EIZIEk sarean ipini du Shakespeareren 'Udagau bateko ametsa'

EIZIEk sarean ipini du Shakespeareren 'Udagau bateko ametsa'

Juan Garziak egindako itzulpena da, Donostia 2016rako ekarpen gisa

FELIX IBARGUTXIdonostia

Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, William Shakespeareren A Midsummer Nights Dream komediaren euskarazko itzulpen bat jarri du gaur sarean EIZIEk, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak. Hala eman zaio buru Donostia 2016k eta EIZIEk komedia horren inguruan antolatutako Shakespeareren Ametsa biziarazten programari.

Juan Garzia Garmendia da itzulpenaren egilea, bera aukeratu baitzuen Donostia 2016k lan hori egiteko. Itzulpena eta itzultze-prozesua bera gizarteratzeko, berriz, programa bat egin zuten Donostia 2016k eta EIZIEk, jendaurreko zenbait ekitaldik osatua. Udagau bateko ametsa'-ren argitalpen digital hau da, hain zuzen, programari buru ematen dion jarduera.

Ez da Shakespeareren obra horren itzulpen bakarra. Aurrez, beste bi itzultzailek emana zuten euskaraz, Bingen Ametzagak eta Bedita Larrakoetxeak, joan den mendearen erdialdean. 2014ko azaroaren 20an izan zen aukera Ametzaga eta Larrakoetxearen itzulpenen berri izateko, Shakespeareren hiru Amets izeneko ekitaldian.

Ametzagak eta Larrakoetxeak prosaz eman zituzten beren bertsioak, nahiz eta Shakespearek hitz neurtuetan idatzi komediaren parte asko eta asko, eta hitz neurtuetako gehienetan errima erabiliz gainera. «Hain zuzen ere, esan daiteke obra hau dela, proportzioz, Shakespeareren lanen artean, bertso-lerro gehien duena adierazi du EIZIEk. Eta desafio horri heldu nahi izan dio Juan Garziak bere itzulpenean: jatorrizkoan hitz neurtuetan dauden pasarteak hitz neurtuetan eman ditu berak, eta errima erabili du, gainera, autoreak errima erabili duen kasuetan ere. Horretarako, jakina, euskal tradizioko neurri eta moduez baliatu da, eta ingeleseko 10-11 silabako bertso-lerroen ordez 15 silabakoak edota 18koak erabili ditu. Lehen neurria, Etxeparek berak gehien erabili zuen bertsokera da, 8/7 ataletan banatua, eta harrezkero beste idazle batzuek eta hainbat herri-kantak ere erabili dutena; bigarrena, berriz, 10/8 silabatan banatua, zortziko nagusiarena