«Arabako kronika mundutarrak» bildu ditu Edu Zelaietak

Edu Zelaieta, artxiboko argazkian./
Edu Zelaieta, artxiboko argazkian.

Idatzi dituen zutabe ugarietatik 50 berreskuratu, moldatu eta argitaratu ditu 'Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak' liburuan

N. AZURMENDI

Askok Nafarroarekin lotzen badute ere, arabarra da Edu Zelaieta. Gasteizen jaio zen 1973an, Salburua auzoan bizi da, Olarizura begira, eta Gasteizen kokatutako EHUren Hezkuntza eta Kirol Fakultatean irakasle da. Poeta gisa da ezaguna -lau liburu argitaratu ditu 2002 eta 2016 urteen artean-, eta Mugaldekoak taldearekin kaleratu dituen hiru diskoen kontura ere bai, nahiz eta ibilia den haur eta gazte literaturan, eta itzulpengintzan ere bai.

Pamiela etxearen eskutik argitaratu duen 'Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak' liburuak beste erregistro batean aurkezten du Zelaieta literaturari dagokionez, bere arabartasuna erabat berresten duen bitartean. Aldarrikatu ere egiten dute testuek arabar -eta horrenbestez, askotan ahaztu- izate hori.

Edu Zelaietak, ehunka zutabe argitaratu ditu azken urteetan Berria egunkariaren baitako Arabako Hitzan eta Argia aldizkarian, eta horietako batzuk aukeratuz eta egokituz osatu du liburua ostegun honetan Donostian aurkeztu duen liburua. «Babazorroen kronika» horietatik 65 aukeratu zituen aurrena, eta berak egindako hautaketa Irlandan bizi den adiskide baten «kanpoko begiradaren» galbahetik igaro ondoren, 50 piezatan gelditu zen azken kopurua. Alfabetikoki ordenatuta eman ditu, denak tamaina bertsuan, eta liburua ixten du Karmele Jaiori eskatu zion hitzatzeak.

Bi helburu nagusirekin osatu du liburua, «plazer estetikoagatik, kazetaritza girotik baldin badute ere literatur kodean irakurtzeko eginak direlako, eta gogoeta egiteko». Oso 'arabarrak' dira testuak, nolabait esateko, baina «denok funtsean igualtsuak» garenez, hurbileko inguruari erreparatzeak ez du esan nahi unibertsalak ez direnik. Badira, halaber, edonor edonon kezkatzen duten gai orokorrak, hala nola aitatasuna edo inmigrazioa. Horregatik du izenburu nagusia, hain zuzen, 'Mundutik mundua', munduaz ari delako, eta munduan idatzi dituelako bere «Arabako kronika mundutarrak».

Temas

Euskera