«Ahoak» unibertsoaren sormen-prozesua jasotzen duen liburua
'Hondar ahotik' 'Zeru ahora' igaro diren bost urteetan protagonistari zer gertatu zaion erakusten duen komikia ere barneratzen du
Euskal fikzioan telesailak berreskuratzea ikusleak aspaldian aldarrikatu zuten. Edota hori zen esaten zena. Erantzunetako bat, batzuetan, hain zuzen ikusle falta edo emaitza posibleen beldurra -audientziak, inbertsioa...- izan ziren. Eztabaida sakonagoa da eta asko emango lukeen arren, albistea bestelakoa da orain. Hain zuzen, Koldo Almandoz sortzaileek ondutako bi ikus-entzunezkori lotua, 'Hondar ahoak' eta 'Zeru ahoak' minisailen sorkuntza prozesuaren inguruan hitz egiten duen 'Hondar ahotik zeru ahora' (Farmazia Beltza) liburua kaleratu baitu.
'Hondar Ahotik Zeru Ahora'
-
Egilea: Koldo Almandoz.
-
Argitaletxea: Farmazia Beltza.
-
Orrialdeak: 176.
-
Prezioa: 20 euro.
Bi lanen aurkezpeneko agerraldietan hainbatetan azpimarratu zuen Almandozek lana kolektiboa zela. Bai gidoia egiterakoan -bidaide izan du Harkaitz Cano- zein ostean berau grabatu eta pantailara eramaterakoan. Kontatu zuenez, ez ziren gutxi izan bigarren minisailean Nagore Aranburuk egindako ekarpenak. Horiek jaso eta zukurik gehien ateratzea omen zen bere jarduna.
Orain, bere ikuspegia baina baita lantalde tekniko eta artistikoko partaide ugarirena jasotzen du 'Hondar ahotik zeru ahora' lanak. Liburuak garrantzi berezia ematen dio gainera eduki grafikoari. Argazkiak (seriearenak eta kamera atzekoak), gidoi laginak, story board-ak, partiturak, kartelak, disko azalak… Seriea nork eta nola gauzatu den ezagutzeko aukera paregabea da.
Horretaz gain, eta liburuaren beste berezitasun nabarmen gisa, 'Hondar ahotik' 'Zeru ahora' igaro diren bost urteetan protagonistari zer gertatu zaion erakusten duen komikia ere barneratzen du. Eduki esklusibo honek klabe berriak ematen dizkio «Ahoak» unibertsoko jarraitzaileari.
Garabi filmsek eta Txintxua filmsek, EITBren partaidetzarekin eginiko miniseriearen osagarri ederra, Farmazia Beltzak editatua, ohi duen estilo eta elegantziaz.