Eleberri beltz batekin heldu da plazara Alfontso Gartziandia iruindarra
Protagonista nagusia Urko Etxeberria ikerlari nafarra duen 'Itsu kolpeka' argitaratu du, Alberdania etxearekin
Alberto Ladron Arana idazle iruindarrak rol garrantzitsua du istorio honetan. Istorioaren abiapuntua da hura bezala Iruñean jaioa den Alfontso Gartziandiaren aurreneko eleberria, 'Itsu kolpeka' izenburua duena. Alberdaniak argitaratu du, eta egileak argitaletxeko Jorge Giménez Bechekin batera aurkeztu du Donostian.
Gartziandia, Arte Ederretan lizentziaduna, DBHn irakasle lanbidez, irakurle monotematikoa zen: interesatzen zitzaizkion gaiei buruzko saiakerak baino ez zituen irakurtzen. Eskuratzen zituen den-denak, baina ez bestelako libururik. Egun batean, Alberto Ladron Aranaren liburu bat hasi zuen; eleberri beltz bat, alegia, Jon Arretxe, Iñaki Irasizabal eta beste idazle gutxi batzuekin batera nobela beltza euskarazko liburu salduenen artera eraman duenetakoa baita Ladron Arana.
Liburuaren ezaugarri denak –«nobela, euskaraz, eta beltza»– zeuden Gartziandiaren irakurketa ohituretatik nahiko urrun, baina berehala egin zituen bere. «Saiakera baztertu eta eleberri beltza irakurtzeari» ekin zion, eta pentsatu zuen idatzi ere idatziko zuela gustura. «Hortik aurrera nobelarako osagaiak ikusten nituen nonahi», adierazi du aurkezpenean, «horrelako jolasean denbora asko igaro nuen» aitortuz.
Forma hartzen joan zen asmoa. Bazituen protagonista eta horrelakoetan komenigarria den hilketa. Hasiera eta amaiera ere bazituen. Biak lotuko zituen erdikoa falta zitzaion soilik, trama eta mamia. Hamar egun aski izan zituen puntu batetik bestera joateko, tarte horretan «Urko Etxeberriaren bizitzan izango ziren aldaketak irudikatzeko» eta paperera eramateko. Urko Etxeberria da hain zuzen liburuko protagonista nagusia, Euskal Herriak eman dituen detektibe eta ikerlarien –ertzain eta foruzainak barne– taldera iritsi den azkena.
Galtzaileen kastakoa
Berak, Etxeberriak, foruzain izan nahi zuen, baina aurrekari penalak ez dira horrelako ofizioetarako aurkezpen-txartelik onena, eta Foruzaingoko ateak itxi zitzaizkion. Ikerlari pribatu gisa aritzeko behar den lizentzia lortzeko ere ez dira gomendagarriak horrelako aurrekariak. Hortaz, detektibe bilakatutako guardia zibil ohi baten deien zain egoten zen, haren morroi izatea baitzuen jatorrizko planetara hurbiltzeko bide bakarra.
Oso ondo deskribatzen da kontrazalean nolakoa den Urko: «Ez da galtzaile peto bat, baina ozta-ozta gogoratzen da noiz gozatu zuen azken garaipena». Bigarren eskuko Ford Escort bat du. Atera kontuak. Foruzaingorako bidea ez zuen bakarrik hasi Urkok, Idoia izeneko lagun batekin batera baizik. Hark lortu zuen foruzain izatea, eta halako batean enkargutxo bat egingo dio Urkori. Hasiera batean ez du gauza handia ematen, baina konplikatuz doa egoera, eta astebeteko tartean gauza asko gertatuko dira, horietako zenbait oso gogorrak. Urko bera bezala partida kartarik txarrenekin jokatzera behartuta dagoen Nadia irtengo zaio bidera. Iruñearen moduko hiri itxuraz lasaiek ezkutatzen duten alde ilunena ere aterako da azalera.
Editoreak nabarmendu du idazle hasiberriak estreinaldirako «lege zorrotzak» dituen generoa aukeratu izanak adierazten duen ausardia, eta gainditutzat eman du erronka, kontakizunaren «bizkortasuna eta ohiko bideetatik aldentzeko gaitasuna» goretsiz.