

Secciones
Servicios
Destacamos
Elkarrizketa, hitzaldi edo bileren pasarteak; elkarbanatutako uneak eta hausnarketak; trukatutako ideiak eta askoz gehiago ditu Jule Goikoetxea filosofo, idazle, irakasle eta aktibista feministaren azken liburuak, 'Politeismo bastarta' (Susa). Egileak jardun bezainbeste ardatz ditu liburuak izaeratik hasita, egiturara jarraituta, baita aurkezten dituen pertsonaia eta ideia aldetik ere. Hori bai, Leire Lopez Ziluaga editoreak argitu bezala, «umoreak kontakizun guztia» zeharkatzen duenez testua «txorrotada handi» bat bezala irakurtzen da. «Nahaspila eta anizkoitasun» horren adierazle dela azaldu zuten biek Laura Estevek egindako azala.
Liburuaren oinarria, 'Lau egun Angela Davisekin' azpitituluak aurreratu bezala, Bartzelonako Fira Literal azokan Bartzelonan Angela Davis ekintzaile feminista estatubatuarrarekin igarotako lau egunak dira, «politikaz eta feminismoaz» pentsatzeko eskusa, «patriarkatuak, kapitalismoak, kolonialismoak gure egunerokotasuna nola baldintzatzen duten aztertzeko».. Maiatzaren 24tik 27ra izan zen eta bertan Goikoetxeak «bizkartzain» bezala, «literarala ez metaforikoa» bizitakoek, hitz egindakoek, sentitutakoek eta partekatutakoek jasotzeko bulkadak eraman zuen liburua idaztera. Horregatik da sailkatzeko lan zaila. «Ez da kronika hutsa, nahiz eta gertatutakoa jasotzen den; ez da saiakera, nahiz eta nire pentsamenduak jasotzen diren», aurreratu zuen egileak.
Egilea: Jule Goikoetxea.
Argitaletxea: Susa.
Estiloa: Saiakera.
Orrialdeak: 154.
Prezioa: 17 euro.
Ildo horretan, Susako editoreak nabarmendu zuen lana «politeista» denez, «forman ere» hala izan behar zuela. Genero aldetik «mugak zehaztea zaila» bada ere, Lopez Ziluagak nobelan kokatu zuen -bat azaldu zen Goikoetxea- «hibridotasun» hori, «gainerako generoen ezaugarriak barnebiltzeko malgutasun gehien» garatu duena delako. «Alde horretatik, nobela dei diezaiokegu, baina ez da ohikoa nobela. Badu kronikatik, saiakeratik eta azken orrialdeetan poesiara ere hurbiltzen da», xehatu zuen.
Kontakizuna egun bakoitzeko atal batean egituratuta aurkituko du irakurleak, larunbatetik asteartera. Lehenean Sara Ahmed filosofoaren hitzaldian oinarrituta, identitate politikak versus politika materialak dikotomiaren kritika jorratu du Goikoetxeak. Bigarren egunean kolonialismo ilustratuaren kontrako kritika egin du, Vandiana Shiva ekofeminismoaren ikono eta idazle indiarrak Firan emandako hitzaldian azken 500 urteak laburbildu zituela aprobetxatuz. Hirugarrenean Pompeu Fabra Unibertsitateak Davisi honoris causa titulua eman zionekoa eta Generalitatarekin, presidente eta ministroekin, izandako bilera jasotzen da. Azkenean, «ingelesei, europarrei eta estatu feministari buruzko txisteak» jaso ditu.
Lopez Ziluagak, hori bai, argi utzi zuen ez dela «sinple azaltzeko» lana eta lau eguneko kontakizuna baino askoz gehiago dela. «Nabarmendu nahiko nuke ez dela 'lau egun pintoresko Angela Davis' edo 'lau egun gogoangarri pertsona famatu batekin' formako liburua. Zerbait izatekotan 'lau egun Jule Goikoetxearen buruan Angela Davisen bizkartzain lanetan dabilen bitartean' motako liburua. Graziosoa da baina literala da. Horixe da irakurriko duguna, buru jakin batetik pasatzen diren edo pasa daitezkeen pentsamenduen destilatze bat. Denak errealak? Abisu honekin hasten da: 'egitate erreal eta irrealetan oinarritua, merkatu askea eta kontratu soziala bezala'».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.