'Auschwitzeko tatuatzailea', milioika irakurle liluratu dituen amodiozko historia

'Auschwitzeko tatuatzailea', milioika irakurle liluratu dituen amodiozko historia

Ingelesez argitaratu eta urte eta erdira, Heather Morrisen eleberria euskarara ekarri du Alberdaniak, Miel Anjel Elustondoren eskutik

N. AZURMENDI

2018ko libururik salduenetakoa izan zen herrialde askotan Heather Morrisen 'The Tattooist of Auschwitz'. Euskarazko bertsioa -Miel Anjel Elustondok itzulitako 'Auschwitzeko tatuatzailea'- argitaratu duen Alberdaniak zabaldu duen informazioaren arabera, 44 herrialdetako bi milioitik gora irakurle txunditu ditu Lale eta Gita Solokoven arteko egiazko amodiozko istorioan oinarritutako eleberria.

Argitalpen honekin beste urrats bat egin du Alberdaniak Shoah edo Holokaustoaren inguruko liburuak euskarara ekartzeko bidean. Izan ere, argitaratuak ditu aurretik Irène Némirovskyren 'Suite frantsesa', Primo Leviren 'Hau gizon bat bada' eta John Boyneren 'Pijama marradunaz jantzitako mutikoa'. Ildo horretan koka badaiteke ere, 'Auschwitzeko tatuatzailea' berezia da, hainbat arrazoi tarteko.

Batetik, Heather Morris zeelandaberriarra ez da idazlea, aurretik gidoiren batzuk-eta eginak zituen Melbourneko (Australia) ospital bateko langilea baizik. Bestetik, egileak berak liburuari atariko gisa jarritako oharrean dioen bezala fikzio lan bat izan arren, benetako gertakarietan dago oinarritua; alde horretatik sortu dira ahots kritikoren batzuk, zenbait daturen zuzentasuna zalantzan jartzen dutenak. Hirugarrenik, urteak eman zituen lozorroan egileak filme bat egiteko irudikatu zuen historiak, argitara irten eta sekulako arrakasta lortu arte. Euskarazko bertsioari dagokionez, esan behar da gutxitan ikusi dela itzultzaile bat Elustondo bezain hunkituta euskaratu duen liburuaz aritzean, enkargua jaso aurretik barne-barneraino iritsi zitzaion bisita egin berria baitzen Auschwitzera.

Urte asko isilik

'Auschwitzeko tatuatzailea'-k 1916an Eslovakian Ludwig Eisenberg izenarekin jaiotako gizonezkoaren eta herrialde berean 1925ean sortutako Gisela Furhamannova emakumearen arteko amodiozko istorio zirraragarria kontatzen du, Lale eta Gitarena. Biak ziren juduak, eta nazien sarraski-eremu handiena osatu zuten Auschwitz eta Birkenau kontzentrazio-esparruetan sortu zen haien arteko harremana.

Lale Auschwitzeko tatuatzailea zen. Iritsi berriei izenaren ordez ematen zieten zenbakia tatuatzen zien besoan. Horrela ezagutu zuen Gita, eta ikusi orduko maitemindu zen artean izenik ez zeukan neskarekin. Handik aurrera saiatu zen Gita babesten, ez zezan amore eman. Azkenean, ordurako Solokov bilakatuta kontrentzazio-eremutik irtendakoan aurkitu zuten sobietarren menpeko Txekoslovakian errazago integratzeko, elkartu ziren Lale eta Gita, ezkondu ziren eta bizitza luze eta lasaia izan zuten Australian. Gita 2003an hil zen, eta Lale 2006an. Gari izena jarri zioten seme bat izan zuten 1961ean.

Lale Solokovek urteak eta urteak eman zituen Auschwitzeko kontuak inori kontatu gabe. Besteak beste, beldur zelako, ez zuelako nahi inork pentsatzea haientzat lan egiteagatik nazien kolaboratzaile izandakoa zenik. Gita hildakoan, ordea, alde batera utzi zituen erreparoak, eta apurka urte haietako oroitzapenak partekatzen joan zen Morrisekin.

Editoreak eta itzultzaileak nabarmendu duten moduan, liburua baliotsua da kontatzen duenagatik, baina baliotsua da halaber Heather Morrisen «idazkera eraginkorragatik». «Hizkera zuzena, baina era berean aberatsa; bizkorra, baina ez sotiltasun gabea; zorrotza, baina eztia izaten ere badakiena», esan du Elustondok, azalduz beste horrenbeste egiten saiatu dela «irakurle mota guztientzako egokia» den liburua euskarara ekartzeko orduan.

Temas

Euskera