Blokeo emozionala zeukan maiordomoaren kasua

Blokeo emozionala zeukan maiordomoaren kasua

Jokin Zaitegi Sariaren bitartez, Kazuo Ishiguro Nobel saridunaren 'Egunaren hondarrak' euskaratu dute Iñigo Roquek eta Amaia Apalauzak

FELIX IBARGUTXI

Iaz Literaturako Nobel Saria irabazi zuen Kazuo Ishiguroren nobela bat euskaraz irakurtzeko aukera dago orain. Jokin Zaitegi Sariari esker itzuli ahal izan da idazle honen obra ezagunenetako bat, 'Egunaren hondarrak' delakoa, eta bi lagunek egin dute lana elkar hartuta, biak ere itzultzaile sonatuak: Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek.

Protagonista nagusia Ingalaterrako handiki baten etxeko maiordomoa da, Stevens izenekoa. Profesional perfektua da, itzal bat bezain isil eta diskretua, beti jaunaren esanetara, egokierarik larrienean ere lasai eta eraginkor. Munta handikoa da etxezainaren papera ere. Aspaldi luzean ez bezala egun libre batzuk dituela eta, lankide izandako Kenton andereñoari bizita egitea erabakiko du, eta bere bizitzari erepasoa egiteko baliatzen du sei weguneko bidaia hori.

1989ko eleberri hau zinera eraman zuten handik urte gutxira ('The Remains of the Day'), emaitzak oso harrera ona izan zuelarik. Anthony Hopkins eta Emma Thompson izan ziren aktore printzipalak. Horrek areagotu egin zuen eleberriaren sona.

Itzultzaileek adierazi dutenez, «blokeo emozionalari buruzko nobelatzat» ere har daiteke istorio hau, bere sentimenduak behin eta berriz erreprimitzen dituen gizona baita Stevens maiordomoa. «Memoria ariketa» ere ba omen da eleberria. «Ishiguroren beste nobela batzuetan bezala, hemen oroitzapen joko bat dago. Maiordomoak gogoratzen du nola jokatu zuen berak 1920ko hamarkadan, eta baita nola jokatu zuen Britainia Handiak ere», esan dute Apalauzak eta Roquek.

Stevensen hizkera hanpatua euskaraz jartzeko garaian, Irene Aldasorok euskaratutako 'Gailur ekaiztsuak'-eko tonuan eta esamoldeetan inspiratu omen dira.

Kazuo Ishiguro Japonian jaioa da, 1954an, baina bost urte zituela Ingalaterrara joan zen bizitzera familiarekin. Bertako kulturan integratu eta ingelesezko idazle handienetako bat bihurtu da.

Elkar etxeak eman du argitara liburua. Beronek eta Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak antolatu ohi dute Jokin Zaitegi Saria, Laboral Kutxa eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin. Badira urte batzuk sariaren norabidea aldatu zela eta Nobel saridunen lanak euskaratzera bideratzen dela. Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Josean Aparicio Laboral Kutxako ordezkariak esan dutenez, beren erakundeek diruz laguntzen jarraituko dute Jokin Zaitegi Saria da. Jatorrizko lanaren lezeraren arabera izan ohi da laguntza, eta kasu honetan 6.000 eurokoa izan da.

Hau hamahirugarren lana da, Nobel saridun batena, Jokin Zaitegi Sariaren bidez euskaraz argitaratzen dena. Aurrekoak Svetlana Aleksievitxen 'Gerrak ez du emakume aurpegirik' eta Mo Yan-en 'Hori da umorea, maisu!' izan ziren.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos