Eta arrotza zu zeu bazina?

Ezkerretik eskuinera, Xabier Mendiguren, Xabier Etxeberria eta Eneritz Basurko. /
Ezkerretik eskuinera, Xabier Mendiguren, Xabier Etxeberria eta Eneritz Basurko.

Augustin Zubikarai bekaren laguntzaz idatzi duen 'Berriro itzuliko balitz' «nobela beltz eta odoltsua» aurkeztu du Xabier Etxeberria idazle zarauztarrak

N. AZURMENDI

«Gai sakonak tratatzen dituen nobela beltz eta odoltsua». Beste ezertan hasi aurretik, horrela definitu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak Xabier Etxeberria Garro (Zarautz, 1974) idazlearen 'Berriro itzuliko balitz' eleberria. Maiz Martin anaia bikiarekin batera idazten badu ere -haur eta gazteentzako lan ugariez gain, helduentzako lau eleberri dituzte lau eskutara idatziak-, ari da hazten Xabier Etxeberriaren bakarkako obra ('Winston' aurkeztu berria duen Martin Etxeberriarena ere bai, poesiaren bidetik). 'Berriro itzuli balitz', hain zuzen, laugarren eleberria du, 'Egun denak ez dira berdin' (2001), 'Udazkeneko lorea' (2012) eta 'Eman amore'-ren (2015) ondotik.

Iaz Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria irabazi zuen Xabier Etxeberriak. Ia urtebete izan du beka horren laguntzaz Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek berak osatutako epaimahaiak hautatutako proiektua gauzatzeko. Emaitza ostegun honetan aurkeztu du Donostian, Xabier Mendiguren eta Ondarroakoako Udaleko alkateorde Eneritz Basurko ondoan zituela.

Izenburua «Berriro itzuliko balitz iragan denbora arrotza...» hitzekin hasten den Xabier Leteren habaneratik hartua bada ere, eleberriaren ideia Etxeberriak paper eta koadernoetan apuntatu ohi dituen hitz-joko horietako batetik dator, existitzen ez den hitz batetik: 'harro' eta 'hotz' elkartzean sortzen den 'harrotz'-etik, alegia. Arrotza izeateari buruz idatzi nahi zuen, baina ez besteen 'arroztasunari' buruz, arrotza norbera denean gertatzen denari buruz baizik. Irakurlea sentiarazi nahi zuen arrotz, protagonistaren esperientzaren bidez. Eta arrotza zu zeu bazina? galdetu nahi dio.

Bigarren gurari literario bat ere bazuen. Istorioa kokatu nahi zuen mundu txiki eta itxi batean. Eta zer horretarako uharte txiki bat baino aproposagorik? Uharte bat asmatu zuen, Heinsborg, eta asmatu beharrik ez duen herrialde batean kokatu zuen, Danimarkan. Ez nobela poliziako eskandinaviar kutsua emateko, baizik eta irakurri zuelako, izututa, Danimarka ari dela bihurtzen Europako herrialderik arrazistena, eta hori ere baliatu nahi zuelako.

Bi pertsonaia

Uharte horretara bidaltzen du Karlos Jaso jazz musikari iruindarra. Ez berak nahi duelako, kinka oso gogorrean dagoelako baizik. Emaztea hil egin zaio, eta Maddi alaba txikiarekin utzi du, bakarrik. Uharte txiki horretan bizi da emazte zenaren familia, eta haren arrimura bildu da, han hasi da lanean, alaba bertan aurrera ateratzeko asmoarekin. Egoera horretan, jakina, egokitzapena ez da gozoa izango.

Aita-alabak ez dira uhartera helduko diren arrotz bakarrak. Desagertutako alabaren bila dabilen Ebbe izeneko emakume batek ere hartuko du Heinsborgerako ferrya. «Apartekoak ematen duten bi istorio»-rekin abiatzen du liburua, baina «ikusten dituzu hodeiak pilatzen, eta ekaitza iristen da». Ekaitz trumoitsu eta odoltsua. Bi pertsonaia nagusien kasuan aitatasuna eta amatasuna garrantzi handiko zirkunstantzia izatea eleberriaren funtsaren zati da, hiru alabaren aita den Xabier Etxeberriak «aita izatearen eta ama izatearen gaia» oso presente duelako.

Laugarren eleberri honetan umoreak aurrekoetan baino tarte txikiagoa du, «istorioak hala eskatzen duelako». Pertsonaia nagusitzat jo daitekeen Karlos Jaso ere berria da. Irakurkeek ez dute ezagutzen, berak ez du pista askorik ematen pentsatzen duenari buruz, urrutiko agertzen da. Saiatu da Xabier Etxeberria «estilo sinpleagoan idazten» eta lehentasuna ematen egiturari, «kapituluen montajeari, ikuspegi zinematografikotik». Umoreak galdu duen tartea, hortaz, ezusteak irabazi du, behin baino gehiagotan bihurritzen baitu argumentua, irakurlearen susmoak bertan behera utzita. «Gauza bat dela uste duzu, eta beste zerbait bilakatzen da». Ikusten dituzu hodeiak pilatzen eta hurbiltzen, baina ez duzu asmatuko nondik ailegatuko den ekaitza...

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos