Hizkuntzarekin bueltaka

Paloma Rodriguez-Miñambres

Miércoles, 29 de octubre 2025, 16:35

Kepa Altonagak idatzi dituen saiakeretan euskal kultura eta hizkuntzarekiko atxikimendu handia adierazi du. Aurten zortzigarrena kaleratu du genero horretan.

Publicidad

Euskararen prosaren gaineko hausnarketa aurkezten digu, non haren jatorria eta garapena aztertzen dituen modu kritikoan, «ohiko autokonplazentzia» zokoratu nahian, egilearen beraren hitzetan. Dena dela, gaia ez da erabat berri bere ekoizpenean 2015eko 'Back to Leizarraga' obran ere azaldu zelako.

Patrizioak eta plebeioak

  • Egilea: Kepa Altonaga

  • Argitaletxea: Pamiela.

  • Orrialdeak: 208.

  • Prezioa: 17 euro.

Idazleak erakusten du ezagutza oparoa eta bere ikuspuntua eratzen doa tonu dialogikoaren bitartez, izan ere, Altonagak badaki gaiari nola heldu. Hartara, zorroztasun intelektualaren eta irisgarritasunaren arteko oreka bilatzen du, hermetismo akademikoan erori gabe.

Liburuaren izenburu deigarrian euskal literaturaren tradizio eta maila ezberdinei buruzko metafora iradokitzen da, euskarazko corpus literarioaren eraikuntzan kultuaren (patrizioak) eta herrikoiaren (plebeioak) arteko dikotomia ezartzen duelarik.

Sei kapitulutan honakoak jorratzen ditu gogoetaka: Peñaflorida kondearen antzerki lan bat, Axular maisua, Juan Antonio Mogel 'Peru Abarka' eta Bixenta Mogel 'Ipui onak' obrak, eta azken hiruetan XX.eko Euskal Pizkundearen eta jesuiten eragina euskararen eredu kultu baten saiakeran.

Publicidad

Ondorio nagusia dugu prosa homologagarri bat bilatzearen aldarrikapen sutsua, eta horretarako, bi osagai aipatzen ditu Altonagak; lehenik, idazle klasikoek (Axular, Leizarraga) ireki zuten bidetik segitzea defenditzen du; bigarrenik, XX. mendeko purismoaren hondarrak alboratu beharra.

Ezin da ukatu gure hizkuntzaren etorkizunaren inguruko kezkak eta konpromisoak mugitzen dutela egilea, diglosia eta gaur egungo kulturaren gainbehera tartean. Bere ideiak kezka sakon horretan oinarrituta, argudio eta erreferentzia kultural ugari modu sendoan ematen ditu euskararen benetako egoeraren argitan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad