Bukatzear den mundua, 13 urteko neskatila baten begietatik

Sandra Labastiek Donostian aurkeztu du liburua. /
Sandra Labastiek Donostian aurkeztu du liburua.

Mitxel Muruak euskaratu du Sandra Labastie idazle frantziarraren 'Tximeleten eternitatea' liburua, eta Alberdaniak argitaratu du

N. AZURMENDI

Tarteka iristen dira hedabideetara munduaren berehalako akabera iragartzen duten sekten inguruko berriak. Gutxitan izaten dira onak, ia inoiz ez dira gertatzen zentzuzkoak. 'Tximeleten eternitatea' liburuko narratzaile eta protagonista, 13 urteko neskatila, horrelako talde batean bizi da, komunitatearen arauen menpe, Bibliaren aginduen pean. Beren buruak Jainkoaren hautatutzat jotzen dituzten sinestun milenarista zorrotzez osatutako komunitate bateko kide da, alegia, eta komunitate horretako helduek diote azken urtean sartua dela mundua; «sufrikarioen azken urtea» dela, Testamentu Zaharra oso gustuko duen aitaren hitzetan.

Nahiz eta komunitateko kideak, 'hautatuak', suntsipenetik libratuko diren, komunitatean ez dago beste gairik. Neskak sentitzen du, ordea, bizitzen hasi berria dela, asko duela bizitzeko eta gozatzeko. Ez denez isolatuta bizi, sinesgabez inguratuta baizik, komunitateak eskaintzen dizkion ziurtasunak lehian ditu zalantzekin. Nerabezaroan bereziki mingarriak diren isekak ere jasan beharko ditu. Eta bera, aurkituko duen eta balio sinboliko handia duen hiztegi baten laguntzaz, bide propioa bilatzen saiatuko da, adoktrinamenduaren uztarritik askatu eta bizitzan murgildu ahal izateko.

Sandra Labastieren 'Les papillons rêvent-ils d'éternité?' eleberri laburraren euskarazko bertsioa da 'Tximeleten eternitatea'. Mitxel Muruak itzuli du, eta Alberdaniak argitaratu. «Behingoagatik aurrea hartu diogu gaztelaniari», azaldu du liburuaren aurkezpenean Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak, bidean bada ere ez baita oraindik kaleratu hizkuntza horretan Frantzian arrakasta handia izan zuen liburua, irakurleek ematen duten sarian finalista izandakoa.

Idazleak berak bizitakoa

Honen aurretik beste hiru eleberri argitaratuta zituen Sandra Labastiek oso ondo daki zertaz ari den. 1969an jaioa, muturreko hezkuntza erlijiosoa jasan zuen haurtzaroan eta nerabezaroan. Lortu zuen giro hartatik aldentzea, eta urte haien arrastoa ezabatzeko hizkuntzalariza eta erlijioen historia ikasi zituen.

Liburu honen idazketa aldentze prozesu horretan koka liteke, baina abisutzat ere jo daiteke. Labastiek aurkezpenean azaldu duenez, «askatasunaren aldarrikapena» da batik bat, baina aldi berean erakutsi nahi du zein modu errazean adoktrinatzen duten fundamentalistek eta erlijioa muturrera eramaten dutenek hitzen bidez.

Hasiera batean pentsatu omen zuen munduaren azken urteko lehen egunean abiatzen den istorioa heldu baten ikuspegitik kontatzea, baina azkenean nerabea aukeratu zuen, eta neska, «begirada freskoagoa, sinpleagoa eta indartsuagoa duelako, eta bizitzaren bultzada sentitzen hasten ari den neska baten gorputzetik askatasunak beste kolore bat daukalako. Heldu bat bada, ia izan du bizitza bat, eta baliteke egitea heriotzaren aldeko apustua. Neska honek, berriz, bizitzaren alde egingo du, eta asko bilatu beharko du adoktrinamendutik salbatzeko».

Bilaketarako eta askapenerako tresna hiztegia izango da. Han aurkituko ditu hitz ezezagunak, eta ezagutzen dituen hitz askoren esanahi diferenteak ere bai. Neskatila, hain zuzen, bi mundu islatzen dituzten bi hizkuntzaren artean bizi da: «13 urteko nerabe batena eta komunitatearena; batzuetan haur bati dagokiona, beste batzuetan helduegia bere adinerako».

Kontatzerakoan, nerabe baten hizkera soila baliatzen du narratzaileak. Oso modu deskriptiboan kontatzen ditu gauzak, eguneroko gorabeherak, gogoeta eta digresiotan sartu gabe... Irakurleak ikusiko du nola doan aurrera urtea, nola bizi dituen esperientzia berriak narratzaileak, nola jarraitzen duen biraka Lurrak.

Hori da hain zuzen Frantziako kritikariek nabarmendu zuten eta Jorge Giménez Bechek ere azpimarratu duen liburuaren merituetako bat, ez baita erregistro erraza idazlearentzat: «Mundu oso bat kontatzea 13 urteko neskatila baten begietatik, eta begirada horri eustea infantilizazioan edo gehiegizko gozotasunean erori gabe».

Esaldi laburretan eta deskripzio zein ideia zehatzetan oinarritutako idazketak konplikazio handirik gabeko irakurketa dakar. Horrenbestez, horregatik eta gaiaren interesagatik, liburua helduentzako literatura izan arren «gazteek ere gozatuko dute, eta aterako diote probetxua».

Temas

Euskera