunean». Biluztea, hori bai, «fisikotik harago» ulertuz. «Arroparik gabe irudikatzen dugu, iruditeria hori dugu gizartean, baina askoz gehiago da», gehitu da. Eta bulnerabilitate edo zaurgarritasunarekin lotu du «jaiotzen garenean biluzik gaudelako, zaurgarritasun une goren bat da. Eta biluzik gaude ere, nahiz eta agian arropa dugun jantzita, hiltzen garenean».
Publicidad
Liburuan zehar azken hau oso presente baita, hitzaren jatorria –'bilnus', zauri irekia- mantenduz. «Kanpora ateratzen dena eta, aldi berean, indartsua dena. Asko interesatzen zait azalpen hori», kontatu du. Emaitza horretara heltzeko idazketa-prozesuan asko entzun eta asko ibili dela adierazi du, paseo horietara inguruko lagunak, «maite dituen pertsonak», gonbidatuz. Horregatik, hein batean, idazketa kolektiboa dela iritzi du. «Entzutean ukitu egiten dugu eta ukituak izaten gara modu sakon eta sentiberan». Horri gehitu dio behin testua itxia zuenean urtarrilean egindako 'Erritmoen segida' izeneko irakurketa edota Bigarak egindako esku-hartze artistikoa. Itziar Aranburu eta Jon Ander Garciarekin egindako lanaz, «irudiaren lanketaz», azpimarratu du «liburuko gauzarik garrantzitsuenetakoa» dela.
'Narrugorrik'
-
Egilea: Ixiar Rozas.
-
Argitaletxea: Consonni.
-
Orrialdeak: 216.
-
Prezioa: 20 euro.
Bat azaldu da Maria Mur Dean editorea, «entzumenetik pentsatua eta bizitzatik bibratua» den lana dela esanez. Bidean «hizkuntza biluzten» doa eta isiltasunak ere badu bere lekua, maketazioan egindako hautuekin sakondua. «Gonbita bat da, zer entzuten dugun, nola entzuten dugun eta nola eragiten duen gorputzean eta bizipenean». Horretarako, gainera, «hitzei azala» kendu die egileak, maiz hitzaren esanahiak duelako pisua eta «soinuaren alde jartzeko».
Aurkeztutako lanak poesiatik asko badu ere, hitzartzean maiz sailkapenak egiteko erabili ohi diren etiketak albo batera uzteko eskaria ere egin du. «Klasifikazioetan sartzea kosta egiten zait. Gutako bakoitza gauza asko den bezala liburua ere poesia, nobela narrazioa… bada. Klasifikazioetatik harago joatea interesgarria iruditzen zait». Hala, «biluzdura uneetan eta moduetan», liburuetan zer dagoen, nahiago du jarri fokua: «Soinuak, bibrazioak, dardarak, irudiak erretratuak, lagunenak paseoetan jasoak». Horiekin ondutako emaitza «dantza mikro eta makroskopiko bat» dela iritzi du, edozein publikok irakurtzeko moduakoa -«nire amak ulertzea nahi nuen», esan du- eta «narrazioak, poemak, memoria zatiak, pertsonalak eta kolektiboak» dituela.
Azkenik, biek oroitu dute ia duela 30 urte Artelekun Santi Erasoren bulegoko atean ezagutu zutela elkar eta ordutik «hainbat ekoizpenetan» gurutzatu direla euren bideak. «Consonniren aspaldiko konplize maitea da Ixiar» eskertu dio editoreak.
Publicidad
Ibilbide luze eta «mutantea»
2022an argitaratu zuen Consonnik «poesia, partitura linguistikoak eta teoriak» uztartu zituen 'Sonar la voz: 9 ensayos y 9 partituras' eta Mur Deanen aburuz nolabait haren jarraipena da lan hau», hari beretik sortua behintzat». Era berean 'Beltzuria' (Pamiela) lanarekin «elkarrizketan» dago, Rozasen «unibertso literario eta sonoroaren parte gisa».
Mur Deanek oroitu bezala Consonnik argitalpenak egiteari 2019an ekin zion literatura eta saiakerari eskainitako 'Munduaren sorleku' bildumarekin, lehenik itzulpenen bidez -euskarara ekarriak zein euskaratik gaztelaniara eramanak-, argitaletxetik «itzulpena tresna politiko eta poetiko» edo «hizkuntza gutxituen arteko zubiak eraikitzeko modu» gisa ulertzen baitute. Hala izan da Miren Amurizaren 'Basa' edo Pleibak' lanekin, Arantxa Urretabizkaiaren 'Azken Etxea' liburuarekin, Uxue Alberdiren 'Hetero' ipuin bildumarekin edo Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria' eleberriarekin zein Virginia Woolf-en 'Gela bat norberarena'-rekin.
Publicidad
Ostean heldu zen bigarren pausoa, zuzenean euskarazko lanak kaleratzea. 'Zirriborroak eta gero' izan zen lehen esperientzia, aurten sakondua «nortasun mutante eta diziplinartekoa beti ardatz» izanik. Hala, astearte honetan plazaratutako 'Narrugorrik' laugarrena da, Danele Sarriugarteren 'beste zerbait', Antxiñe Mendizabalen 'Katona' eta aipatutako lan koralaren ostean. Aipaturikoekin alderatuta orain arte ez zegoena ekarri duela azaldu du, «liburua soilik, artearen, literaturaren eta hizkuntzaren arteko elkarlana» baizik, «elkarrizketan aritzen diren gorputzen, ahotsen eta pentsamenduen topagunea».
Aldiz, Consonnik bere ibilbidea lehenago hasi zuen, 1996an, arte garaikideko proiektuak ekoitziz Zorrozaurreko fabrika abandonatu batean. Ordutik, «piztia mutante» bezala eraldatuz joan da, hori bai, «funtsa mantenduz: artea, pentsamendu kritikoa eta gizartearen eraldaketarako grina uztartzea kulturaren bitartez».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión