Art Book-ak dira gure dekoratua
Asteazkenean estreinatuko da Donostiako Beldurrezko Astean, euskaraz bikain bikoiztua, Alberto Vazquezen 'Dekoratua' film animaziozkoa. Izango dugu beta ehunka sortzaile primerakok eraikitako pelikula honetaz mintzatzeko. Izango dugu aukera aurrerantzean euskarara eta euskal aktoreen ahotsetara ekarri duten Aintzane Gamiz eta Marga Altolaguirre bikoizketa zuzendari biekin patxadaz hitz egiteko. Orain, Bilboko Astiberri argitaletxea arras famatu, preziatu eta estimatuak kaleratu berri duen filmaren gaineko Art Booka zuenganatu nahi dut.
Publicidad
Art Booka zer den ederki dakizue. Arte liburua. Zabala da adiera. Hondorik gabea kontzeptua. Bada artista askok euren burua, euren sorkuntzarako grina, pasioa, jite, sena azaltzeko erabiltzen duten tresna, baliabidea, bitartekoa, arma ere. Badira kalitate goreneko paperezko orrialdetan zinema zale/jaleok maite izan ditugun pelikulak betirako harrapatzen dituzten artefaktuak. Artefaktu ederrak, desiragarriak, gure etxeko liburutegiko apal dotorenean jartzeko moduko artefaktuak, ikusiko dituztenak zur eta lur utziko dituztenak. Sonatu eta aipatuak izan ziren eta dira oso Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza' eta 'Ainhoa' filmen ondasun grafiko guztiak jasotzen zituzten bi liburukoteak. Elkarrek kaleratu zituen eta, jakina, liburu-dendetan saldu ziren. Baita museoetan ere. San Telmon, esaterako. Are famatuagoa suertatu zen Ikusgarri Filmsek, Bainet Komunikazioak eta Elkarrek sortutako Paul Urkijoren 'Irati'-ren kasik sekretu guztiak kontatzen zituena.
Euskal film kasik goreneko horiez gain, zaila da oso Coppolaren 'Dracula' edo 'Star Wars'-eko arte liburu apartak ahaztea. Ezinezkoa ia anime film markaz kanpoko kolore biziak eta marrazki azkarrak biltzen dituztenak etxeko txoko ilun batean gordetzea.
Gaur erakusleiho guztietan eta plataforma orotan dagoena Alberto Vazquezena da. Apartekoa da Galizian jaiotako artista grafiko honen unibertsoa. Gainbegirada batean, tolesgabeak dirudite bere pertsonaiek, lañoak. Pelutxezko hartzatxoak, sagutxo inozoak, baina derrepentean bizi diren mundua ilundu egiten da, soldadu ankerrak bilakatzen dira panpinatxo horiek eta sutan den basoan adarbakar lirain-ederrak sarraskitu egiten dituzte. Hori gertatzen da 'Unicorn Wars' izenburuko proposamen berean, zeina Astiberrik ere Art Book gisan jarri baitzuen plazan. Egunotako 'Dekoratua'-n, berriz, hasieran zoriontsu ematen duten sagu bikote baten bizitzaren miseria gureganatzen du Bilboko Uniko ekoiztexeak aurrera aterako lan sekulako honetan. Badira Arnold eta Maria mundu osoa gobernatzen duen ALMA ( Almighty Limitless Megacorporative Agency/ Mugarik ez duen Agentzia Mega korporatiboa Guztiz Ahalduna, alegia) enpresaren zerbitzari, morroi, esklaboak (eurak ohartzen ez badira ere). Are izuzkoagoa da errealitatea: beste terrorezko artelan askotan nola, zapaltzen dituzten kaleak, etxe dituzten eraikinak, egiten dituzten ametsak dekoratu hutsak dira…
Tintazko usain gozoa dario 'Decorado' arte liburuari. Bere orrialdetan, marrazkigintzaren prozesu osoa zabaltzen da gure begi aurrean, hasierako zirriborroetatik zeluloidean agertuko diren irudietaraino. Azaltzen zaizkigu pelikula bat osatzeko ezinbestekoak diren departamentu guztien dudak et ausardiak. Gogoratzen digute Joseba Beristainek sortu duela jazzaz zipriztindu soinu banda….
Publicidad
Azken ohar/abisua; zinema artea badela ederki dakigu, liburuak arte-objektuak direla nork ukatuko? Baina sekula pentsatu al duzue garagardoa ere egiteko maisu/maistra/tasuna behar denik? Basqueland zerbezagileek bat egin dute 'Dekoratua' sortu dutenekin eta asteazkenean ezagutzera emango dute garagardo berezi baten edizio mugatua… Eta ez da atrezzoko kontua, edaterik izango dugu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión