Urgente La carrera de Fórmula 1 con el campeonato en juego, en directo
Sarriugarte eta Redondo, Donostian I. E.

'Bihotzaren ipar aldea', Dolores Redondoren unibertsorako sarbidea

Idazle donostiarraren azken eleberria Danele Sarriugartek euskaratu du eta, aurrekoak bezala, Ereinek eman du argitara

Nerea Azurmendi

Donostia

Jueves, 12 de diciembre 2019, 11:22

'La cara norte del corazón' (Destino) argitaratu eta bi hilabetera heldu da liburu-dendetara 'Bihotzaren ipar aldea', Dolores Redondoren (Donostia, 1969) Baztango Trilogiaren aurrekari gisa aurkeztua izan den nobela. Hura osatzen duten 'Zaindari ikusezina', 'Hezurren ondarea' eta 'Ekaitzari eskaintza' bezala, Ereinek eman du argitara euskaraz. Trilogiaz kanpoko 'Hori guztia emango dizut' (2016ko Planeta saria) ere batu zuen 'Uzta gorria' sailera, eta sail horretantxe txertatu da, 23 zenbakiarekin, atzo Donostian aurkeztu zen 'Bihotzaren ipar aldea'.

Publicidad

Aurreko guztiak baino orrialde gehiago dituen nobela -768, zehazki- euskaratzeaz Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989) idazle eta itzultzailea arduratu da. Ez da aurten euskarara ekarri duen liburu bakarra; bai ordea lantsuena, abuztuan ekin baitzion itzulpenari, artean idazlea jatorrizko testuari azkeneko ukituak ematen ari zela.

«Itzultzen hasi aurretik, ez nuen liburua gaztelaniaz irakurri. Aurrekoen euskarazko itzulpenak bai, baina irakurle bat banintz bezala joan nintzen liburua deskubritzen, itzultzeko atalak jaso ahala», azaldu zuen aurkezpenean Redondoren munduan itzultzaile gisa aurreneko aldiz sartu den Danele Sarriugartek. Erronka handia izan dela onartu zuen, tamainagatik eta denbora mugatuagatik batik bat. Egin duen lan motari dagokionez, irakurleak liburuan «erraz eta gozamenez» aurrera egin dezan lortzen saiatu da. Alde horretatik, «pozik eta konforme» dago egindako lanarekin.

Aurkezpenean sortzailearen eta itzultzailearen ondoan egon zen Inazio Mujika Iraola Ereineko editorea ere pozik zegoen emaitzaren. «Liburu luzea da, letra asko dago, baina Danelek lortu du erraz irakurtzea, baita euskaraz ere. Eskutik helduta darama irakurlea azken desenlazeraino», adierazi zuen. Liburua hartzen ari den martxarekin gustura daude. Izan ere, aurkezpena egin gabe egon arren salgai izan dute 'Bihotzaren ipar aldea' Durangoko Azokan, «eta ondo hasi da saltzen».

Amaia Salazarren iragana

Dolores Redondok Ereini eskertu zion bere eleberriak euskaraz «ahalik eta azkarren» plazaratzeko egiten duen ahalegina, «gaztelaniazkoaren ondoren euskaraz, galegoz eta katalanez argitaratzeko konpromisoari» eusten baitio. Hemendik aurrera, beste 30 hizkuntza baino gehiagotara joango da, trilogiatik bakarrik bi milioi ale baino gehiago saldu dituen Dolores Redondok nahikoa izan baititu zazpi urte -lehen eleberria 2012an argitaratu zuen- nazioarteko fenomeno bilakatzeko.

Publicidad

Danele Sarriugarterentzat eta azalaren egile Cristina Fernandezentzat ere izan zituen esker oneko hitzak. «Oraingoan ere bete-betean asmatu du. Beti bilatzen du nire lanen alderdi mistikoena, azalean modurik sinpleenean islatzeko».

'Bihotzaren ipar aldea' nobelaren promozioan murgilduta bi hilabete badaramatza ere -nazioartekoari egin beharko dio aurre hurrengo hilabeteetan-, aurreneko aurkezpeneko adore berberaz mintzatu zen egilea orain arte sortu duen pertsonaia ezagunena, Amaia Salazar, hobeto ulertzeko oso lagungarria den eleberriaz.

Publicidad

Idazketa eta argitaratze datari dagokionez trilogiaren ondorengoa izan arren, hura osatzen duten liburuetan kontatzen direnak baino lehenagokoak dakartza azken nobela honek, bidaia bikoitz batean. Batetik, Salazarren nerabezaroko jazoeratara darama irakurlea eta, bestetik, 2005ean 25 urteko gazte bat zen Foruzaingoko inspektoreordearen eskutik, Katrinak suntsitutako New Orleansera.

«Estatu Batuetako hiri europarrenean» FBIko akademiak Europoleko poliziei eskaintzen dien ikastaro baten baitan, 'konpositorea' izenaz ezagutzen duten serieko hiltzaile baten kasuan hartuko du parte Salazarrek. Urteak falta dira Baztanen gertatuko diren krimenetan murgiltzeko, baina foruzain famatuenaren aurkezpentzat jo daitekeen 'prekuela' honetan hasiko da irakurlea ikusten zergatik den horren berezia. Jakingo du halaber nondik datozkion horren berezi egiten duten beldur eta oroitzapenak, «bihotzaren iparraldeko aldearen ezagutza apartekoa ematen diotenak».

Publicidad

Liburuaren kontralazetik hartua da azken esaldi hori, baina Dolores Redondoren jarrerara hurbiltzeko modua ere izan daiteke, 'ipar aldea' aukeratzea, hain zuzen, errazkerian erori beharrean bide zail eta gogorrena hautatzea baita. Horrez gain, salaketatik ere badu liburuak. Egileak eleberriaz mintzatu den bakoitzean nabarmendu azpimarratu du alderdi hori, onartzezina iruditzen zaiolako «bere burua munduko herrialde nagusitzat duten Estatu Batuek nola utzi zituzten hiltzen herritar asko Katrinaren ondoren. Herritar pobreenak, baztertuenak, han gertatu zena arrazakeriaren eta klasismoaren ondorio izan baitzen. Aspaldi nengoen hiri harekin zorretan, baina orain egin ahal izan dut bidaia».

Irakurle berriak

Dolores Redondok ipar aldea, alderik hotz eta irristakorrena, esploratzen jarraitzeko asmoa du. Bide horri eutsiko dio hurrengo liburuan, baina ez du Amaia Salazar izango bidelagun, atseden eman baitio bolada baterako. Liburu baten promozioari ekiten dioean hasten omen da hurrengoa idazten, «nora itzuli edukitzeko». Orain esku artean duena pare bat urte barru ekarriko du, aurreikuspenak betetzen badira.

Publicidad

Gauzak asko aldatzen ez badira, hura ere iritsiko da euskaraz, gaztelaniaz argitaratu eta gutxira. Momentuz, erantzun ona ari dira jasotzen itzulpenak irakurleen aldetik. Inazio Mujikak azaldu zuenez, mesede handia egiten diete euskarazko liburuei gaztelaniazkoek lortzen duten sonak eta hedapen handiak, eta badira «denak euskaraz irakurtzen ari direnak, edo gaztelaniaz hasi eta euskaraz jarraitu dutenak». Argitaletxean ikusi dute batetik bestera gora egiten dutela salmentek. 'Bihotzaren ipar aldea', gainera, oso interesgarria izan daiteke alde horretatik, Redondok esan zuen bezala «Baztango trilogiarako atea» delako, bere unibertsorako sarbide egokia. Hori dela eta, «irakurle berriak egingo ditu» liburu honek, editorearen ustez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad