Borrar
Iñaki Irazu, atzo Donostian, plazaratu duen aurreneko liburuaren ale bat eskuetan duela. IÑIGO SÁNCHEZ
Aspaldi-aspaldiko poeta baten lehenengo liburua

Aspaldi-aspaldiko poeta baten lehenengo liburua

Iñaki Irazuk bizi guztia darama poemak idazten eta Jabier Muguruzak 35 testu musikatu dizkio, baina orain estreinatu da mundu editorialean

felix ibargutxi

Miércoles, 18 de abril 2018, 09:40

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iñaki Irazu Garmendia (Asteasu, 1954) hemezortzi urte zituela hasi zen poemak idazten. Oraintxe publikatu du bere lehenbiziko liburua, 'Errukiaren saria', baina 27 urte dira Jabier Muguruza kantaria gizon honen letrak musika-tzen hasi zela, Les Mécaniciens taldean ari zela. Alegia. Guztira 35 letra musikatu dizkio. «Gezurra badirudi ere, hauxe da Iñaki Irazuren lehenbiziko liburua», adierazi du aurkezpen-ekitaldian Erein etxeko editore Inazio Mujika Iraolak.

Editoreak gogorarazi du 'Errukiaren saria' izenburuak baduela azpititulu bat –'Eta beste kronika batzuk'–, eta hain zuzen ere kronika-tzat har daitezkeela olerkiok. «Egunerokotasunaren poeta da Iñaki. Detaile batetik abiatzen da eta beti istorio bat kontatzen du. Azaltzen dira gorabehera politikoak ere, hala nola 1936ko gerra eta tortura; baita immigranteak eta emakumeak ere... Tonu apala darabil, sentsibilitate handikoa da eta hunkitu egiten du. Hori da gehien estimatzen diodana», adierazi du Mujika Iraolak.

Urte askotako poemak ekarri ditu bilduma honetara. Lehenengo partekoak –'Errukiaren saria' kapitulukoak– azken urteotakoak omen dira. Baina, aurkezpenean adierazi duenez, inportanteago da jakitea «zein sukaldetakoa den poema bakoitza». Olerki batzuk Asteasuko sukaldea edo giroa dute oinarrian, beste batzuek Andoainen dituzte erroak, beste askok Bilbon... «Ni bat nator Azorinek behin Barojataz esan zuen harekin: 'Pio Baroja gauzen ondoan bizi da eta egoten da, eta handik idazten du'. Nire poema hauek kronika dira, eta harreman zuzen batetik sortuak dira, lekuko izate batetik sortuak», adierazi du poetak.

«Paisaia bat eraikitzea» omen da poemaren helburuetako bat. «Anaia zaharrak [Bernardo Atxagak] Obabako paisaia eraiki zuen bezala, nik eszenario batzuk sortu nahi izan ditut. Liburu dibertidoa da, eta ez dut esan nahi barre egitekoa denik, baizik eta, hitz horren zentzu zaharrera joz, askotarikoa dela, pertsonaia asko dituela».

Nolatan ez du gaur arte libururik publikatu? «Ez nuen behartu nahi. Ez nuen heldua ikusten, ez edukia, ez neure burua». Baina orain pozik dago: «Esperientzia oso ona izan da. Gauzak, beti, harreman baten ondorio dira. Liburua ez zen hemen egongo Inazio editorea tartean izan ez balitz, eta Jabier Muguruzak testuak eskatu ez balizkit, eskatu eta eskertu. Jabierrek espektatibak sortzen zizkidan». Bereziki gustukoa du Muguruzak 'Urtain' poema nola musikatu zuen.

Eta, estiloaz, beste hitz hauek esan ditu: «Nire kezka hau da: entendituko al da istorioa? Testuak korritzen al du? Niri distira ez zait interesatzen».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios