Durangoko Azoka liburu saltokitara iritsiko da lehenago
Azaroaren 17tik abenduaren 4ra bitartean 22 liburu aurkeztuko dituzte idazleek Euskal Herriko 19 dendatan
Durangoko Azokaren bokazio nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea eta sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea da. Helburu horrekin abiatu zen 2020an ZuNonHanDA! ekimena, Euskal Herriko liburu saltokitan idazleek beren lanak aurkezteko aukera emateko.
Bada orain arte, Azoka ondoren burutzen zen ekimena, eta aurten, lehenago antolatzea erabaki da, bertan egiten diren liburu aurkezpenek are ikusgarritasun gehiago izan dezaten. Honela, Euskal Herri osoko 19 dendatan, Durangoko Azokan eskuragarri egongo diren liburu berrien aurkezpenak egingo dira. Aurkezpen horiek formatu askotarikoak izango dira eta idazlea beti egongo da presente.
Gipuzkoako liburu saltokietan bost aurkezpen antolatu dira. Aitor Oñati 'Lohizulo' liburuaren inguruan arituko da solasean Iñigo Roquerekin azaroaren 18an Fermin Calbeton kaleko Elkar dendan (18.30); leku berean, baina azaroaren 29an, 'Iraileko zazpi egun' liburuaren inguruan hitz egingo dute Eneko Azedo egileak eta Eneko Sanchezek; Urtzi Leonet Casa del Libron izango da abenduaren 1ean (19.00) 'Itzalen dama eta Patxi Bakallu. Lanbroetako zalduna' liburua aurkezten; hurrengo egunean Maitane Illarramendi Elgoibarren izango da 'Pitxintxu' dendan (18.30) Iñigo Sarasolarekin batera, 'Kateriñe' komikiaren aurkezpen ilustratua egiteko; eta Amancay Gaztañagak Eibarko Adarabarren aurkeztuko du abenduaren 4an bere 'Martin Martina eta gauekoak'.
Honekin batera, 60. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 67 liburu saltokitan izango dira eskuragarri datorren astetik hasita. Honela, Durangoko Azoka «ibiltaria» izango da eta «hartzaileen herrietara zuzenean helduko da», adierazi dute Azokako antolatzaileek. Ekimen honekin, liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortu nahi da.