Beatrizek fusila eta bisturia hartu zituen
Aurtengo ekainaren azken larunbatean hitz egin genuen paperezko periodikuan Beatriz Yarza Beitia mediku eta gerrillariaz. Baita maiatzean atera zuen 'Guerrillas para la vida' liburuaz ere. Badu, baina, horrenbeste kontatzeko Beatrizek. Badu , baina, horren hitz-jario sutsu eta alaia. Bazen, baina, horren ederra gure solasaldiaren paisaia, Oñatiko plaza monumentala, are monumentalagoa den harrizko hormak izaki fantastikoez landuak dituen unibertsitatea, hots. Bazen, baina, horren gozoa bertako Zahor txokolatearen usaina. Bazegoen , baina, horren presente Araotz auzoan jaiotako Lope de Agirreren espiritua ezen, ezen, ezen, digitalean ere arituko baikara oraindik, amore eman barik, hainbat borrokatan irmo irauten duen andere honetaz. Eta baita bere liburuaz ere.
El Salvadorren egin zuen borroka. Bai frontean bai oihanean inprobisaturiko ebakuntza-gelatan. Sinatu ziren Bake Akordioetako lekukoa izan zen eta geroxeago sortuko ziren gobernu berri eta itxaropentsu horietan hartu zuen parte, aholkulari edo ekintzaile moduan.
Askotan bezala, porrot egin zuten libertatearen ametsak eta egun, Trump, Bolsonaro, Ortega-Murillo, Orban, Lukashenko eta antzekoek osatzen duten Gaitzaren Ardatzaren puntakoa den Nayid Bukelek agintzen du lur hartan.
Kezkatua dago Beatriz gerrilla eta gobernu garaietan ezagutu zuen horrenbeste jendearen egoera latzaz. Desterruan ditu kide makina bat. Atxilo hartu dute, etsenplu Ruth Lopez abokatu braboa, biktimen alde lan itzela egiten duen Cristosal erakundearen kide. Atxilo ere Atilio Montalvo, Frente Farabundo Martí de Liberacion Nacionaleko partaide ohia, horren dir-dir polita egin zuten Bake Akordio haietan negoziatu zituen gerlaria. Ospitalean izan behar du Atiliok bihotzekoak jo berri izan diolako. Leporatzen diote Montalvo gerrillari ohiari ekintza terrorista hainbat prestatzen izatea eta uko egiten dizkiote bere osasun eskubideak…
Horren guztiari berri ematen dio Beatrizi erbestetik lan egiten duten kazetariek aurrera ateratako El Faro izeneko berripapera digitalak. Bertan arakatuz gero, Sin cuerpo no hay delito izenburuko hiru bideo aurkituko dituzue. Hortxe, Erdialdeko Amerika terrorean murgildu duten mara izena duten lagun-taldeetako bi kidek, Charly eta Liro, ahoan bilorik gabe kontatzen dute errealitate basa, nahi zuen Bukelek presidente izan. Horretarako, diktadore guztiek nahi duten gehiengo erabatekoa behar zuen bereganatu. Nola?, ba ofizialki desegiten saiatzen ari zen mara horiekin itun sekretua burutuz: erabil zezaten beharrezko zuten adina indarkeria. Kezkarik gabe, hildakoen gorpuak ez baziren aurkitzen, inork ezingo lioke inori deliturik leporatzea…
Kezkatua da oso Beatriz mediku gerrillaria. Nayid Bukele presidenteak gobernuz kanpoko erakunde guztiak agente atzerritarrak direla deklaratu du eta egiten duten lana, auskalo zein gobernu etsairen esku-hartze/injerentzia politikotzat jo du publikoki. Ondorioz, debeku jarri beharrean, zera erabaki du, jasotzen eta banatzen duten laguntza guztiaren %30 kobratuko du bere gobernuak. GKE horiek ez daude prest munduko hainbat eta hainbat jende eta elkarte solidarioek emandako dirua eta beste motako emariak agintarien esku zikinetan erortzea beraz, denek (EUSKAL Fondoak barne) bertan behera utzi izan dute El Salvadorrera joan behar zuen laguntza. Kaltetuak zeintzuk? Betikoak, egoera larrian bizirauten duten herrikideak.
Horretaz guztiaz mintzatu ginen Beatrizekin Oñatiko plazan. Mintzo ere El Salvadorreko oihanean, armadaren abiazioa zure gainean erasoan zela, egin beharreko ebatekez eta sendaketez. Valladoliden ikasi zuen berak Medikuntza ea Amberesen gaisotasun tropikaletan espezializatu. Sekula ez zituen gogoko izan kirurgia ikasketak baina El Salvadorren muturreko baldintzetan egin behar zituen ziento bat ebaketa. Eta ez beti tresna egokiekin. Mediku ikaragarria bilakatu zen Beatriz El Salvadorren, egun 93 urte dituen arren oraindik Senegalen medikuak trebatzen dituen 'Franco' izengoitiaz gerrillan ezaguna egin zen zirujau italiarrarekin.
Hasiera batean, oihanean bizitzak salbatzea zuten helburu bakarra hantxe jarduten zuten medikuek. Denbora pasa ahala, bestelako erabaki handiagoa hartu zuten: bizitza salbatu, nola ez baina ahalik eta alboko kalte gutxienekin. Zergatik? Justiziak, Libertateak, Herriak, Gerrillak soldaduak behar dituelako. Eta hankamotz, besomotz geratzen den gerrillariak ezin du fusila berriro hartu. Egun ere, harro esaten du Beatrizek (akunputura ikasi zuen Nikaraguan eta ikasitakoa aplikatuz, hemen ere konortea galduta zuten hainbat lagun bere onera ekarri izan du…) gerrillako medikuek Hospital Miitarrekoek baino bizitza gehiago salbatu zituztela. Eta gerrillari gehiago soldadu baino bueltatu ziren frontera, ekintzetara, Beatrizek eta besteek operatuak izan eta gero…
Aurrera dihardu borrokan bertako eta urruneko basakeria guztien kontra aldakatik operatu berri duten Beatriz oñatiarrak. Bere Guerrillas para la vida-ren bigarren edizioa laster kaleratuko du Txalapartak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.